Osasun Saila

Osasun sailak EITB-ren maratoi solidarioan bildutako funtsak  iktusaren inguruan ikertzeko proiektuetara bideratzeko agindua onetsi du (Gobernu Bilera 2018-09-04)

logoconsejo.jpg

2018.eko irailak 04

Osasun Sailak onetsi egin du iktusaren inguruan ikertzeko proiektuetarako laguntzak emateko BIOEF, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren deialdia arautzen duen agindua, kausa horretarako 2017ko EITB maratoia ekimenaren bidez bildutako funtsei esker. Eremu horren inguruko ikerketa-proiektuetara 293.118 euro bideratuko dira.

Laguntza horietara Europar Batasuneko edozein estatu kidetako erakunde publiko edo pibatuek jo dezakete, baldin eta iktusaren inguruko jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan dauden erakunde publiko edo pribatuetan garatzen badute. Gainera, proiektuan, gutxienez, euskal osasun-sistemako erakunde batek parte hartu beharko du.

Bigarren fasean, aurkeztutako proiektuak Estatuko Ikerketa Agentziak ebaluatuko ditu (Koordinazio eta Ebaluazio Zuzendariordetza, lehengo ANEP), Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren mendekoak; ebaluazio horretatik abiatuta, rankinga ezarriko da, jaso den puntuazioaren arabera.

Laguntza horiekin batera, Osakidetzan iktusaren inguruan garatzen diren 37 proiektu eta ikerketa klinikoek daukaten 560.000 euroko kanpo-finantzaketa dago, 2017ko proiektu aktiboen azken inbentarioko datuen arabera. 

Eremu horretako ikerketa Osasun Ikerketako Institutuetan garatzen da: Biodonostia, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba, euskal osasun-sistema publikoko egiturak.

Ia proiektu guztiak egiten dira erakundeen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen eta biozientziak-osasuna ekosistemako enpresen artean lankidetzan.

Laguntza horiek Osasun Sailak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoa dira, gure osasuneko emaitzak hobetzeko eta Euskadiko garapen ekonomikoa sustatzeko (2020rako Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia). Iaz, Eusko Jaurlaritzak 4.700.000 euro bideratu zituen, guztira, osasun-arloko jarduera eta ikerketa- eta garapen-proiektuetara.