Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Agritech, Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektorearen erronketarako erantzuna

2022-12-12

  • 100 lagun izan dira “AGRITECH, sektorearen etorkizuna” jardunaldian, non teknologia berriak euskal nekazaritzan aplikatzeak eskaintzen dituen aukerak aurkeztu diren
  • Agritecharen esparruan, Euskadiren helburuak dira sektorearen gaur egungo lehiakortasuna, efizientzia eta ingurumen inpaktua hobetzea, funtsezko teknologiak ezarriz; elikagaien ekoizpena handitzea, eta tokiko agritech ekintzailetza sustatzea, besteak beste
  • Agritecharen inguruko enpresa berritzaileen ordezkariek sistema horiek erabiliz izandako esperientziak partekatu dituzte

Beste jarduera batzuetan gertatu den bezala, goi mailako teknologia indar handiz sartu da nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan ere, eta iraultza betean sartuta daude teknifikazio, digitalizazio, sentsorika, robotika, Adimen Artifizial eta abarrengatik. Nekazaritzako elikagaien eta basogintza sektorearentzat funtsezkoa da eraldatzea eta aurrera egitea sistema produktibo, jasangarri eta klima aldaketarekiko erresistenteagoetarantz, eta erronka horietarako erantzunen zati bat agritech delakoan dago.

Kontzeptu horrek teknologiaren eta berrikuntza teknologikoaren erabilera konbinatzen ditu, nekazaritza eta abeltzaintza prozesuen efizientzia eta errendimendua hobetzeko, baita nekazariei denbora, esfortzua eta dirua aurrezteko ere. Europan, EBrentzat lehentasunezkoak diren bi helburu lortzen laguntzen du, hau da, klima aldaketara egokitzea eta lurraren erabileraren, basogintzaren eta nekazaritzaren sektorean klima neutraltasuna lortzea, doitasunezko nekazaritza ezartzeari esker.

Euskadin, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Iraunkortasun Sailaren bultzadari esker, NEIKERen bitartez, agritechean espezializatutako zentroa den aldetik, ekimen eta finantzaketa programa ugari antolatu dira Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategien teknifikazioa bizkortzeko.

Testuinguru horretan, euskal nekazaritzan teknologia berriak aplikatzeko aukerak aztertzeko, “AGRITECH, sektorearen etorkizuna” jardunaldia egin da gaur goizean, Gasteizen. Jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitza nagusian egin da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Leire Barañano NEIKEReko zuzendari nagusia bertan zirela. Ekitaldian Euskadiko elikaduraren balio-kateko eta basogintzako 100 ordezkari inguruk parte hartu dute.

Nekazaritza hobetzeko teknologia

Ekitaldian, Euskadiko agritecharen ildo estrategikoak aurkeztu dira, helburu hauek dituen ibilbide orriarekin: 

  • Sektorearen gaur egungo lehiakortasuna, efizientzia eta ingurumen inpaktua hobetzea, funtsezko teknologiak ezarriz.
  • Elikagaien ekoizpena handitzea, mendekotasuna gutxitzeko.
  • Prestakuntza handitzea, bai Lanbide Heziketaren arloan, bai unibertsitatekoan, nekazaritza eta abeltzaintza teknifikatuaren arloan.
  • Tokiko agritech ekintzailetza sustatzea.
  • Negozio aukera berriak sortzea eskaintza munduko nekazaritzako elikagaien katerantz dibertsifikatu nahi duen Euskadiko industria sarearentzat (sentsorika, osagaiak, robotika, materialak, egitura, energiaren eremua, etab.).
  • Atzerriko inbertsioak erakartzea lurraldera (produktiboak edo teknologikoak).
  • Inkubazioa edo azelerazioa behar duten start upak erakartzea (produktiboak edo teknologikoak), ondoren bertan ezartzeko.
  • Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen barruan ekosistema ezin hobea sortzea agritecharen erronkei aurre egiteko (I+G+B arloko eragileak eta tresnak).
  • Ibilbide orriaren garapena eta ezarpena dinamizatuko duen ekosistema publiko-pribatu optimoa sortzea.

2022an, jarduera plan horren ardatza izan da sektorearen teknifikazioan aurrera egitea, nekazariek eta abeltzainek adierazi dituzten beharretatik abiatuta, eta, era berean, I+G+B arloan beharrezkoak diren aliantzak sortzea, ibilbide orriaren garapenean aurrerapauso bat emateko.  Bereziki, NEIKERen eta BRTAko beste zentro teknologiko batzuen arteko lankidetza hitzarmenak itxi dira (TECNALIA, VICOMTECH eta TEKNIKER).

Zehazki, 2022an, lan arloak labore estentsiboetako doitasunezko nekazaritzan oinarritu dira, horien artean: adimen artifizialean oinarritutako ongarritze eta ureztatze sistemak edo hazitarako patataren ekoizpen aeroponikoa; labore babestuko sistemak, hala nola berotegiak edo estrategia konbinatuak dituen indoor farming delakoa; doitasunezko abeltzaintza; agrivoltaika eta tresna transbertsalen garapena, esaterako, Eusko-Agromet. 2023ra begira, Eusko Jaurlaritzak lurraldean agritecha sustatzen jarraitzeko apustuari eutsiko dio, eta bereziki azpimarratuko du doitasunezko nekazaritza sistemetan aurrera egitea eta teknikariei prestakuntza eta laguntza ematea, teknologiaak beren ohiko lanetan sar ditzaten.

Arrakasta kasuak agritechean

Agritech arloko erronkak aurkeztu ondoren, lehen sektoreko enpresetako ordezkariek beren ustiategietan teknologia berriak ezarriz izan dituzten esperientziak partekatzeko aukera izan dute, .

Lehenik eta behin, Raul Rituerto abeltzain eta Lursareko aholkulariak azaldu du nola laguntzen duten hesi birtualek abeltzaintza estentsibo efiziente eta lehiakorragoa lortzen. Teknologia hori hesi tradizionalaren ordez beste birtual bat jartzean datza, app batean ‘pintatzen’ dena, larratzeko partzela birtual bat sortzeko. Ondoren, Hermanos Torreko gerente Javier Torreren txanda izan da, eta jendeari erakutsi dio nola laguntzen duen doitasunezko nekazaritzak laborantza estentsiboen efizientzian eta jasangarritasunean. Torrek azaldu duenez, lursailen errendimendu eta ongarritze mapak egiten dira (sateliteen irudietan, ortoargazkietan eta nekazarien ezagutzan oinarrituak), eta, horrela, ureztatze eta ongarritze dosiak doitu daitezke sistema digitalen bidez. Azkenik, Ager Technology-ko Juan Garcia del Moralek itxi du ekitaldia, goi mailako teknologia nekazaritzaren zerbitzura jartzearen garrantzia aldarrikatuz, eta dagoeneko existitzen diren eta nekazaritzako ustiategien kudeaketa nabarmen hobetzea ahalbidetzen duten soluzioak aurkeztuz.