Mendia Lehendakariordeak iragarri du laneratzeko enpresentzako laguntza ekonomikoa % 18 handituko dela

Argitalpen-data: 


      DIA_EMPRESAS_DE_INSERCION_2310261.jpg
  • Halaber, asteartean dekretu bat onartuko dela aurreratu du, babestutako enplegutik enplegu arruntera igarotzea erraztuko duena.

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak iragarri du gaur laneratzeko enpresei ematen zaien laguntza ekonomikoa % 18 handituko dela; hori Sailak gizarte-kohesioaren alde egindako apustuaren barruan kokatzen da, aurrerapen ekonomikoaren berme gisa. Gainera, datorren astean dekretu bat onartuko dela aurreratu du. Dekretu horrek laneratzeko enpresa batek kontrata ditzakeen kolektiboak gehiago izatea ahalbidetuko du, eta babestutako enplegutik enplegu arruntera igarotzea erraztuko du.

Mendiak "Laneratzeko, gizarte-ekonomiako eta enplegu inklusiboko enpresak" jardunaldia inauguratu du gaur Donostian. Laneratzeko Enpresen Egunaren barruan, Laneratzeko Enpresen Enpresa Elkarteen Federazioak urtero antolatzen duen ekitaldi bat da. Bertan, Estatuko sektore osoak bat egiten du, sektore hori ikusarazteko eta enpleguaren bidez bazterkeriaren aurka borrokatzeko tresna gisa kokatzeko.

Bere hitzaldian, Lehendakariordeak laneratzeko enpresen lanaren balioa azpimarratu du, "aukera gutxiago dituzten pertsonak inklusiorako funtsezko eragiletzat eta gizarte osoaren aurrerapen ekonomikorako ezinbesteko tresnatzat" hartu baititu, eta buru duen Sailaren konpromisoa berretsi du, bere proiektuetarako babes handiagoa emanez. Konkretuki, zehaztu du hurrengo laguntza-deialdian finantzaketa bi milioi euro baino gehiagotan handituko dela, hau da, % 18 gehiago.

Gizarte Ekonomiaren 2023ko Espainiako hiriburutza dela-eta aurten Donostian egin den jardunaldian, Mendiak, gainera, datorren asteartean Gobernu Kontseiluan onartuko den dekretu berria aipatu du, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautuko duena. Dekretu horrek, azaldu duenez, "batez ere, zuen lana erraztu nahi du, pertsona gehiago laneratu ahal ditzazuen, eta babestutako enplegutik enplegu arruntera igarotzeko bidea erraztu nahi du".

Lehendakariordeak Gizatea Euskal Autonomia Erkidegoko Laneratzeko Enpresen Elkartearekin hitz egin du, eta gogorarazi du azken urteotan bere enpresa elkartuek "erakutsi dutela beren indarra enplegu gehiago sortuz, aukera gehiago eskainiz bizitzak murriztu ohi dien pertsonei". Beraz, "gure Sailean aurrera eramaten ari garen ereduaren adibidea dira, aukera-berdintasunarena, ez bakarrik horiek zabaltzeko, baizik eta arrazoi anitzengatik enplegutik urrunen daudenei helarazteko".

Mendiak azpimarratu du laneratzeko enpresek egiten duten "inklusiorako laguntza osoa", eta aurreratu du “laguntza-ibilbide hori gure politika aktiboetan aplikatuko dugula, Lanbide Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez”. Gainera, Enpleguari buruzko Euskal Legea laster onartuko dela aipatu du, eta mugarri bat izango dela uste du; izan ere, "plan pertsonalizatu bat onartuko du herritar-eskubidetzat, enplegu bat lortu ahal izateko edo duen enplegua baino hobea lortzeko".

Azkenik, berretsi duenez, "giza kapitalean inbertitzea da gaur egun lehiakortasun-bermerik handiena", eta "konpromiso sozialeko eta lankidetzako balioak dituen enpresa-kultura bat defendatu du, lan egin nahi duten eta aukerarik eskaintzen ez zaien pertsona askoren artean ezkutatzen den talentuaren alde egingo duena. Kohesioan inbertitzea ez da soilik justizia sozialeko kontua, aurrerapen ekonomikoaren bermea da gizarte osoarentzat ".

Informazio gehigarria