Paul Urkijo: "Publiko zabalarentzako pelikula bat da 'Irati'"
Zinemetara iritsi da azkenean "Irati", Paul Urkijo arabar zinemagilearen bigarren film luzea. Bidaia fantastikoa proposatzen du EITBren parte-hartzea duen produkzio ausartak, sinesmenen, maitasunaren eta euskal iruditerian zehar.
Gaur iritsiko da zinema aretoetara "Irati", Paul Urkijo Alijo zinemagilearen (Gasteiz, 1984) bigarren film luzea. "Errementari" filmaren zuzendariaren estiloari dagokionez, euskal historiak, mitologiak eta fantasiazko generoaren hitzarmenek zedarritzen dituzte "Irati" filmeko gertakariak, baiki, baita akzioak ere (gurean inoiz baino ausartago filmatu dira pelikula honetan ezpata borrokak eta guduak), baina, oroz gain, "amodio istorio bat" sortu nahi izan du Urkijok.
"Euskal mitologiari, historiari eta akziozko zinemari idatzitako maitasun istorioa da Irati, eta askatasunez pentsatzen duten eta bizi direnen aldeko oda bat", adierazi du zuzendariak, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate protagonista dituen filmari buruz.
VIII. mendeko Euskal Herrian erlijio monoteisten eta munduari begiratzeko beste modu batzuen arteko kultura talkak argitutako pelikulaz hitz egin dugu, Paul Urkijorekin.
"El ciclo de Irati" Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren komikian oinarrituta dago pelikula. Zerk piztu zizun istorioa pelikula bihurtzeko harra? Ipuineko zer elementuk egon behar zuen halabeharrez pelikulan eta zer tarte utzi diozu zure asmamenari istorioa biribiltzeko?
Txikitatik izan dut euskal mitologiarekiko maitasuna: gurasoek mendira eramaten ninduten, eta Basajauna basoan bizi zela kontatzen zidaten, erreketan laminak zeudela eta Mari kobazuloetan gordeta zegoela.
Gainera, etxean beti izan ditugu Barandiaranek jasotako eta 80ko hamarkadan marrazkiz jantzitako liburuak… Eta nik beti izan dut buruan euskal mitologiari buruzko pelikula epiko bat egin nahi nuela, ezpatekin, kapekin eta Erdi Aroko munduarekin lotutakoa.
90eko hamarkadan, "El ciclo de Irati" komikia irakurri nuen, eta VIII. mendeko istorio bat kontatzeko behar nituen elementu historiko eta mitologiko guztiak aurkitu nituen: Eneko gazte kristaua eta Irati basoan bizi zen neska paganoa…
Komikia gaztetxoentzat da, Pertzevalen edo Asterixen istorioen kutsu frantsesa du, baina elementu interesgarriak zituen, tonu ilunagoa emanda edo publiko helduagoarentzat egokitzeko baliagarri egiten zutenak.
Hortik abiatuta, otu zitzaidan abentura eta fantasia epikozko euskal pelikula bat egin genezakeela obsesio horiek guztiak ezpata eta aztikerien generora ekarrita.
Istorioaren elementu guztiak oso-oso landuta daude. Zer-nolakoa eta zenbat denboratakoa izan da pelikula eraikitzeko prozesua, filmatzen hasi arte?
Bost urteko prestatze lana izan da oraingoan.
Ilustratzailea ere banaizenez gero, idazten noan heinean landu ohi dut arte kontzeptua: lokalizazioetara joaten naiz, izaki mitologikoak nolakoak izango diren irudikatzen dut… Eta gero kontzeptu artistikoa biltzen duen liburuxka bat sortzen dut, azal gogor eta guzti, ekoizleei istorioa egingarria dela erakusteko.
Fantasia egiten dudanez, mugetatik hasten naiz pelikula pentsatzen, film laburrak egiten nituenetik: nola egin ahalko ditugun guduen sekuentziak, nola heldu izaki mitologikoen iruditeriari bisualki eta narratiboki efektu bereziz beteriko pelikula bat ez egiteko, baizik eta errealismo magikotik gertuago dagoen zerbait…
Hortik abiatuta, lantalde guztiekin hitz egiten dut, eta esparru bakoitzean sortzen diren beharrei ekiten diegu.
Filmatze lanak ere ez ziren errazak izango: elementu askoko gudak, zaldiak, kanpoaldeko sekuentzia asko, leizeak, hotza, argitasun gorabehera handiak… Zer oroitzapen dituzu filmatze prozesutik?
Proiektuak, plano guztiak, oso itxita edukitzen ditut beti, baina kasu honetan, naturak oso protagonismo handia duenez, organikotasunaren aldeko hautua egin nuen. Beraz, egia da pelikula handia dela, baina askoz lasaiago egon naiz, eskarmentuagatik agian, eta asko disfrutatu dut.
Horretan, noski, oso garrantzitsua izan da atzean eduki dudan "gudari" talde hori, baso, leize eta mendi artean lagundu didana. Oso giro ederra egon da filmatzean, eta ekipoaren energiari esker altxatu dugu pelikula hau.
Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate aukeratu zenituen bi paper nagusietarako. Zer irizpideren araberakoa izan zen aukeraketa hori?
Eneko aspalditik ezagutzen nuen, "Errementari"tik, eta aktore bikaina da. Hain zuzen ere, "Errementari"ren promozioan ari ginela, ni banenbilen "Irati"rekin buruan, eta bertan proposatu nion Eneko Aritzaren papera hezurmamitzea. Eneko Sagardoyren aurpegia neukan buruan Erdi Aroko Eneko irudikatzeko.
Sekulako lana egin du: bere itxura fisikoa eraldatu du, zaldian ibili, ezpatarekin mugitu… Gainera, Erdi Aroko pertsonaia honi arku dramatiko ederra eman dio: istorioa aurrera doan heinean kristau sinesmena urtzen doakio Eneko pertsonaiari, eraldatu egiten da, eta Enekok begirada hutsarekin erakusten digu bidaia hori.
Edurne, bestalde, ez nuen ezagutzen, eta sorpresa ikaragarria izan da. Castinga egin nuen Irati aurkitzeko, eta ezusteko ederra hartu genuen Edurneren txanda iritsi zenean, antzinako bere euskara goitik behera landuta ekarri baitzuen. Flipatu egin genuen.
Pertsonaiak ukitu basatia du, basoan bizi da, baina begirada magnetikoa proiektatu eta tristezia eta bakardadea ere islatu behar ditu, eta hori oso argi ikusi nuen Edurnerengan. Gero, bigarren proba bat egin genuen Enekorekin batera, eta gero pantailan egiaztatuta gelditu den kimika hori bertatik bertara ikusi genuen. Han ikusi nuen lehenengoz nire heroi bikotea.


