Maria Rivero eta Itxaso Payá, "eMcumeak" ikuskizunaren egileak: «Emakume sortzaileak izarrak bezain ugariak dira, baina ez dago konstelaziorik»

  • Maria Rivero eta Itxaso Payá, "eMcumeak" ikuskizunaren egileak: «Emakume sortzaileak izarrak bezain ugariak dira, baina ez dago konstelaziorik»

Euskal emakume sortzaileen "macdonalizazioa" agerian utzi nahi duen satira musikala da eMcumeak, Zelako Kultur Ideiak-en aurreneko ekoizpen serioa, umorea eta kritika uztartzen dituena. Maria Riverok eta Itxaso Payák sortu dute, umore absurdua eta diziplina-aniztasuna ardatz hartuta. Proiektu hau Getxoko Kultur Etxeak antolatzen duten Juana Bizkarra egonaldi artistikorako hautatu zuten uztailean, eta hilabetez eskura izan dituzte Muxikebarriko Arrigunaga aretoa eta beste hainbat baliabide beren proposamena garatzeko. Irailaren 30ean eta urriaren 1ean erakutsi zioten publikoari azken emaitza aurrenekoz, baina estreinaldi ofiziala azaroaren 26an izango da, Getxon, Muxikebarri antzokian bertan. Gero, herriz herriko birari ekingo diote. Emanaldiak lotuta dituzte, besteak beste, Abadiñon, Laudion eta Hernanin, baina zerrenda luzatzen joatea espero dute. Hona hemen Mariak eta Itxasok kontatu digutena.


Zer da eMcumeak proiektua? Nola sortu zitzaizuen ideia?

Zelako Kultur Ideiak konpainiaren lehen produkzio serioa izango da eMcumeak ikuskizuna: euskal emakume sortzaileen "macdonalizazioa" agerian uzten duen satira musikala. Oholtza gainean musikan eta antzerkian eskarmentua daukagun emakume bi egongo gara. Ideia etorri zen lehenbizi eta oholtzara eramateko erabakia ondoren.

Sortzaile bezala gure esperientziak partekatzen hasi ginen. Garen modukoak izanda, naiz eta egoera txarrak bizi tarteka, beti umoretik edota umorez, gure izateko modua delako, geure buruei barre egiteko gaitasuna daukagu. Egia esan, gidoiaren hastapenak horiek izan ziren, gure eta gure inguruko sortzaile eta emakume ezberdinen egoera eta istorioen inguruan hausnartzen. Dudarik gabe, eMcumeak ikuskizunaz gozatzera datorren jendea gogoeta eta barre eginda aterako da. Azaroaren 26an izango da estreinaldia Getxoko Muxikebarri antzokian, agendan fosforitoz markatzeko moduko data!


Zein dira, zuen ustez, erronka nagusiak euskal emakume sortzaileen errealitateari dagokionez?

Eraikitzeke daukagun ekosistema hau ez dadila aurrekoaren replika bat izan; eliteez ari gara batez ere. Uste dugu erronka nagusia hori dela: goitik behera beharrean, ertzetatik zentrora eragin behar da. Kupoaren alde gaude baita ere, diskriminazio positiboaren alde gaude, naiz eta horrekin askotan ematen diren egoera asko, non gure lana ez den balioan jartzen, kupoa besterik ez izatera kondenatzen gaituzten.

Zerrenda luzea osa genezake erantzunekin; izan ere, erronka oro da nagusi eskubideak jokoan daudenean. Guk ere galdera bera egin genion geure buruari, eta erantzun bila, besteak beste, topaketa batzuen antolaketa sustatu genuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak (BEST) antolatu genituen iaz, eta laster, urriaren 21ean, zehazki, bigarren edizioa egingo dugu. Hori antolatzea barrutik atera zaigun zerbait izan bada ere, argi eta garbi Bizkaian ezinbestekoa, behar-beharrezkoa den ekintza da, eta horrela adierazi digute lehen edizioko parte-hartzaileek. BESTek Bizkaiko emakume sortzaileen konstelazioa irudikatu nahi du kulturgintzaren zeruan; izan ere, sortzaileak izarrak bezain ugariak dira, baina ez dago konstelaziorik. Hau da, sortzaile asko dago, baina bakoitza bere bidean; beraz, elkarlan berriak, sare berriak partekatzea eta elkar ezagutzea ahalbidetu nahi dugu proiektu honen bidez. Iazko topaketan konstelazio baten lehenbiziko koordenatuak zehazten hasi ginen, eta bide luzea badago ere, egoeraren etorkizuna argitu eta norabide onean jar lezake BESTek.


Kritika egiteko eta eztabaida sortzeko, umorea hautatu duzue, izenburutik hasita (marka ezagun bat iradokitzen du). Argi izan zenuten lehen unetik? Zer beste baliabide artistiko erabili duzue ikuskizunari forma emateko?

Maria: Lehen esan bezala, umorea oso lotuta dago gure izaerarekin. Agian, Itxasoren kasuan agerikoagoa da hori, baina nire kasuan, nahiz eta nire itxura serioagoa izan (hori jaiotzatik leporatzen didaten kontu bat da, portzierto, beste gai bat...), umorea da nire tresna baliotsuena, nire buruari barre egiteko eta orokorrean bizitza jasangarriagoa egiteko tresna ezin hobea da.

Itxaso: Hori da, bai; hau da, umoreak aukeratu gaitu gu, eta guk berarekin match egin dugu. Ikuskizuna umoretik eta hausnarketatik abiatu genuen; hori dela medio, hitz-jokoz eta erreferentziaz josita dago gidoia. Ikus-entzunezkoek, eszenografiak eta musikak ere garrantzi handia izango dute eMcumeak ikuskizunean. Maria musikari aparta da, 11 disko kaleratu ditu dagoeneko, eta laster hamabigarrena argitaratuko du, Lerro paraleloak izenekoa. Nik, aldiz, esperientzia handiagoa daukat antzerkiaren munduan. Ondorioz, gure elkarlanaren emaitza satira musikal bat izango da, Olatz Beobidek zuzenduko duena, gainera.


Zer kontatzen du, zehazki, antzezlanak? Zein da sinopsia?

Gure helburua da euskal emakumeen sorkuntzaren errealitatea eszenatokian jartzea eta, aldi berean, kulturaren sektorean indarrean dagoen androzentrismoa agerian uztea, kritikari eta eztabaidari ateak irekiz eta emakumeek sortutako euskal ondare eszeniko eta kulturala transmititzen lagunduz. Horretarako, umore absurduaz baliatzen gara, eta diziplina-aniztasunaren aldeko apustua ere egin dugu. Kontsumitzeko modua aldatu egin da; horretaz ere hausnartzen dugu eMcumeak proiektuan. Azken batean, egun, kultura janari espres gisa kontsumitzen da sarri: merke eta arin. Protagonista bi izango gara, eta euskal emakume sortzaileen ikuskizunak kudeatzen dituen enpresa bateko jabearen eta langilearen paperak egingo ditugu ikuskizunean.

Emakume sortzaile bat kontratatu nahi duzu zure ikuskizunerako?

Zure deiaren zain gaude!

eMcumeak euskal emakume sortzaileen kontratazio-bitartekaritza egiten duen enpresa da. Bulegoan bi emakumek egiten dute lan, eta egunero jasotzen dituzte (kuota betetzeko) emakume sortzaileak behar dituzten bezeroen eskariak, herritarrenak, elkarteenak edota udalenak. Konpetentzia, ordea, Telepitxa, haien lana oztopatzen saiatuko da etengabe.


Nork osatzen du eMcumeak antzezlaneko lantaldea? Izan duzue kanpoko laguntzarik?

Biok egon gara prozesuaren hasieratik elkarlanean, eta laguntza ere izan dugu bidean, lagunak eta laguntza. eMcumeak antzezlana Eusko Jaurlaritzak, Zinelekuk eta Getxoko Kultur Etxeak dirulaguntza bidez sustatutako ikuskizuna da, eta horiek gabe ez legoke proiektua aurrera eramateko aukerarik. Zelako Kultur Ideiak Kooperatiba Elkarte Txikian jaioberriak gara, eta elkarlanean ari gara etengabe; beraz, guk jaso genezakeen edozein laguntzak beste inoren etekina ere badakar. Esan genezake Katixa Agirre eta Harkaitz Cano, nolabait, proiektu honen "guraso pontekoak" direla. Izan ere, Zinelekuk proiektu honi saria eman zion, eta GaraiOn Sorgingunean igaro genuen hainbat egun idazle handi biekin batera. Haien aholkuak, iradokizunak, proposamenak, ariketak... islatzen dira gerora garatutako proiektuan. Haien oniritzia jasotzea ahalduntze-ariketa magikoa izan zen, bat-batean nor sentitu ginen. Gerora, Getxoko Kultur Etxeko kultur programazio dirulaguntzara aurkeztu ginen, eta horri esker eMcumeak ikuskizuna Muxikebarrin estreinatuko dugu ofizialki azaroaren 26an.


Uztailean jakin genuen Juana Bizkarra egonaldi artistikoaren epaimahaiak zuen proiektua hautatu zuela 3. edizio honetan. Nolakoa izan da esperientzia? Non topatu dituzue zailtasun handienak?

Behin olatua surfeatzen hasita, Juana Bizkarra sormen-egonaldi artistikora aurkeztu ginen, eta horri esker hilabete osoan zehar Muxikebarriko Arrigunaga aretoa eta beste hainbat baliabide eskura izan dugu. Hirugarren aldia da Juana Bizkarra egonaldi artistikoa antolatzen duena Getxoko Kultur Etxeak, eta sortzaileontzako aukera paregabea da. Hilabete osoz baliabide ezin hobeak eskaini dizkigute Muxikebarrin, eta etxean bezain eroso aritu gara lanean.


Irailaren 29an egin zenuten jendaurreko entsegua, eta irailaren 30ean eta urriaren 1ean erakutsi zenioten publikoari azken emaitza. Zer-nolako erantzuna jaso zenuten jendearen aldetik? Espero zenuten bezala joan zen? Zer irakurketa egin duzue?

Ederra izan da prozesua. Lehenbizi proiektua aurkeztu genuen, eta hori aurrera eramateko aukera eman ziguten. Baldintzetako bat herriarekin mediazioa egitea zen, eta hainbat pertsona eta kolektiborekin elkartu gara ikuskizunaren edukia partekatu eta horren inguruan kanpo-begiradak jasotzeko. Emanaldiak oso ondo joan ziren, eta guk oso gustura egin genuen gure lana. Publikoaren aldetik ere feedbacka jaso genuen, eta oso gauza interesgarriak entzun ahal izan genituen. Esperientzia zoragarria izan da, edozeini gomendatzeko modukoa! Uste eta espero dugu azaroaren 26an kulturazale asko hurbiltzea Muxikebarrira; gogotsu gaude publikoaren erreakzioak ikusteko.


Eta estreinaldiaren ostean, zer? Beste herri batzuetan ere erakutsiko duzue? Zer-nolako zirkuitua aurreikusten duzue?

Bai, noski. Bira bat egingo dugu Euskal Herriko antzokietan zehar azarotik aurrera. Azaroaren 26an estreinaldi ofiziala izango da Muxikebarrin, eta hortik aurrera antzokiz antzoki arituko gara. Ikuskizunaren zabalkundeari ekin genionetik oso erantzun ona jaso dugu, eta ugari dira gugana jo duten hedabide eta zaleak. Getxon, Abadiñon, Laudion, Hernanin... egongo gara, eta espero dugu zerrendak herri eta antzoki ugariren izenak biltzea gutxika-gutxika.


Zelako Kultur Ideiak-en proiektua da eMcumeak. Zer da Zelako Kultur Ideiak? Zein da zuen lan-esparrua? Antzezlan gehiago etorriko dira etorkizunean?

Nor da Maurizia ikuskizuna taularatu genuen iaz Zelakotik, eta esperientzia ederra izan da. Zelako Kultur Ideiak kooperatibako langileok argi daukagu zer egin nahi dugun: kultur sorkuntzarekin egin nahi dugu lan, inguruko aliatuekin elkarlanak bideratu eta gure baloreak (berdintasuna, kulturgintza eta euskara) ukitzen dituzten proiektuetan sakondu.

Etorkizunerako ideia asko ditugu buruan; hala ere, orainarekin aski dugu momentuz. Izan ere, hainbat dira esku artean dauzkagun proiektuak; adibidez, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketaren II. edizioa urrian eta kilometro zero markadun HerriK0 Festibala azaroan, Zeberion.


(2023ko urriaren 16an argitaratutako Berezia)