Tapia: "Ekonomiaren garapenak eta garapen jasangarriak batera joan behar dute"
2018.eko martxoak 14
- Herrialde ezberdinetako adibideak eta baso bioekonomian oinarritutako negozio modeloetara egokitzen jakin duten enpresen esperientziak aztertzen ari dira Kursaalean egiten ari den jardunaldian
- Euskadik Europako hegoaldean erreferente bilakatu nahi du Baso Bioekonomiaren alorrean
Gaur, jardunaldi bat egiten ari da Donostia-San Sebastianen, ‘Bioekonomia Euskadin: erronkak eta aukerak” izenburuarekin, non Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak baliabide biologiko berriztagarrien ekoizpena eta ekoizpen hori balio erantsiko produktu bihurtzea aurkezten baititu, Euskadik datorren urteetarako eduki beharreko helburu gisa.
Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, eman dio hasiera ekitaldiari, Euskadin aurrean dituen erronkak eta basogintzaren bioekonomiak erronka horien aurrean duen zeregina azpimarratuta: “Globalizazioak aldaketa demografiko eta ekonomiko garrantzitsuak dakartza berarekin, bai eta klima aldaketa eta ingurumenaren narriadura ere. Basogintzaren bioekonomiak aukera bat eskaintzen du egungo ereduak planteatzen dituen erronkei erantzuteko. Alternatibak bilatzen jarraitu behar dugu, gaur egun petrolioaren deribatuekin, hala nola plastikoaren eta ehunekin, eta zementuarekin edo altzairuarekin egiten denerako.
Tapiaren arabera, “Baso-egurraren etorkizuneko balio kateak bere punta-puntako sektore ekonomikoetarako irtenbideak eman beharko ditu, esaterako automobilgintzarako, aeronautikarako, kimika berderako, eraikuntzarako, baina osasungintzarako ere bai. Horrek ahalegin berritua eskatuko du ikerketa eta garapen transektorialean, eta sektoreen arteko konexioak areagotzeko lanetan".
Bioekonomiarako trantsizioa errealitatea da jada hainbat herrialdetan, Finlandian edo Alemanian, esaterako. Europan, 18,6 milioi pertsonari ematen die lana eta BPGd-ren %13 da. Tapiak gogora ekarri du Euskadik trantsizio horri bermeekin heltzeko behar diren elementuak dituela: “Gure lurrazalaren %55 eremu arboladuna da, basogintzaren sektoreak Euskadiren BPGd-ren %1,53 da eta ia 20.000 pertsonari ematen die lana. Egur hori mobilizatzeko eta eraldatzeko gaitasuna daukagu, produktuen katalogo berri bat sortzea baino ez zaigu falta”.
Ekitaldiak euskal ekonomiaren eragile batzuen topagunea izateko balio du. Bertan elkartu dira, besteak beste, baso-egur balio kateko enpresak, kimika berdekoak, hainbat zentro teknologiko, unibertsitate eta kluster, eta kanpoko esperientziak entzuteko aukera eduki dute, basogintzaren bioekonomiarako trantsizioari heltzeko inspirazio iturri izan daitezkeelakoan.
Ekitaldia Kursaal Jauregian egin da, nazioartean ospetsuak diren hizlarien eta bioekonomiako adituen presentziarekin. Hizlariek beren esperientziak azaldu dituzte eta Euskadi moduko eskualde batek bere ekonomia eraldatzeko dituen aukerei buruzko iritzia eman dute. Bioekonomian oinarrituta negozio eredu berrietara jotzen jakin izan duten herrialde eta enpresen kasuak ezagutzeko aukera ere egon da
Hizlarien artean, Esko Aho nabarmendu da. Finlandiako lehen ministro izan zen 1991tik 1995era bitartean, eta gaur egun Finlandiako European Forest Institute (EFI) erakundeko aholkulari estrategikoa da. Esko Ahok bioekonomiak Europan egun duen egoera azaldu du eta ezarpenerako izan dituen erronkak eta elementu gakoak ere bai
Inazio Martinez de Aranok, Mediterraneorako EFI bulegoko zuzendariak, ‘Bioeconomía en el Sur de Europa’ izeneko lana aurkeztuko du. Lana Eusko Jaurlaritzak eskatuta egin da, eta bertan oso ondorio interesgarriak ematen dira Euskadik egungoaz bestelako eredu ekonomikora jotzeko eta eraldatzeko dituen aukeren gainean.
Christian Patermannek, mundu mailan bioekonomiaren guruetakotzat jotakoak eta gaur egun Alemaniako gobernuaren gaiaren gaineko aholkularia denak, Alemaniak bioekonomiarantz egindako trantsizioa azaldu du. Egurrean oinarritutako produktu berriak eta alternatibak sortzen ari direla ere azaldu du, egurra baita lehengai biologiko eta iraunkorra eta oso ugaria bere herrialdean. Patermannek, gainera, hainbat industria konektatzeko gakoak eman ditu: lehengaiak sortzen dituztenak eta azken erabiltzaileak direnak (automobilgintza, aeronautika, ehungintza), bereziki azpimarratuta berritzeko eta irtenbide teknologiko berriak eskaintzeko premia dagoela.
Topaketan, basogintzaren, automobilgintzaren eta kimikaren sektoreen arteko sinergia batzuk ezagutu ahal izan dira, Alemaniako Bioekonomia Klusterreko kidea den Matthias Zscheileren eskutik. Era berean, Pasi Rikkonenek, Lukeko (Finlandia) Biogizarteari buruzko ikerketa Programaren zuzendariak, bioekonomiak berarekin dakartzan aldaketen inplikazio sozialen berri eman du.
Egunaren alderik praktikoena, berriz, bioekonomiarekin lotura duten jarduera garatzen duten enpresekin egindako mahai ingurua izan da, non enpresen esperientziak partekatu diren. Esperientzia horietako batzuk izan dira bioehun iraunkorrena (Lenzing, Austria) edo eraikuntza iraunkorrena (Ekinn/Ekoinnovating, Espainia). Mahai inguruan parte hartu du, halaber, Finlandiako Joensuu Science Parkeko ordezkari batek. Start-upei bioekonomiara bideratzen laguntzeko egiten dutena azaldu du.
Jardunaldia NEIKER-Tecnaliak eta European Forest Institutek antolatu dute, BaskEgur Egurraren Elkartearen, Haziren eta USSE Europako Hegoaldeko Basoginen Batasunaren laguntzarekin, eta bertan parte hartu dute politika, enpresa eta ikerketa alorretako, klusterretako, egurraren elkarteetako eta unibertsitateetako ordezkariek.