EAEk gizarte-zaintzen eredu berria sustatu du, eta dagoeneko abian diren jarduketa zehatzak aurkeztu ditu

2022-02-11

  • Zaintzaren feminizazioarekin eta familizazioarekin amaitzea eta erronka demografikoari aurre egitea dira erronka nagusiak
  • Hurrengo hiru urteetan soilik, EAEko erakundeek 116 milioi euro baino gehiago inbertituko dituzte

 Donostia / San Sebastián, 2022/02/11

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, ostiral honetan, Donostia / San Sebastiánen, EAEk jomuga duen gizarte-zaintzen eredu berriaren oinarriak aurkeztu ditu. Eredu horretarako, Beatriz Artolazabal sailburuak esan duenez, “guztiok joan behar dugu batera, eta sozialki antolatu behar ditugu, sektore publikoaren lidergopean”. Hurbilen ditugun erronkak, nabarmendu duenez, honako hauek dira: zaintzaren feminizazioarekin eta familizazioarekin amaitzea. “Aurrez aurre dugun gizarte-testuinguruak eta aukera-berdintasunak zaintzak sozialki antolatzea aldarrikatzen dute. Beste modu batera ikusgai jartzea, balioestea eta banatzea, emakume eta gizonen artean, bai eta familien, gizarte-ekimenaren, enpresen eta administrazio publikoen artean ere”.

Erakundeek, dagoeneko, zenbait ekimen jarri dituzte abian EAEn. Lide Amilibia Gizarte Gaietako sailburuordeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak eredu berrirako trantsizioak oinarri dituen proiektu hurbilenetako hainbat zerrendatu eta azaldu dituzte, hala nola Eusko Jaurlaritzaren proiektuak: Altxor 7.0, Helduak Zabaltzen, Bizitza Betea edo EAEn zaintzaileei arreta emateko APP bat eta telefono bat sortu izana.

Jardunaldia Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak ireki du, eta honako hau esan du: “pertsona guztien babesa eta zaintzak bermatzea” gizarteak aurrez aurre duen “funtsezko” erronketako bat dela eta izango dela. Erronka horretan, erakundeok, esan duen bezala, “denbora daramagu lanean”. Beraz, honako lau printzipio hauetan sakonduko duten gizarte-zaintza batzuk lortzeko eraldaketa “bizkortzea” defendatu du: “pertsonalizazioa, erkidegoarekiko konexioa, berrikuntza eta elkarlana izan behar ditugu pertsona kalteberenen zaintzetara bideratutako gizarte-politiketan gidari”, esan du.

Hori horrela, Olanok “agenda berritzailea” zabaltzea defendatu du, eta, horretarako, tartean diren “sektore guztiekin elkarlanean jardutea”, Gipuzkoak eta, oro har, EAEk planteatzen duten bezala. Dinamismo horren erakusgarri, adibide gisa jarri ditu lurraldeko zenbait udalerritan sustatutako zaintzen tokiko ekosistemak, adinekoen egoitzak mendekotasun handiagoko bizikidetzako unitateetarantz egokitzea eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako arreta integratua hobetzea.

Solasaldia

Hitz horien ondoren, solasaldi irekia izan da Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren eta María Ángeles Durán Espainiako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko ad honorem ikerketako irakaslearen artean, ongizate-estatuaren eta behar dugun zaintzaren inguruan. Biak agertu dira ados honako kontu honekin: EAEren apustuaren oinarri den eredu berria –lau sektoreen koordinazioa dakarrena, EAEko administrazio publikoen lidergopean– “egingarriena da, eta EAEko errealitatera ondoen egokitzen dena, haien beharrei erantzuteko eta ongizate-estatuan aurrera egiteko”. Era berean, honako hau ohartarazi dute: “eredu berri honek dakartzan aldaketak hain dira handiak, epe ertain eta luzerako politikak behar dituzte. Emaitzak ez dira berehala ikusten”.

“Pertsonok zaintzen ditugu pertsonak. Oinarrizko ideia bat da, baina ezinbestekoa. Pertsonok zaintzen dugu geure burua eta gu gara zainduak. Baina, halaber, zaintzak antolatzeko ardura duten gizarte eta instituzioak eratzen ditugu. Gizarte-instituzioak, hala nola familia-instituzioa, zeinak, haren bilakaeran eta aniztasunean, beti eskaini izan baititu zaintzak. Eta erakunde publikoak, eskubideak finkatu eta gizarte-, osasun- edo hezkuntza-zaintzen sistemak zabaltzen ditugunak, ondasun erkidera bideratuta”, nabarmendu du Artolazabalek.

Bestalde, Rafael Lopez-Arostegui Gizarte Politiketako aholkulariak ikuspegi teknikotik nabarmendu du ereduaren ezaugarri nagusiak zein diren, baina, lehenengo, gizarte-zaintzak zer diren definitu du: “Pertsonek pertsonei egiten dizkieten harreman-laguntzak dira, gizarte-integraziorako bide emateko, ahalik eta autonomia handienarekin”.

Eredu berriak honako lau helburu hauek ditu:

  • Erakunde-zaintza sendotzean familia-zaintzari dagokion proportzioa murriztea
  • Zaintzak birbanatzea eta, horretarako, gizonek familia-zaintzan eta zaintzan, oro har, duten erantzukizuna areagotzea
  • Zaintzen lana aintzatestea, balioestea eta duin egitea
  • Lan hori egiten dutenak ordezkatzea eta haiei ahotsa ematea

“Bizitzan zeharreko zaintza-eredu berria pixkanaka zabalduko da, eta honako hauek oinarrituko dute: erantzukizun publikoa sustatzea, familia eta erkidegoak bultzatzea, elkartasun antolatua sustatzea eta gizarte-zaintzetan jarduera ekonomikoa arautzea”, esan du.

Hala, honako hau esan du: “eragile guztiok lan egingo dugu koordinatuta pertsonen bizi-zikloan, behar dugun autonomiadun gizarte-integraziorako harreman-laguntzak hobetzeko, bai haurtzaroan edo nerabezaroan (eskubideen sustapena, babesa eta prebentzioa), bai mendekotasun-egoeran dauden nagusietan eta igarotzako uneetan, dela gaztaroan (emantzipazioa eta helduarora igarotzean) dela erretirorako adina heltzean (autonomia, talentua eta gizarteko parte-hartzea eta mendekotasunaren prebentzioa sustatzea).

“Gizarte-zaintzak gizarte osoaren ardura dira. Zaintzen feminizazioarekin eta familizazioarekin amaitzearen alde egiten dugu eta, horretarako, sozialki antolatzearen alde, lidergo publikotik eta familien, erkidegoaren, hirugarren sektore sozialaren eta enpresaren elkarlanetik abiatuta”, esan du Lopez-Arosteguik, amaitzeko.