Euskadik negoziatzen jarraitzeko deia egin dio Madrili, 2023-2027 NPBaren esparruan urtea amaitu aurretik akordio bat lortu ahal izateko
2021-07-14
- Tapiak eskatu du zenbait arlotan egindako aurrerapenak Euskadiko nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorerako funtsezkoak diren beste alderdi batzuetara ere zabaltzeko, hala nola ekoeskemei laguntzea, zuzeneko laguntzen aurrekontuaren % 25.
Gaur, Konferentzia Sektoriala egin da Madrilen, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak parte hartu du bertan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz ondoan zuela. Konferentzian, Planas ministroak oinarri dokumentu bat aurkeztu du autonomia erkidegoekin akordio bat lortzeko, 2023-2027 aldirako NPBaren Plan Estrategikoa egin ahal izateko.
Euskadik balorazio positiboa egiten du MAPAk proposatutako aplikazio-ereduaren zenbait planteamenduri buruz, hala nola konbergentzia leuneko prozedurari buruz, erreserba nazionalaren bidez bakarrik hauta daitezkeen hektarea berriak sartzeari buruz, ordainketa akoplatuen bolumen finkatuari buruz, edo belaunaldi-erreleboari eta emakume nekazariari laguntzeari buruz. Baina beharrezkotzat jotzen du negoziatzen jarraitzea, ahalik eta lasterren akordio batera iristeko beste alderdi batzuei buruz, hala nola egungo proposamenean dagoen zehaztugabetasuna gai garrantzitsuen aurrean, hala nola ekoeskemen babesa, zuzeneko laguntzen aurrekontuaren % 25 osatzen baitute. Egiteke dagoen lanaren eta negoziazio politikoaren helburua abenduaren 31rako Plan Estrategiko adostua ixtea da. Egun horretan, Batzordeak estatu kideen NPBren plan estrategikoak jasoko ditu.
Eusko Jaurlaritzak oso positibotzat jotzen duen beste alderdi bat esnetarako behien laguntza akoplatuei lotutako diru-horniduraren igoera esanguratsua da, sektore hori zailtasun handiak jasaten ari baita azken urteotan.
Jardunaldian zehar, Ministerioak konpromisoa hartu du, halaber, Kantauri isurialdeko ekoizpen-ereduaren berezitasunak bereizten eta aitortzen jarraitzeko. Horrela, Euskadiko nekazaritzako eta abeltzaintzako eredu sektoriala argi eta garbi islatuko litzateke PEPAC berrian.
"Eusko Jaurlaritzaren ahalegina sektoreak laguntzak (lehen zutabea) jasoko dituela bermatzea izan da, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera, gaur egun NPB laguntzen 7.200 hartzailek osatzen dutena, pandemia osteko eredu sozioekonomiko berrira egokitu dadin. Era berean, Euskadik beti erakutsi du Europako landa-garapenerako funtsak gauzatzeko gaitasun handia duela; izan ere, N+2 urtekoaren amaieran gauzatu ez diren baliabideak automatikoki deskonprometituko dira eta gauzatze-maila onena duten autonomia-erkidegoei esleituko zaizkie ", nabarmendu du Tapia sailburuak.
NEGOZIAZIOAN EUSKADIK IZANDAKO JARRERA
Nahiz eta Euskadi Estatu mailako Plan Estrategiko bakarra egotearen aurka agertu, eta eskualdeetako plan estrategikoak komeni zirela defendatu zuen, bai Konstituzioaren eta eskumenen legitimitatearekiko koherentziagatik, bai laguntza tresnak modu subsidiarioagoan aplikatzearen alde egiten zuen erreformaren espirituagatik beragatik. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak honako planteamendu hauek defendatu ditu azken hilabeteetan Euskadiko nekazarien interesak babesteko:
Zuzeneko laguntzak (lehen zutabea)
- Konbergentziaren ondorioetarako, Euskadirentzako eskualde produktibo bakarra lortzea, berezitasun fiskal batean oinarrituta, eskubideen konbergentzia leuna ahalbidetzeko, bereziki Euskadiko abeltzainen eskubideena, batez besteko balio oso altuekin, bai eta hektarea hautagarri berrien sarrera mugatzea ere, eskubideak eta hektarea hautagarriak gaur egun elkarrekin ondo egokitzen baitira.
- NPBaren onuraduna edo nekazaria benetakoa izatearen alde egitea, laguntzak benetan profesionalak diren nekazariei berresleitu ahal izateko eta babesak birbanatzean nekazaritza familiarrari bideratuago egoteko. Euskadik defendatu du NBPa neurri handian nekazaritzako diru sarreretatik bizi direnei zuzentzea.
- Ordainketa akoplatuak mantentzea, eta sektore sentiberentzako laguntzak (esnearen sektorea, haragiarena, etab.), Batzordeak baimendutako laguntza mailarik handienean, azpisektore berriak horien banaketan sartu gabe, ordainketa horiek Euskadiko nekazarientzat duten zeregina eta garrantzia kontuan hartuta, jasotako zuzeneko laguntzen %21 baitira, eta, beraz, Kantauri itsasoko ertz osoan ere.
- Ekoeskemak martxan jartzea, gure nekazari guztiak sartu ahal daitezen (nekazari bakoitzak gutxienez ekoeskema batera sartzeko modua edukitzea, behintzat), eta ordaintzaileak izan daitezen, ekoeskemak zuzeneko laguntzen %25 baitira, eta erraz kudeatu eta kontrolatzeko modukoak.
Landa Garapenerako laguntzak (bigarren zutabea)
- Bigarren zutabeko esku hartzeetarako LGENF funtsen zuzkidura egokiagoa, Euskadiko landa ingurunearen premiekin eta gauzatzeko ahalmenarekin gehiago bat datorrena; 2021-2027 finantza aldirako egun dauden 87,1 milioiak baino gehiago.