• Jasangarritasunaren arloan lehiakortasuna hobetzeko aurrerapenak sustatuko ditu
HAZI Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin eta Markina-Xemeingo Udalarekin (Bizkaia) elkarlanean, Esneki Zentroa proiektua jarri du martxan. Euskadiko esne-zentroa izango da, esne-ustiategi txikiei eta ertainei babesa emango diena. Horretarako, sektorearen modernizazioa, jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatuko ditu.
Sektorearen etengabeko hobekuntza du helburu Esneki Zentroa proiektuak, eta aholkularitza eskainiko du berrikuntzari, digitalizazioari, etengabeko prestakuntzari eta ezagutzaren transferentziari buruz. Zentroa erreferentea izango da, ekoizleek beharrezko babesa topa dezaten hazten, merkatuaren eskari berrietara egokitzen eta haien ustiategien jasangarritasuna ziurtatzen jarraitzeko.
Halaber, jarduera ekonomikoa sortzen eta eskualdera talentua erakartzen lagunduko du zentro honek. Izan ere, enplegu kualifikatua eta kalitatezkoa sortuko dela aurreikusten da.
Zentroa Markina-Xemeinen egongo da kokatuta, Lea Artibai Ikastetxeko laborategien eraikinaren alboko lursailean. Laster argitaratuko da eraikina egiteko proposamen arkitektonikoa aukeratzeko proiektu-lehiaketaren oinarri administratiboak jasotzen dituen dokumentua.
Markina-Xemeingo Udala tokiko garapenaz, landa-garapenaz eta esne-sektorearen babesaz arduratzen da. Hori dela eta, lursaila laga dio HAZIri, aipatutako proiektua garatzeko. Esne-ekoizleentzako elkargune bat eta babesgune bat sortzea du helburu proiektuak, eta egungo erronkei (esaterako, digitalizazioa, berrikuntza eta teknologia berriak) aurre egiteko tresnak eta ezagutzak eskaintzea.
Ohiko jardueraz gain -aholkularitza espezializatua, ikerketa, prestakuntza, ezagutzaren transferentzia...-, sektoreko topaketak antolatuko dira, tokikoak, estatu mailakoak zein Europa mailakoak. Horrek eragina izango du zentroaren erreferentzialtasunean eta Markina-Xemeinen.
Euskadiko esne-sektorea 145 gaztandegik osatzen dute. Horietatik 69 Idiazabal Jatorri Deitura Babestukoak (JDB) dira guztiz, 57 ez dira JDBren baitakoak eta 19 mistoak dira. Sektore honek dibertsifikatzeko gaitasun handia erakutsi du, ardi-esnearekin, behi-esnearekin eta ahuntz-esnearekin egindako gazta mota berriekin.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)