Jaurlaritzak argibide-ohar bat bidali die enpresei, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua indarrean sartu ondoren ezarritako jarduera-irizpideei buruz
2020.eko martxoak 31
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak argibide-ohar bat bidali die enpresaburuen elkarteei, sindikatu-elkarteei eta industria-klusterrei, enpresei ezarritako jarduera-irizpideak argitzen laguntzeko, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua indarrean sartu ondoren.
Idatzi baten bidez, Tapia sailburuak jakinarazi die Eusko Jaurlaritza jakitun dela zailtasunak izaten ari dela, eta nabarmendu die garrantzitsua dela industria-inguruneetarako segurtasun-protokoloa zorrotz aplikatzea.
Eusko Jaurlaritzaren argi-oharrean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak azaltzen du zer bereizketa dagoen Errege Dekretuak "funtsezko" gisa katalogatutako jardueren artean, eta argitzen du zer aukera dagoen funtsezko gisa katalogatu ez arren hornidura-katekoak diren eta funtsezkotzat kalifikatutako zerbitzuak behar bezala emateko ezinbestekoak diren enpresen jarduerari eusteko.
Gutxieneko jarduera
Eusko Jaurlaritzak honela definitzen du ezinbesteko gutxieneko jarduera: "Enpresari barne-egoera optimoa eta ekoizpen-jarduera nahikoa mantentzea ahalbidetzen diona, eta jarduera ixtea eragin dezaketen egoera traumatikoak (eskaeren galera, kontratuak ez betetzeagatiko zehapenak, etab.) saihestea ahalbidetzen diona", Ekonomia Gaietarako lehendakariorde Nadia Calviñok gaur eguerdian iragarritakoaren ildotik.
Industria elektrointentsiboa
Era berean, ohar honek industria elektrointentsiboari buruzko berariazko erreferentzia egiten du, bereziki garrantzitsua Euskadin. Oharrak adierazten duenez, "Sistema elektrikoaren hornidura eta egonkortasuna bermatzeko beharrezkoa den industria elektrointentsiboa ezinbestekoa izango da", eta bertan CNAE 24ren jarduerak agertzen dira, hala nola metalurgia; burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko produktuen fabrikazioa.
Antolaketa-protokoloa
Enpresan antolaketa-protokolo bat egitea gomendatzen da, enpresa bakoitzak "ezinbesteko gutxieneko jarduerari" eusteko arrazoiak jasoko dituena. Protokolo horretan, baimen ordaindu berreskuragarria hartu behar ez duten eta, beraz, beren lanpostuetara joan behar duten enpresako pertsona espezifikoak aipatuko dira.