Iturritik Jaialdia urriaren 15tik 20ra egingo da Donostian. Guztira, aretoko 4 dantza-ikuskizun eta kaleko emanaldi bi izango dira, gehienak Euskal Herriko konpainienak: Kukai Dantza, Gero Axular, Eskola Dantza Taldea, Aukeran Dantza Konpainia eta Berritza. Sarrerak irailaren 13an salgai, goizeko 11:30ean.
Iturritik zuzenean edaten duten sorkuntzak dira jaialdi honen protagonista. Iturria, jatorria, sustraia… inspirazio iturri da sortzaile ugarirentzat, eta jaialdi honek joera horren lekuko izan nahi du.
Goian esan bezala, Iturritik Dantza Jaialdian Euskal Herriko proposamenak izango dira nagusi. Ikuskizunez gain, pentsamendu zein formazioari bide emango dioten artistekin elkarrizketak, entsegu ireki bat eta master class-ak izango dira.
Sarrerak bihar, irailak 13, jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera, Donostia Kulturaren ohiko kanaletan: Victoria Eugenia Antzokiko leihatila eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.