Euskal erakundeek eta nekazaritzaren sektoreak neurriak hartu dituzte Covid-19ari aurre egiteko, 2020ko nekazaritza-kanpainetarako sasoikako langileak etorriko baitira
2020.eko abuztuak 27
- Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Osasun Sailak agindu bat jarri dute abian. Agindu horrek sasoikako langileen kontratazioa adierazteko betebeharra ezartzen du, kontratatutako pertsonen kopurua eta haien bizilekua ezagutzeko, egin beharreko osasun probak (PCRak, etab.) kudeatu ahal izateko eta, behar izanez gero, osasun laguntza bermatzeko
Nekazaritza produktuak biltzeko jarduerak eta Euskadiko hainbat eremu geografikotara, aurki, nekazaritzako sasoikako langile asko etorriko direla jakiteak bultzatu dituzte euskal erakundeak eta lehen sektorea prebentzio neurri espezifikoak hartzera, COVID-19arekin kutsatzeko arriskua murrizteko eta, horrela, kanpainen ohiko garapena bermatzeko.
Horrekin guztiarekin, beharrezkoa da prebentzio neurriak edukitzea eta zabaltzea, COVID-19ari eraginkortasun handiagoz aurre egiteko, eta, beraz, ezinbestekoa da nekazaritzako sasoikako lan eskariaren aurreikuspenak xehetasun handiagoz ezagutzea, egin beharreko osasun probak (PCRak, etab.) egoki kudeatzeko.
Egoera hori dela-eta, eta mahats bilketa eta patataren kanpainak zeinen hurbil dauden kontuan hartuta, beharrezkoa izan da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Osasun Sailak agindu bat diseinatzea, bai eta nekazaritza ustiategietarako segurtasun higieniko-sanitarioaren arloko jarduera protokolo bat osatzea ere. Osalanek egin du protokolo hori, eta sasoikako langileak kontratatuko dituzten nekazaritza enpresetan ezarri beharreko jardunbide egokiak zehazten ditu. Bidenabar, langileei emandako bizitokietan ere langileen artean COVID-19ak eragindako transmisioa eta infekzioa prebenitzeko baliagarria izango da.
Aginduaren helburua
Aginduaren helburua da indarrean dauden kontratazioak eta langileak kontratatzeko aurreikuspenak adierazteko betebeharra ezartzea, kontratazioak zuzenean edo enpresa bitartekarien bidez eginda ere, COVID-19aren pandemiak Euskadin eragindako osasun krisiari aurre egiteko.
Herritarren osasuna babesteko, Osasun Sailak sasoiko langileen osasun-kontrolerako eta -jarraipenerako jarduerak ezarriko ditu 2020ko nekazaritza-kanpainetan, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen probak zehaztuko ditu. Halaber, birusak kutsatutako pertsonak eta haien kontaktu estuak bakartzeko neurri egokiak hartzeaz arduratuko da. Era berean, laguntza emango dio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, toki- eta foru-erakundeekin lankidetzan, COVID-19ak jotako pertsonak edo kutsatutako pertsonekin harreman estuan egon diren eta berrogeialdia bete behar duten pertsonak bakartzeko espazioak gaitzeko.
7 eguneko epea, eta elektronikoki edo aurrez aurre aurkeztea
Sasoikako langileek 2020ko nekazaritza kanpainetan gaur egun duten enpleguari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak gutxienez zazpi egun balioduneko epean jakinarazi beharko dira, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. (Abuztuak 31etik irailak 8arte)
Informazio hori aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztuko da, eta web helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/servicios/1107701. Aurrez aurre eginez gero, adierazpenak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira zuzenean (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz), edo Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko eta haren erakunde autonomoetako Administrazio Orokorraren Erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoaren arabera.