Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Estamentu publikoetan emakumeen parte-hartzea areagotzeari buruzko aldarrikapena izan da Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren ardatza

Jornada_Mujeres_Rurales.jpg

2021-10-15

Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk antolatutako jardunaldian, Esther Escuderok, Leire Milikuak eta Pilar Legarrak hitzaldiak eskaini dituzte; eta, ekitaldiari amaiera emateko, mahai-inguru bat egin da, non hiru hizlariek beren testigantzak eta esperientziak partekatu dituzten landa-eremutik alor publikoan parte hartzeko arazoak zuzenean ezagutzen dituzten bi emakumerekin.

Eusko Jaurlaritzak aurten ere ospatu du Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Horren harira, jardunaldi bat antolatu du goizerako, “Landa-eremuko emakumeen parte-hartze publikoa” lelopean. Horren baitan emakumeek bizitza publikoa eta soziala osatzen dituzten estamentu eta erabaki-organoetan jokatzen duten rola aztertu eta aldarrikatu nahi izan da.

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Jone Fernándezek aurkeztu du topaketa, eta amaierako mahai-inguruan bitartekari-lanak ere egin ditu. Bere hitzetan, hauxe da egunaren helburua: “Landa-eremuko garapen sozioekonomikoan, elikagaien segurtasunean eta pobrezia errotik ezabatzeko zereginean emakumeek duten funtsezko rola aitortzeko lanetan aurrera egitea. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZIrekin batera, ia hogei urte daramatza ekitaldi hori antolatzen, landa-eremuko emakumeek egiten duten lanaren balioa azpimarratzeko xedez, eta landa-inguruneko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenean aurrera eginez”.

Hitzaldiak

Jardunaldian, izen handiko hiru emakume adituren hitzaldiak izan ditugu.

Lehendabizi, Errotik Kooperatiba Feministako kide Esther Escuderok parte hartu du, eta “Emakumeen parte-hartzea esfera publikoan” gaia landu du. Hitzaldiaren bidez, esfera publikoen egungo egoeraren irudi orokor bat osatu du, datu estatistiko eta txosten garrantzitsuenen analisiaren bidez, eta bereziki azpimarratu ditu parte-hartze orekatua, egiazkoa eta eraginkorra izateko dauden zailtasun nagusiak.

Ondoren, Leire Milikuak hartu du hitza, eta “Landa-eremuko emakumeak, emakume nekazariak: garrantzia eta parte-hartzea” gaia jarri du mahaiaren gainean. Haren hitzaldian, landa-ingurunearen eta eremu geografiko bakoitzaren testuinguru soziokulturalaren berezitasunak aztertu ditu, eta Euskadiko landa-ingurunearen egungo egoerari buruzko azalpenak ere partekatu ditu. Leire Milikua Emakume Nekazarien Estatutuaren idazkari teknikoarekin lankidetzan aritu da, eta, gaur egun, Emakunderen beka baten bidez ari da Euskadin emakumeek nekazaritzaren sektorean duten parte-hartzeari buruzko azterlan bat egiten.

Azken hitzaldia Pilar Legarrak egin du, eta “Emakumeak toki-erakundeetan” gaia izan du ardatz. Pilarrek nabarmendu du Euskadiko alkateen herena baino gutxiago besterik ez direla emakumeak, eta soilik hamar udalerri handienetako lautan jarduten dutela. Halaber, adierazi du ez dagoela zinegotzigoei buruzko daturik. Bere ustez, denboraren antolaketa landu behar da, horrek politikan inplikatzen diren pertsona guztiei —gizonak eta emakumeak— ekarriko baitie onura; hala ere, emakumeek nagusiki desabantaila dutela ikusita, emakume politikariei onura handiagoa ekarriko die, eta, horrela, eragin-eremua parekatuko da.

Jardunaldiari amaiera emateko, mahai-inguru bat antolatu da. Bertan, hiru hizlariek beren testigantzak eta esperientziak partekatu dituzte landa-eremutik alor publikoan parte hartzeko arazoak zuzenean ezagutzen dituzten bi emakumerekin: Nieves Quintana (ACOVI Gasteizko Kontzeju Elkarteko presidentea) eta Itsaso Agirre (ELE - Gipuzkoako Latxadunen Elkarteko eta GILE - Gipuzkoako Limousin Arrazako Ganadu Hazleen Elkarteko kidea).

Emakume Nekazarien Estatutua

Gaur, 2021eko urriaren 15ean, 6 urte bete dira Eusko Legebiltzarrean Emakume Nekazarien Estatutua aho batez onetsi zenetik.

Estatutu horrek emakume nekazarien eskubideak hartzen ditu abiapuntu, eta administrazio publikoen betebeharrak zehazten ditu, eskubide horien erabilera eraginkorra bermatzeari begira. Hortaz, nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna erdiesteko eta sektorearen alor guztietan genero-ikuspegia txertatzeko beharrezko neurriak jasotzen dituen legea da.

Ezinbestekoa da emakumeek alor publikoan parte hartzeko pairatzen dituzten desberdinkeriak gainditzea nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortu nahi bada; eta, horretarako, gako-gaietako bat dira ustiategietako baterako titulartasunak, horrek dakartzan eskubideekin, emakumeek ustiategietan egiten duten lana ikusarazteko.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak, HAZIren lankidetzarekin, titulartasun partekatuari buruzko ikerketa bat bultzatu du. Ikerketa hori Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak 2021eko martxoaren 30ean Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordeko Osoko Bilkurari iragarritako jarduketa-planaren parte da.