Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Ordiziak 2020ko Idiazabal gazta berriaren aurkezpena eta mozketa ospatu du

Idiazabal_1.jpg

2020.eko maiatzak 27

Idiazabal gazta berria aurkezpenaren XXVI. edizioa egin da gaur goizean. Ekitaldi hori Ordiziako Artzain Egunean egin ohi da, baina aurten, COVID-19 pandemiak eragindako alarma-egoeraren ondorioz, bertan behera geratu zen.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Bittor Orozek parte hartu du Ordiziako Udalak, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatutako ekitaldia honetan. Aurkezpena Ordiziako Oiangu parkean egin da, gaur egun eskatzen diren segurtasun neurri guztiak betetzen.

Aurten, Unai Campo Bilboko Porrue jatetxeko sukaldariak moztu du Idiazabal 2020 gazta berria.

Aurkezpen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta bertako erakundeek eta Idiazabal gaztari babesa eman nahi izan diote, azken hilabeteetan bizi izan duen krisi sanitarioa dela eta, salmentetan eta kontsumoan beherakada antzeman baitu.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen bezala, COVID-19aren eraginez Idiazabal gaztaren eskariak izandako beherakadari aurre egiteko, HAZI Fundazioak sustapen kanpaina bat jarriko du abian, Idiazabal gaztaren kontsumoa bultzatzeko. Gazta hori euskal gazta nagusia da merkatuan, kalitateagatik, bikaintasunagatik eta jatorri ziurtatuagatik, bai eta ekoitzitako unitate gehien dituena ere.

Sustapen kanpaina honetan, saltoki txikiak eta banaketa enpresa handiak batzea espero da, Euskadiko kontsumitzaileari nekazaritza sektoreko produktu izarretako bat eskaini ahal izateko.

Gaur goizeko aurkezpenean, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenak sariak eman dizkie 2019an beren kalitateagatik nabarmendu diren artzain eta gaztandegi erregularrei. Honela banatu dira sariak:

- Artzain ekoizlearen saria: La Leze
- Gaztagintza saria: Goine

Urtero bezala, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenak gaztaren ekoizpenari buruzko datuak eman ditu. Gaur egun, Idiazabal Jatorri Deituraren esparruan 350 ustiategi baino gehiago, 124 gaztandegi (59 Gipuzkoan, 21 Araban, 14 Bizkaian eta 30 Nafarroan) eta 4 enpresa elaboratzaile daude inskribatuta. Iazko ekoizpena 1.421.000 kilo ingurukoa izan zen.