Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

ELIKA, 20 urte EAEko elikaduraren balio-katearen osasun segurtasunaz arduratzen

2022-05-27

• 2001ean sortu zenetik, honako lorpen hauek izan ditu, besteak beste: nekazaritzako elikagaien alertak kudeatzeko eta jakinarazteko estrategia, Elikagaien Segurtasunari buruzko ikerketa-planak, ekoizpen txikietarako higiene- eta osasun araudia malgutzea eta Elikagaien Xahuketaren aurkako EAEko Estrategia garatzea.

• Azken hamarkadan, ELIKAk elikagaien segurtasunaren arloko 76 ikerketa-proiekturen garapena koordinatu du; proiektu horiek 8,3 milioi euroko finantza izan dute, eta, haietatik, % 81 erabakigarriak izan dira EAEn elikadura-arriskuak prebenitzeko neurriak garatzeko.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, gaur goizean, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak eta ELIKAko zuzendari nagusiak lagunduta, “Liburu Zuritik Itun Berdera, Elikagaien Segurtasunaren Kultura Hedatzen” jardunaldia inauguratu du; jardunaldia ELIKA Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak antolatu du. Fundazioa Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 2001ean, eta nazioarteko erreferente da eremu horretan.

Tapia sailburuak gogorarazi du 2000. urtean Europako Batzordeak elikadura segurtasuna lehentasun politiko gisa jaso eta Elikadura Segurtasunari buruzko Liburu Zuria argitaratu aurretik ere, Eusko Jaurlaritza kontziente zela nolako garrantzia duen elikadura-segurtasunaren arloan administrazioari eta sektoreari aholkularitza emateko erakunde bat izateak. Hori dela eta, 2001eko martxoan, ELIKA fundazioa sortu zen, nazioarte-mailan sortutako lehen agentzietako bat.

Tapiak esan duenez, “gainera, EAEk urte asko daramatza elikaduraren balio kate osoan elikagaien jasangarritasunaren alde lan egiten, eta hala jasotzen dute Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Lehen Plan Estrategikoak eta bigarrenak, onartu berri denak. Era berean, gobernu-programan jasotzen da, eta Basque Green Deal delakoaren oinarrietako bat da".

Elikari buruz

Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Sailburuordetzak elikadura-segurtasunaren arloan administrazioari eta sektoreari aholkularitza emateko erakunde bat izateko beharra ikusi zuen. Hala, 2001eko martxoan, Elika sortu zen; 20 urte bete zituen iaz, baina, gaur, urteurrena ospatu nahi izan du, jardunaldi honen bidez, eta bi hamarkada hauetako elikadura-segurtasunaren bilakaera berrikusi.

Denbora honetan, Elikak elkarlanean jardun du administrazio eskudun guztiekin eta lehen mailako sektorearekin, eta komunikazio-bideak izan ditu, era berean, kontsumitzaileekin; izan ere, haiek dira elikakateko eragile guztiek egiten duten lanaren azken hartzaileak.
Honako lorpen hauek izan ditu, besteak beste: nekazaritzako elikagaien alertak kudeatzeko eta jakinarazteko estrategia, Elikagaien Segurtasunari buruzko ikerketa-planak, ekoizpen txikietarako higiene- eta osasun-araudia malgutzea eta, azken urteotan, Elikagaien Xahuketaren aurkako EAEko Estrategia koordinatzea.

Aldi berean, azken hamarkadan, ELIKAk elikagaien segurtasunaren arloko 76 ikerketa-proiekturen garapenaren buru izan da; proiektu horiek 8,3 milioi euroko finantza izan dute, eta, haietatik, % 81 erabakigarriak izan dira EAEn elikadura-arriskuak prebenitzeko neurriak garatzeko. Hori guztia ikerketa-zentro eta teknologia-zentroekin elkarlanean egin du, hala nola, NEIKER, AZTI eta UPV/EHUrekin, bai eta EAEko elikakateko eragileekin ere.

Jardunaldiaren garapena

Jardunaldian, bertaratutakoak –150 eragile baino gehiago, gehienak EAEko nekazaritzako elikagaien sektorekoak, administraziokoak eta ikerketa- eta teknologia-zentroetakoak– Europako Batzordeak emandako hasierako hitzaldian izan dira, “Europako Itun Berdea eta Baserritik Mahaira Estrategia” delakoan, eta bi eztabaida-mahaitan hartu dute parte, zenbait hizlari ezagunekin batera.

Haietako lehenengoan, elikadura-segurtasunaren bilakaeraren eta elikadura segurtasuneko agentziek eta administrazioek izan duten eginkizunaren analisia egin da, bai eta azken elikadura-krisietako ikasbideei buruzko hausnarketa bat ere. Honako hauek parte hartu dute: Europako agentzia (EFSA), estatukoa (AESAN), Kataluniakoa (ACSA), EAEkoa (ELIKA) eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa.

Bigarren eztabaida-mahaian, “baserritik mahaira” estrategiaren aplikazio praktikoa aztertu da; hartan, elikaduraren balio-kateko ordezkariak izan dira (ekoizpena, eraldaketa, banaketa eta elikagaien kontsumoa). Zenbait gako eman dira elikagai osasungarriak eta jasangarriak ekoizteko, baina elikagaien segurtasuna arriskuan jarri gabe eta efizientzia eta errentagarritasun ekonomikoa ziurtatuta.