Behatoki.eus, Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Balio Katea sendotzeko eta etorkizuneko erronkei aurre hartzeko tresna berria
2022-05-23
• Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan, aurkeztu dute behatoki.eus - Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Balio Kateko Behatokia informatika-tresna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak HAZIren bidez garatu duen ekimen berria.
• Behatoki horren xedea da sektorea sendotzea, merkatuetan gertatzen denari buruzko egungo ezagutza eta joera, berrikuntza eta iristeko dauden aukera berrien azterketa uztartuta.
Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Balio Katea ekonomia jarduera sendotzea eta, nazioko eta nazioarteko merkatuak aztertuta, joera berriei aurrea hartzea da behatokia.eus informatika-tresnaren helburu nagusia. Gaur goizean eman dute ezagutzera tresna hori Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan. Bertan izan dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea eta Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako presidentea.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen duen ekimen berri hori HAZIren bidez garatu da eta proiektuari beren ezagutza teknologiko zein sektoriala eskaini dioten zenbait erakundek hartu dute parte, besteak beste: Basque Food Cluster, Azti, Neiker, Leartiker, Basque Culinary Center edo Elika. Erakunde horiek proiektuari egiten dioten ekarpenari ad hoc sortutako lantaldeena gehitu behar zaie aztergai jakinetarako.
"Funtsezkoa da Euskadiko elikaduraren eta zuraren balio-kateko maila guztiak zehatz mehatz ezagutzea, egungo egoeran egokitu behar dituzten erronkak lortzen laguntzeko, ekonomia gero eta aldakorragoa eta kontsumitzailearen berariazko eskaria handiagoa baita", adierazi du Tapia sailburuak. Halaber, honako hau adierazi du: "euskal elikakatean gizarte , ekonomia eta ingurumen jasangarritasuna sustatu behar da, eta horretarako lehen sektorearen garrantzia azpimarratu eta gardentasun handiagoa erakutsi behar da merkataritza jardunbideetan, prozesu guztia (produktuak ekoiztetik merkaturatzera) hobetze aldera”.
Ildo horretan, ekitaldian izan diren sektoreko ordezkariei Euskadiko Elikadura Sistemaren Enpresa-jardunbide Egokien Kodea aurkeztu zaie, zeinak kate horretan jarduten duten pertsona guztien arteko merkataritza-harremanen oinarri diren printzipioak ezartzen dituen. Enpresak borondatez atxiki daitezke kate horretara behatokia.eus tresnaren bidez. Kode horrek, halaber, nekazaritzako kalitatezko elikagaiak bultzatu nahi ditu, elikagaien segurtasuna eta jasangarritasuna bermatuta, eta kontsumitzaileek nekazaritzako elikagaiei eta elikakatearen funtzionamenduari buruz jasotzen duten informazioa hobetu.
Behatokia: egungo ezagutza
Gero eta konplexuagoa eta ziurgabeagoa den ingurune batean, zeinetan lehia gero handiagoa eta biziagoa den, ezinbestekoa da elikaduraren eta zuraren funtzionamendu, eragile, produktu eta zerbitzuen azterketan eta jarraipenean oinarritutako ezagutza izatea. Behatokia.eus tresnaren helburua da ezagutza hori jakitera ematea zenbait atalen bidez, adibidez, "Estatistikak". Atal horretan, besteak beste, zenbakizko datuak ematen dira ustiategiei, ekoizte-prozesuei eta azpisektoreek aurre egin behar dieten afekzioei buruz. "Elikaduraren balio-katea" atalean, Kostuen eta Prezioen Behatokiaren emaitzen berri ematen da. Emaitza horiek produktu bakoitzaren balio-katearen maila bakoitzean jasotako ekoizpen-kostuen eta prezioen analisitik lortutakoak dira, dauden datuetatik, sektoreko erakunde ordezkarien datu ekarpenetatik, estatu mailako azterketetatik eta abarretik abiatuta.
Ezagutza elikaduraren eta zuraren ekoizpen eta industriaren, kontsumo-ohituren eta landa garapenaren egoerari buruz azken urteotan egin diren azterlanekin zabaltzen da.
Begirada berrikuntzara eta etorkizunera zabalik
Behatokia.eus tresnak bere eskaintza osatzeko, ekoizpen-, merkatu-, teknologia-, osasun- eta ongizate- edo jasangarritasun-joera berriak eskaintzen ditu, etorkizuneko beharrak asetzeko eta gure elikadura-sisteman berrikuntza, digitalizazioa eta garapen teknologikoa bultzatzen dituzten tresnak baliatzeko. Hori guztia, elikadura kontzienteagoa, osasungarriagoa, seguruagoa, jasangarriagoa eta bidezkoagoa lortzera dago bideratuta; izan ere, horixe da gero eta gehiago eskatzen dena eta eragin handia dute kontsumo-ohitura berrietan.
Hala, berrikuntza eta jasangarritasuna Euskadin sektorearen etorkizuna modu garrantzitsuan markatuko duten palanka bihurtzen dira. Enpresa-berrikuntza garapen jasangarrirako tresna da, eta, bertan, gure baliabide biologikoen aprobetxamenduak bat etorri behar du ingurumena errespetatzen duen elikadura sistemarekin.