- Soilik 15 urte dituen Seohyun Kim gazteak Txaikovskiren Biolinerako kontzertu exijenteari egingo dio aurre.
- Iban Garate aktore eta aurkezlea Erakusketa bateko margolanak obraren narratzailea izango da.
- Bost kontzertuk, Rubén Gimenoren gidaritzapean, osatzen dute udako bira, uztailaren 18an hasi eta uztailaren 22an bukatuko dena.
Uda heltzearekin batera, Euskal Herriko Gazte Orkestra bere hurrengo topaketan murgildu da. Topaketa honek 10 egunez 100 pertsona baino gehiago elkartuko ditu, orkestrako musikari gazteen eta irakasleen artean.
Egonaldi artistikoa uztailaren 12an hasi da eta egun horretan bertan ekin dio orkestrak udako bira osatuko duten bost kontzertuetarako entseguei. Rubén Gimeno zuzendari artistikoaren gidaritzapean, ondoko emanaldiak eskainiko ditu EGOk: Hondarribia (uztailak 18), Azkoitia (uztailak 19), Donostia (uztailak 20), Bilbo (uztailak 21) eta Gasteiz (uztailak 22).
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, "Euskadin izugarrizko sormen-talentua dugu, eta EGOk talentu gazte hori zaintzeko, hezteko eta gozatzeko tresnak eskaintzen ditu, bere lanbide bihurtzeko".
Seohyun Kim korear biolinista gaztearen parte-hartzea izango da kontzertu hauen berezitasun erakargarrienetako bat. Tibor Varga Nazioarteko Biolin Lehiaketaren azken edizioa irabazi zuen eta Gilbert Vargak (Tibor Vargaren semea eta hamar urtez Euskadiko Orkestraren zuzendari izandakoa) utzitako instrumentua darabil Seohyunek.
15 urterekin Seohyun Kimek Txaikovskiren Biolinerako kontzertu exijenteari egingo dio aurre. Bere generoko kontzertu txalotuenetako bat da hau eta, gure iritziz, instrumentu honetarako historian idatzi den onenetako bat ere bai. Obra lehen aldiz interpretatuko du orkestrak.
Soilik birtuosoenen mailan dagoen partitura hau errepertorio erromantikoaren gailurrean dago. Izan ere, Seohyun musikariaren hitzetan, “pieza hau benetan berezia da niretzat, duen sakontasun emozional eta teknika bikainagatik. Gogo handia dut euskal entzuleekin partekatzeko. Esperientzia ahaztezina izango delakoan nago!”.
Korear gazteak, gainera, EGOk lagunduta jotzea ohore handia izango dela nabarmendu du: “Lehen aldia izango dut Euskal Herrian, eta ohore handia da Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin jotzeko aukera izatea. Asko emozionatzen eta pozten nau euskal publikoa orkestrako kideekin batera ezagutzeak. Une bereziki zoriontsua izango delakoan nago”.
Programa Erakusketa bateko koadroak obrak osatuko du.
Orkestrazio bikainarekin, M. Mussorgky konpositoreak pianorako konposatu zuen hasieran, bere lagun mina zen margolari baten erakusketa bateko pinturei omenaldia egiteko. Hainbat urte geroago, Maurice Ravel konpositoreak orkestrazio distiratsua erantsi zion eta gaur egun ezagutzen dugun musikalitatez jantzi zuen obra.
Rubén Gimenoren arabera, obra “pianorako idatzita dauden musika piezetatik orkestrazio eta moldaketa gehien inspiratu dituenetako bat da”. Are gehiago, maisuaren arabera, “Ravelen bikaintasun eta sofistikazioak entzuleen eta interpreteen obra kutunen artean kokatu du”.
Euskal orkestra gazteak bertsio berritzaile bat eskainiko du, Iban Garateren narrazioaz lagunduta. Bere ahotsak publikoa gidatuko du paseo musikal honetan, obra goren hau osatzen duten margolanek pizten dituzten sentsazioak hitzetara ekartzeko.
Seohyun Kim - Gilbert Varga - Euskadi konexioa
Biolinista gaztea bertan arituko den lehen aldia izan arren, Seohynek badu nolabaiteko lotura Euskadirekin, Gilbert Vargarekin duen harremana dela eta, 1998tik 2008ra Euskadiko Orkestraren zuzendari izan zena. Izan ere, Gilbert Varga eta Seohyum Kimek harreman estua dute biolinista gazteak 2023an Tibor Varga lehiaketa irabazi zuenetik. Biolinista eta orkestra zuzendari hungariarraren semeak bere aitarena izandako biolina ere uzten dio Seohyun gazteari.
EGOren topaketak bi musikari hauek berriz elkartzeko ere balioko du, Gilbert Varga Euskadira itzuliko baita Seohyum Kimek Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin emango dituen kontzertuetara etortzeko.
Iban Garate
Iban Garate (Azkoitia, 1982). Aktorea eta telebista-aurkezlea da. 15 urte zituenetik egiten du lan komunikazio-arloan. Euskal Telebistako telesail eta programa ezagunetan hartu du parte eta zinema-ekoizpen arrakastatsuetan protagonista izan da; Aupa Etxebeste!, Arriya-La piedra edo Miel de Naranjas, esaterako. Esparru anitzetan aritzen den profesionala da: azken urteotan Euskal Telebistako albistegietan ikusi dugu, aurkezle. Euskadiko Orkestrarekin, 'Musika Familian' zikloan egin ditu kolaborazioak.
EGOri buruz
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) 1997an sortu zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, izaera estrategikoko proiektu kultural gisa. Bertako musikari gazteei zuzenduta, bere hasieratik izan du BBK, Kutxa eta Vital Fundazioen babesa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)