Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailek Kultura eta Sormen Industriak bultzatzeko estrategia berri bat aurkeztu dute

  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailek Kultura eta Sormen Industriak bultzatzeko estrategia berri bat aurkeztu dute
Irekia

  • DataUztailak 1
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua

Bi sailek KSIGune, Kultura eta Sormen Industriei (KSI) buruzko kluster bat, sortzeko elkarrekin lan egin dute

Euskadin KSIen sektorea 16.000 enpresa eta 48.000 langile baino gehiagok osotzen dute

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikakoak Kultura eta Sormen Industriak (KSI) bultzatzeko estrategia berria aurkeztu dute gaur Tabakaleran. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako bi sailek Kultur Sormen Industrien inguruko KSIGune klusterra sustatu dute. Jakintza-gune hau sektore horretako unibertsitateetan, goi-mailako zentroetan eta ikerketa-zentroetan sortutako jakintzaren transferentzian hautemandako problematikari erantzuteko sortu da.

Euskadiko Kultura eta Sormen Industriek 15 sektore hartzen dituzte, sei azpisektore kultural (kultura-ondarea, ikusizko arteak, musika, edizioa eta inprimatutako bitartekoak, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak) eta sormenaren arloko beste bederatzi azpisektore (artisautza, arkitektura, publizitatea eta marketina, bideo-jokoak, eduki digitalak, diseinua, moda, hizkuntzaren industriak eta gastronomia).

Kulturaren Euskal Behatokiaren 2019ko datuen arabera, Euskadin Kultura eta Sormen Industriek 16.122 enpresa eta 48.161 lanpostu hartzen dituzte.

2015etik, Euskadik Kultura Sormen Industrien pilotaje talde bat du, RIS3 estrategiaren barruan (Espezializazio adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia) eta Europarekin lerrokatuta, izan ere, Eusko Jaurlaritzarentzat KSIen eremua ekosistema estrategikoa da Euskadirentzat. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, "alde horretatik, dena delako eremua sail batetik gertuago egoteaz gain, Jaurlaritzaren konpromisoa da estrategia horretan parte hartzea eta ekarpenak egitea. Hezkuntza Sailak hasiera-hasieratik lan egin nahi izan du, Euskadirentzat hain zabala eta garrantzitsua den Kultura eta Sormen Industriak indartzea eta sendotzea helburu hartuta ".

Unibertsitatearen eta Kultura eta Sormen Industrien sektoreko enpresen arteko topagune berri bat sortzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika Saila elkarlanean ari da 2020tik Tabakaleran gaur aurkeztu den KSIGunea aurrera ateratzeko. Foro honen bidez, Euskadiko Goi Mailako Hezkuntzako ikerketa-taldeen, KSIen (Kultura eta Sormen Industriak) eta euskal erakundeen arteko lankidetza sustatu nahi da, Zupiria sailburuak azpimarratu duenez, "Europan lehiakorragoak izateko, ikerketa eta berrikuntza gehiago sortzeko eta etorkizunera begira profesional gaituagoak izateko". 

Gaitasunak identifikatzea 

Kluster hori sortzeko lehen urratsetako bat izan da, Hezkuntza Sailaren aldetik, Euskadiko unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan dauden KSIekin lotutako prestakuntza-, ikerketa- eta transferentzia-gaitasun guztiak identifikatzea: UPV-EHUn, Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean, Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroa), Tecnun-en (Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola), IDarten (Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskola), IED Kunsthal-en, Dantzertin (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola), eta Digipen Insitute of Technology-n. Horrela, KSIekin lotutako prestakuntza-eskaintza guztia barne hartzen duen mapa bat sortu ahal izan da, 4 unibertsitatetako eta 5 goi-mailako ikastetxetako 20 fakultate eta eskola biltzen dituena. Zentro horiek 111 prestakuntza-gaitasun (53 gradu, 49 master eta 9 doktoretza-programa), 44 ikerketa-talde eta 5 institutu eta katedra biltzen dituzte. Mapa hori, https://www.ksigune.eus/eu helbidean kontsulta daitekeena, ekimen aitzindaria da Europan.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, gaitasunen identifikazio horri esker "zubi berriak eraiki ahal izango dira unibertsitateen eta Kultura eta Sormen Industrien sektorearen artean". Zupiriak gaineratu duenez, "KSIek gure enpresa sarean duten garrantzia euren eskumenetan dago. Batez ere, sormenaren edo sorkuntzaren bidez soluzioetan berritzeko duen gaitasunean. Gaitasun horiek gero eta gehiago baloratzen dira enpresa-munduan, eta oso lotuta daude talentuarekin eta erresilientziarekin edo egokitzeko gaitasunarekin ".

KSIei buruzko klusterrarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak BDCC-Basque District of Culture and Creativity, Euskadiko Kultura-eta Sormen-barrutia, jarriko du martxan uztailaren 8an, eta sektoreko enpresei hainbat tresna eta zerbitzu eskainiko dizkie, barneko eta nazioarteko merkatuan lehiakorragoak izateko eta ildo horretako politikak garatzeko.

Hiru zutabe 

KSIGune klusterra diseinatzeko orduan, Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Prestakuntzako 4Gune klusterraren prestakuntza hartu da erreferentziatzat. KSIGunek hiru zutabe izango ditu: 

  1. Kultura eta Sormen Industrietako goi-mailako hezkuntzaren gaitasunen mapa aldian-aldian eguneratzea eta KSI gaitasunen mapa egitea.
  2. KSI enpresek erronkak planteatzea eta ikasleek erronka horiek ebaztea, irakasleek eta enpresetako arduradunek elkarrekin gainbegiratutako proiektuak gauzatuz.
  3. KSIren beharretara konektatutako prestakuntza-programa bat bultzatzea. 

KSIGune klusterra Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailek zuzenduko dute, baina honako hauek osatuko dute: Kultura eta Sormen Industrien eskaintza duten goi-mailako hezkuntza-zentroak, BDCCn integratutako sektorea bera, Tecnalia, Innobasque eta Gaia. Euskampus Fundazioa arduratuko da klusterra eta bere jarduerak kudeatzeaz eta dinamizatzeaz.

Helburuak

KSIGune klusterrak, azken batean, Kulturaren eta Sormenaren euskal sistemaren aberastasunari balioa eman nahi dio, haien arteko eta beste sektore batzuekiko lankidetza bultzatu nahi du eta haren inpaktu soziala indartu nahi du. Helburu hori lortzeko honakoak landuko ditu:

  • Goi-mailako hezkuntzak prestakuntzan eta ikerketan duen aniztasuna eta aberastasuna ikusaraztea, baita Kulturaren eta Sormenaren eremuan ere.
  • Euskadiren lehiakortasuna eta lidergoa hobetzea, KSIak unibertsitateko ikerketaren eta prestakuntza-eskaintzaren definizioan, diseinuan eta exekuzioan txertatuta.
  • Aliantza estrategikoak indartuko dituzten lankidetza publiko-pribatuko mekanismoak indartzea.
  • Ikaskuntza, ekintzailetza eta enplegagarritasuna indartuz, KSIen erronkak Euskadiko goi-mailako hezkuntzan dagoen talentuarekin lotzea.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri