Egoitza elektronikoa

Ertzaintzak joko-aretoetako erruletak manipulatzen espezializatutako talde kriminal bat desegin du

Argitalpen-data: 

Ertzaintzak 39 urtetik 43 urtera bitarteko hiru gizon atxilotu ditu eta 41 urteko emakume bat ikertu du Bilboko eta Gasteizko joko-aretoetako erruleta-motako mahaiak manipulatzen aritzen zen eta azken hilabetean 50.000 euro inguru eskuratu zituen talde kriminal bateko kideak izateagatik. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du pertsona horiek Euskadiko beste joko-areto batzuetan iruzur eginez irabaziak eskuratu dituzten argitzeko.

Abuztuan, Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzutik egiaztatu zuten pertsona horiek Gasteizko eta Bilboko joko-areto askotan sartzen zirela. Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitatetik egiaztatu zutenez, susmagarriek establezimenduan sartu eta erruletan bakarrik egiten zituzten apustuak. Gero makina horietako kontuek ez zuten koadratzen.

Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Atal Nagusiko Ondarearen Taldeak bere gain hartu zuen ikerketa, eta diru-bilketako aldeak erruletak manipulatu ondoren gertatzen zirela egiaztatu zuen. Dirudienez, talde kriminalaren buruak makinako babes-estalkietan zulo bat egiten zuen eta hagaxka bat sartzen zuen bola aurrez erabakitako zenbaki batzuetan gelditzera behartuz. Taldeko kideek zenbaki horien aldeko apustua egiten zuten, eta lokalen arduradunei sinestarazten zieten sariak legez lortu zituztela, eta kobratu egiten zituzten, beraz. Hiru gizonak autoan joaten ziren aukeratutako joko-aretoetara, aurretik aztertu ondoren. Gizonetako bat autoan geratzen zen aretoa kanpotik zaintzen. Beste gizonak taldeko buruari erruleta-jokoaren mahaira laguntzen zion eta joko-aretoa zaintzeko aukera ematen zion posizioan jartzen zen, era horretara, taldeko buruari apustu egiteko aukera eta saria lortu arte makina manipulatzeko aukera emanez. Emakumea ondasunak erosteaz eta bi gizonen ostatuan laguntzeaz arduratzen zen, eta hirugarren gizonak, taldeko buruak, bi astetan Arabako hiriburuko bost hotel ezberdinetan hartu zuen ostatu identitate ezberdinak erabiliz.

 

Informazio gehigarria