Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro inguru bideratu ditu landa garapeneko 54 proiektutara Lea Artibai eskualdean, 3,8 milioi euroren inbertsioak eraginda

Markina_032.jpg

2021-07-22

  • LEADER eta EREIN programen bidez, udalerrien sustapen, garapen eta dibertsifikazio ekonomikoa laguntzen baitute, haien landatartasun mailaren arabera
  • Lea Artibai Landa Garapenerako Elkartearen laguntzarekin eta aholkularitzarekin garatuko dira proiektuak

Mendexa Abentura Park, Villa Itsaso Hotela, Gizaburuaga udalerriko zerbitzu publikoen gunea eta Lea Ibilbidea oinezkoen pasealekua dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, eskualdeko udalerrietako eta LGEko ordezkariek lagunduta, gaur goizean bisitatu dituzten landa garapeneko proiektuak, Lea Artibain finantzaketa publikoarekin garatzen ari diren mota horretako ekimenak bertatik bertara ezagutzeko.

Bisitan, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Landaren, Itsasertzaren eta Europar politiketako zuzendari Jone Fernandezek parte hartu dute, Landa Garapenerako Elkarteko (LGE) ordezkariekin eta inguruko udaletako alkateen ordezkaritza handi batekin batera, Erein eta LEADER programen bidez onuradun izan diren proiektuak gertutik ezagutzeko.

Laguntza hauekin landatartasun gradurik handieneko udalerrien sustapena, garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa errazten da, eta beren helburu dira enpresak sortu, handitu eta modernizatzea; besteren konturako kontratazioak egitea; azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuak eraikitzea eta konpontzea; turismoa sustatzea; eta etxebizitzen eskuragarritasuna eta bizi kalitatea areagotzea.

LEA ARTIBAIRI BURUZKO DATUAK

2015-2021 urteen artean, Lea Artibai eskualdeak bi milioi euro inguru jaso ditu landa garapenerako laguntza gisa, guztira 54 proiekturentzat, 3,8 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusita.

Kopuru horretatik, 960.000 euro inguru Erein programatik etorri dira, erakunde publikoen 18 proiektu eta sustapen pribatuko 10 proiektu finantzatzeko. Guztira, 1,8 milioi eurotik gorako inbertsioa izan da. Proiektu horien artean aipatzekoak dira, adibidez, aterpetxerako sarbideak hobetzea, arte grafikoen enpresa bat martxan jartzea, baserriak eta auzoak argiztatzea, edo jolas eta abentura parke bat garatzea.

Gainerakoa, 1 milioi bat inguru, LEADER laguntzei dagokie eta 2 milioitik gorako inbertsioak aurreikusten dituzten 26 proiektu finantzatzeko erabili dira. Besteak beste, eskolak eraberritzea, bidegorrietan zerbitzuak jartzea, euri uren sarea konpontzea eta kirol eremuak egokitu eta hobetzea.

Gizartea eta kultura dinamizatzeko proiektuei dagokienez, guztira bi proposamen lagundu dira diruz, 7.000 euro ingururekin. Tximista Atletismo Taldeak antolatuta, Lekeitiotik Ondarroara kostaldetik egiten den lasterketaren hirugarren eta laugarren edizioak izan dira ekitaldi horiek.

EUSKADIRI BURUZKO DATU OROKORRAK

LEADER

2017tik 2020ra bitartean 29,5 milioi euro ingururen laguntzak onartu dira Euskadi osorako LEADER programaren bitartez. Kopuru horretatik gehiena (15,5 milioi euro) azpiegituretan, oinarrizko zerbitzuetan eta udalerriak berritzeko inbertsioetarako izan da, eta ondoren, enpresak sortzeko, handitzeko eta modernizatzeko inbertsioetarako (10,4 milioi). Gainerako dirua hauek bultzatzeko erabili da: ekintzailetza (1,7 milioi), etxebizitza (1,56 milioi) eta besteren konturako kontratazioa (365.000 euro).

2021eko deialdia gaur egun ebazten ari da, eta deialdi horretarako 5.210.000 euroko laguntzak aurreikusten dira. Beraz, LEADER programaren bidez Euskadik 2017-2021 aldian jasoko dituen laguntzak 35 milioi euro ingurukoak izango dira guztira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako Programaren esparruan onartutako Leader eremuko landa udalerrien sustapen, garapen eta dibertsifikazio ekonomikorako dira laguntza hauek, enpresen sorrera eta modernizazioa, kontratazioa, azpiegituren eraikuntza eta konponketa eta etxebizitzen eskuragarritasunaren hobekuntza bultzatzeko.

EREIN

Programa honek bi modalitate ditu: publikoa eta pribatua. Lehenengoa, udalerriei ez ezik era guztietako toki erakundeei zuzenduta dago, eta bigarrenarekin partikularrek garatutako jarduerak finantzatzen dira. Helburua da Euskadin landatartasun maila handiena duten eremuen sustapenean eta garapenean aurrera egitea. Guztira 116 herri daude eremu horietan sartuta. 2017tik 2020ra bitartean, guztira 27,6 milioi euro inguruko laguntzak eman dira laguntza modalitate bi horien bitartez.

MENDINET

Mendinet Tokiko Ekintza Taldeak kudeatzen ditu LEADER laguntzak, eta talde hori osatzen dute Euskadiko Landa Garapeneko 18 Elkarteek eta Hazi Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeak. Bere eginkizuna da eremu horien garapen ekonomikoa bultzatzea, landa eremuetako biztanleriari eusten laguntzeko, enplegu aukeren sustapenean biztanle gehiagorengana eta lurralde handiagora iristea eta biztanle horien bizi kalitatea hobetzeko ekipamenduak eta zerbitzuak jartzea. Hori dena estrategia berritzaile baten bidez, garapen iraunkor, integratu eta kalitatekoa lortzeko estrategia baten bidez.

"Lea-Artibai" Landa Garapenerako Alkartea 1990ean sortu zen, eta Markina-Xemeingo udaletxean dauka bere egoitza.

Bere jarduera eremu geografikoa Markina-Ondarroa eskualdea da. Hamabi udalerri hartzen ditu eskualdeak, nahiz eta Lekeitioko Udala ez den bertako kide, Mendi Nekazaritzako Elkartea eratu zenean Lekeitiok ez baitzuen halakotzat kalifikatutako lurralderik. Hala eta guztiz ere, zuzeneko salmenta egiten dute Lekeitioko udalerrian eta Lekeitioko Udalarekin elkarlanean aritzen gara. Hamaika udalez gain, beste 21 erakundek osatzen dute elkartea, gehienak lehen sektoreko elkarteak, baita euskal nekazaritza sindikatuek, landa eremuko emakumeen elkarteek, kultura elkarteek eta lehen sektoreko kooperatibek ere. Sortu zenetik, MIBA kooperatiba da presidente.

Nagusiki lehen sektorea dinamizatzen jarduten du, eta, batez ere, zuzeneko salmenta sustatzeko ekintzak egiten ditu, eskualdean zein eskualdez gaindi, eta lehen sektorean sortutako hondakinen bildu eta kudeatu, sustatzaileei aholkuak eman eta laguntzak kudeatu ere bai.

BISITATUTAKO PROIEKTUEI BURUZKO DATUAK

Goizean bisitatu diren proiektuak aukeratzean saiatu gara ahalik eta proiektu mota desberdin gehien sartzea: turismoa, azpiegiturak, aisialdiko jarduerak, zerbitzu publikoak, etab.

Mendexa Abentura Park

2017ko irailean inauguratu zen. Mendexako basoan, natura betean, dagoen abentura parkea da, eta 4 urtetik gorakoentzat egokia. 4 zirkuitu ditu, 70 erronka baino gehiagorekin eta 21 tirolinarekin, eta ibilbide berritzaileak, zuhaitzez zuhaitz tirolinetan, zubi tibetarretan, eskaletan eta abarretan ibiltzea ahalbidetzen dutenak. Mendexako Udalaren ekimenez sortu zen, eta lehen inbertsioa LEADER programaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin egin zuen. Ur Nomade SL enpresak kudeatzen du, eta hura izan da LEADER programak ere finantzatuta egin diren azken inbertsioen arduraduna. Enpresa hori 2006an sortu zen, eta beste jarduera eremu batzuk ditu, bai Bizkaian, bai Pirinioetan, betiere aisialdi jarduerei eta abenturakoei lotuta.

Villa Itsaso hotela

Mendexako udalerrian dago, Villa Itsaso Aldegi izena duen XIX. mendeko eraikin batean. Sustatzaileek 2009. urtean inauguratu zuten hotela, eta eraikin berean dute beren etxebizitza eta 2 enpresaren egoitza: Sendo SL, hotelaren sustatzaile ofiziala, eta Ingeniería Sendo SL. Ingeniaritzan landa bideen alorrean dihardu nagusiki, horiek identifikatzen eta udal inbentarioak egiten, ibilbideak sortzen eta haiek balioesten. 23 urteko lan ibilbidea du. Hotelak LEADER programako laguntzak izan zituen eta une honetan 4 langile ditu plantillan.

Zerbitzu publikoen espazioa Gizaburuagako udalerrian

Gizaburuaga 200 biztanle baino zertxobait gutxiagoko udalerria da. 2001etik 2005era bitartean Eguen 1 egikaritze unitatea osatu zen. Unitate horretan, Udalak 400 m2 lokal eskuratu zituen Larraigana kalean altxatutako eraikinetan, orubea eraikitzeko lagatzearen truke. Eraikin berriek herriaren erdigunean sortutako gune horietan, udalak zerbitzu sorta zabala eskaintzen die herritarrei. Zerbitzu horiek 2004. eta 2006. urteen artean eta 2013. eta 2017. urteen artean jarri ziren martxan, eta, neurri batean, Eusko Jaurlaritzaren Erein eta LEADER programetako funtsekin eta xede dituzten esparruetan (Osakidetza, Kultura, Gazte Plana, Azpiegiturak…) eskumena duten Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren sailen laguntzekin.Hauek dira zerbitzu horiek: osasun zentroa, gaztetxea, ludoteka, erabilera anitzeko lokala, liburutegia-KZ Gunea, gimnasioa eta proiekzio-antzerki gela.

Lea Ibilbidea

22,3 kilometroko ibilbidea da, eta Munitibartik Oiz mendiaren magalera doa, Aulesti, Gizaburuaga eta Amoroto udalerrietatik igaroz eta Mendexako itsasadarreraino, Lea ibaiaren ibilbidea jarraituz, handik hartzen baitu izena. Lea Ibarreko Udalerriko Mankomunitateak (egoitza Gizaburuagan dago) sortu eta bultzatutako ibilbide hori nagusiki oinezkoentzata da, eta ia osorik 2005-2007 aldian egin zen, 4 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin. Proiektua aurrera eramateko hainbat erakunde eta programaren laguntza jaso zen, BFAko Ingurumen Sailarena eta Eusko Jaurlaritzako sail eta programena, besteak beste, Erein eta LEADER programena.

Helburua da igarotzen den inguruneen paisaia, natura eta ondarearen aberastasunari balioa ematea. Ibilbidean Marierrota (bokaleko marea errota) eta Bengolea multzoa nabarmentzen dira. Paisaia hori kultura ondasun izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2015ean.