Eusko Jaurlaritzak, Madrilen, Kidego Diplomatikoari kulturartekotasuneko, herritartasuneko eta immigrazioko jarduketak eta SHARE programa aurkeztu dizkio

26_06_19_madrid_Embassys__3_.jpg

2019.eko ekainak 25

  • Alemaniako, Belgikako, Kanadako, Txileko, Finlandiako, Frantziako, Greziako, Irlandako, Italiako, Mexikoko, Norvegiako, Portugaleko eta Erresuma Batuko enbaxadak izan dira.
  • Lide Amilibia eta Leyre Madariaga: “migrazio-arloan, Europan, gehiago eta hobeto egin daitezke gauzak; izan ere, egungo erantzuna ez da nahikoa”.
  • Share proposamenari atxikitu gatzaizkion estatuz azpiko gobernuak prest gaude inplikatzeko, eta gakoa erantzunkidetasun-printzipioa partekatzea dela ulertzen dugu”

Madril, 19 06 25

Lide Amilibia Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak, gaur goizean, topaketa izan dute, Madrilen, zenbait enbaxadatako ordezkariekin, Euskadik migratzaileak heltzean harrera egiteko dituen mekanismo, tresna eta baliabideak aurkezteko.

 

Topaketa, Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkaritzan izan da, eta, hartan, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendariak parte hartu dute, bai eta Alemaniako, Belgikako, Kanadako, Txileko, Finlandiako, Frantziako, Greziako, Irlandako, Italiako, Mexikoko, Norvegiako, Portugaleko eta Erresuma Batuko enbaxadetako sektore-ordezkariek ere.

 

Topaketaren izenburua honako hau izan da: “Eusko Jaurlaritzaren jarduketak kulturartekotasunaren, herritartasunaren eta immigrazioaren eremuan. SHARE proposamena, EBn migrazio-erronkaren aurreko erantzunkidetasunari eta elkartasunari buruzkoa”. Topaketaren bidez, kidego diplomatikoko kideei Euskadik atzerritarrak heltzean harrera egiteko dituen mekanismo, tresna eta baliabideak aurkeztu zaizkie.

 

Amilibiak zehaztu duenaren arabera, “gizarte-integrazioa eta kulturen arteko ikuspegia kulturartekotasunaren, herritartasunaren eta immigrazioaren eremuan ezarritako politikei erantzun behar dieten bi aldeak dira. Azken hogei urteotan eskuratutako esperientziaren bidez, euskal gizarteak dagoeneko baditu mekanismoak, tresnak eta baliabideak atzerriko jatorria duten pertsona horien harrerari erantzuteko”.

 

Kudeaketa

“Gaur egungo testuinguruan, garrantzi berezia du euskal gizartearen aniztasunaren kudeaketak, eskubideetara berdintasunean oinarrituta jo ahal izateak eta euskal kultura berria eraikitzeak, aniztasunaren errespetuzko elkarreraginaren ondoriozkoa, kulturartekotasuna izanik egungo eta etorkizuneko estrategia eta ekintza-politika. Hori horrela, garrantzi berezia du Migraziorako Euskal Gizarte Itunak,  Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den jarduketen barruan, akordio politikoaren dokumentua den aldetik; horren helburua da euskal gizartea xenofobiarik gabeko gizarte gisa babestea”, esan du Amilibia sailburuordeak.

 

Topaketan, SHARE proposamena aurkeztu da; horren esparrua eta helburu nagusia da elkarbizitza eta inklusioa sustatzea, eta iradokitzen du mekanismo zehatza adostea, migrazio-erronkaren aurreko erantzukizunaren banaketa, errealitate ahulenetan, partekatu dadin.

 

Erantzunkidetasuna

“Gure ustez migrazio-arloan, Europan, gehiago eta hobeto egin daitezke gauzak; izan ere, egungo erantzuna ez da nahikoa. Share proposamenari atxikitu gatzaizkion estatuz azpiko gobernuak prest gaude inplikatzeko, eta gakoa erantzunkidetasun-printzipioa partekatzea dela ulertzen dugu”, azaldu du Leyre Madariagak.

 

Eusko Jaurlaritzak Share proposamena iazko irailaren 19an aurkeztu zuen. Harrezkero, zenbait harreman eta topaketa izan dira. Pasa den otsailaren 27an, lehen bilera egin zen Bilbon, eta, apirilaren 2an, bigarrena, Bruselan. Azken hitzordu horretan, proposamen hori estatuz azpiko hogei gobernu baino gehiagori aurkeztu eta eskaini zitzaien, eta, bileran, gainera, Europako Batzordeko, Eskualdeetako Lantaldeko, ERLAIko (European Regional and Local Authorities on Asylum and Migration), EARLALLeko (European Association of Regional and Local Authorities for Lifelong Learning) eta Conference of Peripheral Maritime Regions-eko (CPMR) ordezkariek ere parte hartu zuten.

 

Gaurko ekitaldia Madrilen Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko ordezkarien artean egiten ari diren topaketen ohiko egutegikoa da; horren bidez, gobernuak legegintzaldi honetarako dituen plan eta ekimen estrategikoen berri eman nahi da.