HiTZ, hizkuntza-teknologien arloko ikerketa-zentro erreferentea abian da

2020.eko azaroak 05

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak UPV/EHUko HiTZ zentroaren, hizkuntza-teknologien arloan erreferente izateko helburu duen ikerketa-zentroaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du gaur goizez. Transformazio digitalaren eta adimen artifizialaren erronka eta aukera berrien aurrean, ezinbesteko bihurtu da hizkuntza teknologien ikerketan sakontzea. Horretarako UPV/EHUko bi ikerketa-talde elkartu dira: IXA Taldea eta Aholab, eta 60 kide inguru ditu, irakasle, ikertzaile, teknikari eta doktoretza-ikasleak kontuan hartuta. Formakuntzan, ikerketan eta teknologiaren transferentzian ari dira dagoeneko zentroan.

Ekitaldian, Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikerketa-zentro berri bat abian jartzeak eragiten dion poza azaldu du, eta zentzu horretan, UPV/EHU eta ekimenean buru-belarri ari diren ikertzaileak zoriondu ditu, gisa honetako proiektuari bultzada emateagatik. Atzo bertan aurkeztu zuen Zientzia Euskadin 2020 Txostenari eta bertan jasotzen diren datuei aipamena eginez, zientzia eta ikerketaren arloan Euskadi egiten ari den lana eta ahalegina nabarmendu nahi izan ditu sailburuak, eta legegintzaldi honetarako Hezkuntza Sailak duen konpromisoa berretsi: “urtero ikerkuntzaren eta garapenaren alde jartzen diren baliabide ekonomikoak %6 igoko ditugu. Hiru dimentsiotan egiten dugu lan: hedapena, bikaintasuna eta Europa eta munduarekin elkarlana dira gure iparra. Epe luzerako politikak bultzatuz, berrikuntza sustatuz eta jarraipena eginez. Hori da bidea, eta hemen ditugu emaitzak. HITZ, Hizkuntza Teknologiako Zentroa, ibilbide honetarako beste helduleku bat da, indartsuago egiten gaituena”, azaldu du.

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean du egoitza HiTZ zentroak, gaur aurkeztu den hizkuntza-teknologien arloko ikerketa-zentroak. Berriki sortutako zentroa da, baina ez, ordea, hura osatzen duten ikerketa-taldeak: IXA Taldeak 30 urteko ibilbidea du  idatzizko edukien tratamenduan, eta Aholab taldeak 1998tik dihardu ahozko edukien tratamenduan. 2002az geroztik lankidetzan ari dira bi ikerketa-taldeak, eta orain HiTZ zentroan egin dute bat, “hizkuntza teknologien arloan nazioarteko erreferentea izateko, baita ere Euskal Herria ikerketa- eta garapen-gune garrantzitsu bihurtzen laguntzeko, adimen artifizialaren inguruko beste eragileekin batera”, dio Eneko Agirre Bengoa HiTZ zentroko zuzendari eta IXA Taldeko irakasle osoak.

Izan ere, hainbat aplikaziotan idatzizko nahiz ahozko edukiak erabili behar izaten dira, eta, horrenbestez, IXA eta Aholab taldeek besoz beso eta modu osagarrian lan egin dute proiektu askotan, punta-puntako prototipo eta aplikazioak lortzeko. Egun 36 ikerkuntza-proiektutan dihardute lanean, horietako seitan Europan eta Estatu Batuetan. Azken urtean 78 artikulu sortu dituzte, eta maila goreneko aldizkari eta kongresuetan argitaratu dituzte.

Hizkuntza-teknologien gaia ertz askotarikoa izanik, diziplinarteko adituen talde zabala biltzen du HiTZek: informatikariak, hizkuntzalariak, ingeniariak, itzultzaileak eta soziologoak, besteak beste. 60 kide inguru dira denera, teknikariak eta ikertzaileak (irakasleak, doktoretza ondokoak eta doktoretza egiten ari direnak) kontuan hartuta.

 

Transformazio digitalaren aroan nazioarteko aktore izateko lanean

Hizkuntzaren teknologiek gure inguruen teknologikoa iraultzen ari dira: internetako bilaketak, itzulpen automatikoa, ahotsaren bidezko elkarrizketarako agente eta laguntzaileak Hiru alderditan aritzen dira jardunean HiTZ zentroan: formakuntzan, ikerketan eta teknologiaren transferentzian. Formakuntzari dagokionez, Erasmus Mundus labeldun nazioarteko masterra eskaintzen dute, hizkuntzaren teknologien inguruko doktorego-programa, bai eta “Deep Learning” tekniken inguruko nazioarteko ikastaroa ere. Donostiako Informatika Fakultatean berriki eratu den adimen artifizialeko graduan ere zeregin garrantzitsua dute. Ikerketan, hizkuntza-teknologietako punta-puntako hainbat adarretan dihardute lanean, hasi informazioaren erauzketa eta analisitik, eta gizaki-ordenagailu elkarrizketetaraino, itzulpengintza automatikotik pasatuz. Teknologiaren transferentziaren alorrean, azkenik, enpresei ideia berritzaileen inguruan aholkularitza ematen diete, bai eta prototipo industrialak sortzen lagundu ere.  Joan den urtean enpresekin 34 kontratu izan zituen.

Hizkuntzen teknologien bitartez, mundu digitalean euskararen presentzia bermatzea ere bada HiTZen helburu garrantzitsua. Horretarako oinarrizko baliabideak eta tresnak sortu eta mantentzen ditu, terminologia batuz eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera hizkuntzaren teknologiak bultzatzeko plana lantzen dihardu.  Azken urteotako lanari esker, euskarak hizkuntza txiki bati dagozkionak baino kalitate hobeko baliabideak eta teknologia ditu.

Teknologia transbertsala izanik, gizarteari ekarpenak egiten ari zaizkio hainbat arlotan. Adibidez, ezgaitasuna duten pertsonak ingurune digitaletik kanpo gelditu ez daitezen, HiTZ zentroko ikerketek ahotsa galdu duten pertsonei ahotsa berriz izatea erraztu diete.  Humanitate digitaletan,  prentsan eta sare sozialetan gehien aipatzen diren pertsona eta gaien inguruko iritziak aztertzeko softwarea kasu. Estatu Batuetako gobernuak bultzatutako txapelketan COVIDaren inguruko galderak automatikoki erantzuten dituen sistemak saria irabazi du.

Nazioartean adimen artifizialean eta hizkuntzen teknologietan gako diren sare eta partzuergoetako kide dira HiTZeko ikertzaileak, hala nola CLARIN, CLAIRE, BDVA eta DAIRO. Hizkuntzen berdintasun digitalerako agenda estrategikoa idatziko duen European Language Equality (ELE) proiektuko bazkide nagusi ere bada. Hala, beraz, “posizio egokian dago nazioarteko erreferente bilakatzeko  eta Euskal Herria adimen artifizialeko ikerketa- eta garapen-gune garrantzitsua bihurtzea”, dio bukatzeko Agirrek.

Ondoren, Eduard Hovy Carnegie Mellon Universityko irakasleak mintzaldi bat eman du, hizkuntzaren teknologiak bizi duen une bereziari buruz. Haren ustez, teknologia horrek iraultza ekarri dio komunikatzeko dugun moduari, eta une egokia da noraino irits daitekeen pentsatzeko; izan ere, teknologia linguistikoa mugikorrak bezain nonahikoa izan behar da.