Euneiz EAEko unibertsitate gisa onartzeko Lege-proiektua (Gobernu Bilera 2021-3-16)
2021-03-16
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Euneiz Unibertsitatea Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen unibertsitate pribatu gisa aitortzen duen Lege-proiektua. EUSTEIZ 2018 SAU entitateak sustatutako Lege-proiektu hau Legebiltzarraren osoko bilkurak onartu beharko du. Bertan, unibertsitateko goi-mailako irakaskuntza-zerbitzua ematea errazteko ezinbesteko araudia jasotzen da, hezkuntzaren eta ikerketaren kalitatea bermatuz.
Lege-proiektuak jasotzen duenez, Euneiz Unibertsitateak Goi-mailako unibertsitate-hezkuntza eskainiko du, teknologia berrien eta kirol eta osasun zientzien arloak integratuta. Teknologia berrien eta ekonomia digitalaren esparrua entretenimenduaren, bideo-jokoen eta joko aplikatuen industriara bideratua egongo da. Osasun zientzien esparrua, berriz, kirol-zuzendaritzaren eta berregokitzearen eremuetara egongo da bideratuta, batez ere.
Arlo horiei loturik, unibertsitateak hasiera batean bi ikastegi izango ditu:
- Osasun zientzien fakultatea
- Teknologia interaktibo berrien fakultatea
Baimena eta baldintzak
EUNEIZ 2018 entitateak sustaturiko Lege-proiektua, era berean, honako hauetaz ere arduratzen da: erakunde sustatzaileak jarduera akademikoa garatzeko bete behar dituen baldintzak definitzeaz, batetik, baina baita jarduera horren inguruan Hezkuntza Sailari dagozkion baimentze, jarraipen eta ikuskatze-eginkizunak zehazteaz ere.
Hezkuntza Sailak Euneiz Unibertsitatearen jarduera hasiera baimenduko du, gehienez ere sustatzaileak baimena eskatzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean, behin unibertsitatea aitortzen duen legea indarrean dagoela, beti ere epe horren barruan titulu ofizialen homologazioa lortu bada eta gainerako lege-betekizunak betetzen direla egiaztatzen bada.
Euneiz Unibertsitateak baliabide propioak izan beharko ditu, bere eginkizunak behar bezala beteko dituela bermatzeko. Ikaskuntzaren eta ikerkuntzaren kalitatea bermatzeko legeriak ezartzen dituen oinarrizko betekizunak ere bete beharko ditu.
Lege-proiektuan jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzak egiaztatu egingo du legez ezarritako gutxieneko baldintzak bete direla, besteak beste, irakasleei eta ikertzaileei dagozkienak, eta gradu eta masterreko zortzi titulu ofizial, gutxienez, lortzera bideratutako ikasketa-planak egiaztatu eta baimendu direla. Unibertsitatearen jarduerak baimentzeko baldintza gisa, unibertsitatearen funtzionamendua eta garapena ziurtatzeko behar diren bermeak eratu beharko dira.
Bestetik, Hezkuntza Sailari dagokio Euneiz Unibertsitateak aplikatzekoak zaizkion arauak eta bere gain hartutako betebeharrak betetzen dituen ikuskatzea.
Legebiltzarrean izapidetzea
Lege-proiektua Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, Legebiltzarrera igorriko da betan onartua izan dadin, ganbera horri baitagokio unibertsitate pribatuak aitortzea.