"Hariak" zinemaldiak Kulturarteko Plaza Feminista erresistentzia istorioen lekuko bihurtuko du azaroaren 7tik 17ra
"HARIAK" erresistentzia istorioen zinemaldiaren hirugarren edizioa azaroaren 7tik 17ra izango da aurtengoan. Berriz ere, Kulturarteko Plaza Feminista zinema bihurtuko da bi astez. Dokumentalak, solasaldiak, musika eta aurten, afrodantza saio bat ere izango dira. Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak sustatzen du "HARIAK" zinemaldia, giza eskubideen urraketak eta horien aurrean antolatzen, aurre egiten eta erresistitzen duten Euskal Herriko zein munduan barreneko protagonistei ahotsa emateko.
Aurtengoan, memoriaren gaia hartu da ardatz HARIAK-ek. Gai horri lotuta, ertz askotako eta eremu geografiko ugaritako istorioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Dokumental emanaldiak eta punta-puntako solasaldiak
Euskal Herria, Palestina, Sri Lanka, India, Txile, Senegal, Espainia, Nigeria, Brasil... Esan bezala, hango eta hemengo errealitateak ezagutzeko aukera izango da aurtengo "HARIAK" zinemaldian.
Itsaso Lekuona Lankidetza zienegotziak azaldu du aurten ere dokumental emanaldiak solasaldiekin osatuko direla, «erresistentziak hobeto ezagutzeko eta kokatzeko». Punta-puntako hizlariak izango dira Hariak-en: Bertha Gaztelumendi, Olga Rodriguez, Ebabba Hameida, Gontzal Martinez de la Hidalga, Teresa Toda, Quinddy Akeju eta Mahmoud Traoré, besteak beste.
Jatorrizko bertsioan izango dira dokumentalen emanaldiak, euskaraz edo gaztelaniaz azpititularik. Saio guztiak dohainik izango dira.