Badator Atlantikaldia, hamaikagarrenez

  • Badator Atlantikaldia, hamaikagarrenez

  • Egitarau osoaren berri emateko agerraldia egin du Atlantikaldiak jaialdirako astebete falta den honetan: musika, dantza, artea, literatura, kirola, bertsolaritza, historia eta gastronomiaren inguruko 56 jarduera eta emanaldi ezberdinek osatuko dute irailaren 19tik 22ra burutuko den egitaraua

Xehetasun guztiak azaltzeko elkartu dira Herriko plazan Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Maite Gartzia Kultura zinegotzia, Esti Parada jaialdiko komunikazio arduraduna eta Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendaria. Eurekin batera izan dira Atlantikaldiako egitaraua sortzen parte hartu duten hainbat eragile ere.

Aurtengo edizioa hamaikagarrena izango da eta "Artxipelagoa" izango du lelo: «Hamaika hitzaren euskarazko esanahia zenbaki hutsetik haratago doa. Hamaika aniztasuna da; eta hain justu, hori da Atlantikaldiaren oinarria. Hamaika emanaldi, hamaika sorkuntza, hamaika harreman, hamaika emozio, hamaika eragile... Horiek guztiek osatzen dute jaialdia; guztien artean osatzen dute artxipelago eder bat», esan du alkateak.

Eta "artxipelagoaz" ahalik eta herritar gehienek goza dezaten ekimen berri bat iragarri du Otaegik: «Bizikletan Adinik Ez elkartearekin elkarlanean, Jesusen Bihotza eta San Markosene egoitzetako egoiliarrei jaialdia bertatik bertara ezagutzeko aukera emango diegu triziklo berezi batzuetan bidaiatuz».

Alkateak, gainera, jaialdiaren egitaraua herriko eragileekin batera osatu dela gogorarazteko baliatu nahi izan du aukera. «Gaur esku artean dugun eskuorria azken hilabeotan eragileekin batera egindako lanaren erakusle da, hemen gurekin ditugun eragileen eta beste askoren lanaren emaitza da. Poztekoa da herritarrek Atlantikaldiarekin duten inplikazioa eta ahalegin hori eskertu egin nahiko nuke». Gipuzkoako Foru Aldundiari ere urtez urte jaialdiari eskainitako babesagatik eskerrak eman dizkio ondoren.

Hamaika aukera eskaintzen dituen egitaraua

Ohiko moduan, lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: oholtza nagusia izango den "Itsasargi Nagusia"; emanaldi intimoagoak eskainiko dituen "Herriko Plaza"; "Kalekaia" artista urbanoentzako espazioa; eta "Herrixka", jarduera parte hartzaileetarako gunea. Herrixka, halaber, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtrucketako eskaintza gastronomikoarekin.

Esti Parada Atlantikaldiako komunikazio arduradunak eman du egitarauaren nondik norakoen berri: «Musikari dagokionez estilo, genero eta jatorri anitzeko proposamenak taularatuko dira, eta elkarrizketa eta sormen artistikoa sustatuko dira aurten ere». Programazioa osatuko duten artisten artean izango dira Morgane Ji, Iseo & Dodosound, La Otra, Esanezin, La Txama, Bichos Raros, Bele, Azul Ferreira, The Donkey Riders, Ane Martija, Kbless DJ set, Akaleia, Ganibet, Safu, DJ Reimy, Elh Malick, Samba Badago, High Alai DJ set, Rig3l, Sotoalde, Lamia Mari eta DJ Katanga.

Ez da faltako Herri Arte Eskolak Asturiasko 4 artistarekin martxoan egindako elkartrukearen emaitzaren taularatzea, Asturiar konexioa. Bi lurraldeetako elkar-hartzea burutuz musika, kantua eta dantzaz osaturiko emanaldia eskainiko da HAEko 50 ikasle eta irakasle baino gehiagok, Pola de Sieroko Laura Ruiz (ahotsa, panderoa eta dantza), Guille Perez (gaita), Nel Sanchez (akordeoi diatonikoa) eta Arsenio Ruiz (danborra) lagunekin batera.

Musika Bandak ere urteroko hitzordua mantendu eta Celtic Tides ikuskizuna emango du larunbatean, Herriko plazan, 13:00etan.

Zerrenda luze horri, beste behin, Itsas Elkarrizketak gehituko zaizkio: aurten nazioarteko artistekin kolaboratzera Errenteriako oholtzetara igoko diren euskal artistak Julen Achiary eta Maddi Oihenart, La Furia, eta Safu izango dira, eta haiekin solastuko dira, hurrenez hurren, Cocanha, Francisco el Hombre eta Queralt La Hoz. «Ekimen honen bidez, nazioarteko eta bertako sortzaileak elkarrekin ariko dira jaialdiko oholtzetan, jatorri anitzeko sortzaileak harremanetan jarriz. Elkarlan hauexek dira jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat», aldarrikatu du Paradak.

Aipatu musika eta dantza emanaldiez gain, egitaraua osatuko dute poesiak, gastronomiak, haur nahiz helduentzako tailerrek, kirolak, bisita gidatuek, bertsolaritzak, dantzak... Berezitasun modura, ostegun goizean herriko ikastetxe guztietako LH4ko haurrek jaialdirako espresuki sortutako dantza pieza eskainiko dute Gernika Plazan Atlantikaldia Dantzan izenburupean; ostiral arratsaldean berriz, Begiradak proiektuaren markoan Idoia Lizeaga eta Marion Lemmenek elkarlanean sortuko duten Itsas Puntua, Ikus Puntua lore instalazioaren sorkuntza prozesua ikusi ahal izango da Erdiko kalean.

Jarraitu irakurtzen


  • DataIrailak 12
  • Gaia Arte eszenikoak, Musika, Bestelakoak