- Planak biktimen aitorpen legala, instituzionala, soziala eta sinbolikoan aurrera egitea proposatzen du
- Jaurlaritzak bi urterik behin Euskadiko giza eskubideen egoerari buruzko txostena prestatzearen aldeko apustua egiten du
- Halaber, legealdi honetan tratu-berdintasunari eta bazterketarik ezari buruzko Euskadiko lege integrala onartzea aurreikusten da
Vitoria-Gasteiz, 2021/05/28
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak gaur azaldu du bizikidetzarako, giza eskubideetarako eta aniztasunerako 2024 Udaberri Planak, 2021. eta 2024. urteen artean indarrean egongo denak, honako xede hau duela: “pertsona guztiek, giza eskubideak erabat baliatuz, bizikidetza hobea eta aberasgarriagoa izan dezaten laguntzea”.
Lehendakaritzan egin den prentsaurrekoan, Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak lagunduta, sailburuak honako hau nabarmendu du: “bizikidetza Planaren helburua, iparra eta etorkizuna da”. Bere iritziz, “ETAren indarkeria terroristaren zikloaren amaierak gure ahalegina bizikidetzan zentratzeko aukera paregabea dakarkigu. Honako mugarri hau oinarri duen bizikidetza hobea: giza eskubideak: eskubide guztiak pertsona guztientzat”.
Aurreko planen esperientzietatik abiatuta, eta egungo egoera eta testuingurua aztertuz, 2024 Udaberri plana irailean onartzea aurreikusten da. Lehenengo, Eusko Jaurlaritzak kontraste-ziklo zabala jarriko du herrialdeko erakunde, entitate eta eragile nagusiekin, testua aberasteko; izan ere, “bizikidetzako eta giza eskubideetako politika politika nuklearra da herrialde honentzat”, esan du sailburuak.
“Zenbait hamarkadatako indarkeria terroristaren eta beste indarkeria-adierazpen batzuen ondoren, indarkeriarik gabeko etorkizuna merezi dugu, pertsonaren duintasunaren, giza eskubideak baliatzeko babesaren eta berme eraginkorraren, pertsona guztientzako eskubide guztien eta aniztasunean oinarritzen den bizikidetzaren ikuspegitik”, esan du Rodríguez Ranzek.
2024 Udaberri Plan honek hiru eremu handi barne hartzen ditu: Bizikidetzarako Euskadiko Agenda; Giza Eskubideen Agenda Globala, eta Aniztasunerako Euskadiko Agenda.
Bizikidetzarako Euskadiko Agenda
Artolazabalek esan duenez, “Bizikidetzarako Euskadiko Agendaren erronka dagoeneko abian diren lau irakasgai hauei aurre egitea eta haiek nota onez gainditzea da: biktimen aitorpen legala, instituzionala, soziala eta sinbolikoa; iraganari buruzko hausnarketa autokritikoa; espetxe-politikaren normalizazioa, eta tokapetaren kultura sendotzea". “2024 Udaberrik hori sinbolizatu nahi du, zehazki: argia, kolorea, ilusioa, guztion artean eraikitzeko itxaropena, guztiok partekatutako proiektua, jakina bakoitzaren ideiak eta identitateak gorabehera”, esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Zehazki, Plan hori biktimen begirada sendotzeko sortu da, eta, horretarako, biktimen erakunde- eta gizarte-aitorpenaren aldeko apustua egiten du: biktima guztiak parekatzerik gabe, konpentsaziorik gabe, bazterketarik gabe. Gainera, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko egiten den lanaren osagarri izango den Euskadiko Memoria Historikoari eta Demokratikoari buruzko Legearen onarpena sustatuko du eta haren ezarpenaren buru izango da; izan ere, “etorkizuneko Euskadik memoria duen Euskadi izan behar du”, esan du Rodríguez Ranzek.
Giza Eskubideen Agenda Globala
“Gaur egun giza eskubideetarako bizi dugun arriskuko testuinguru globalean, gure aukera irmoa eta tinkoa da: giza eskubideak erabat eta eraginkortasunez balia daitezen defendatu, babestu eta bermatzea”, esan du Artolazabalek. Giza eskubideen defentsa oinarri da, bizikidetza hobea eta aberasgarriagoa eraikitzeko.
Herrialdeko politikei giza eskubideen ikuspegia emateko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, nobedade gisa, bi urtean behin Euskadiko giza eskubideen egoerari buruzko txostena egitea proposatzen du, eta, haren bidez, giza eskubideekin duten loturari dagokionez politikak erradiografiatu eta ebaluatzea.
2024 Udaberrik, halaber, herritarrak prestatzen, sentsibilizatzen eta ahalduntzen lagunduko du, haiek giza eskubideekin duten konpromisoa aktibatzeko; halaber, ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideen agenda batean aurrera egiten ere lagunduko du, eta nazioarteko izaera eta proiekzioa duten giza eskubideei buruzko politika eta programekin jarraitzen eta sustatzen.
Aniztasunerako Euskadiko Agenda.
“Aniztasuna ez da birus bat; txerto bat da, printzipio aktibo bat, balio bat”, esan du sailburuak, eta “XXI. mendeko Euskadiko gizartea erabat anitza” dela esan du.
“Gizarte anitzak oparoagoak direlako” uste osoa izanik, 2024 Udaberri Planak tratu-berdintasuna areagotzea eta bazterketaren aurka borrokatzea ditu xede. Horretarako, legealdi honetan tratu-berdintasunari eta bazterketarik ezari buruzko Euskadiko lege integrala idaztearen eta onartzearen aldeko apustua egiten da.