Mª Jesús San Josék "Universidad-Empresa: retos y acción de futuro en el marco de la Industria 4.0" uda ikastaroari amaiera emango dio

Carmen Agoues, Uda Ikastaroetako zuzendaria eta Igor Alvarez Uda Ikastaroetako zuzendariordea

2018.eko uztailak 17

Mª JESÚS SAN JOSÉ SAILBURUAK UDA IKASTAROARI AMAIERA EMAN DIO

 “Universidad-Empresa: retos y acción de futuro en el marco de la Industria 4.0”

Mª JESÚS SAN JOSÉ-REN AGERRALDIA

Egunon denoi eta eskerrak Confebaski, gaur zuen uda ikastaro honen itxierara gonbidatzeagatik. Buenos días a todos y a todas, y gracias a Confebask, por haberme invitado al acto de clausura de este curso de verano. Niretzat ohore bat da. Es un honor para mí.

Joan den ekainaren 21ean, eta OSALANek antolatutako “PROSPEKTIBA TEKNOLOGIKOA eta LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA” uda ikastaroari hasiera emateko ekitaldian, esan nuen gaur egun hiru joera nagusik definitzen dutela lan-mundua: ekoizpenaren globalizazioak, lanaren automatizazioak eta lan eta zerbitzu plataformak sortzeak.

Eta hiru joera nagusi horiekin batera lan egiteko moduan funtsezko aldaketak sortu dira: industria konektatua, big data, telelana, nanopartikulak, bioteknologia, robotizazioa…

Bestalde, esan nuen etorkizunean lanaren erronka nagusietako bat izango dela nola kudeatu teknologiak ekarri dizkigun aldaketak.

Orain dela gutxira arte pentsatzen genuen, esate baterako, makinek lan fisikoaren esparruan bakarrik hartuko zutela pertsonen lekua, baina adimen artifizialean egindako aurrerapenak direla eta hasi dira gauza bera egiten esparru kognitiboan ere.

Badira mediku-diagnostikoak egiten ari diren makinak, gidaririk behar ez duten autoak, bai eta langileak aukeratzeko lanetan aritzen diren robotak ere.

Eta gaur 4.0 Industriaz ari gara, eta ez da etorkizun hurbilean iritsiko den zerbait, jada gure artean dago.

Gure enpresetan dago.

Gaur zuek goiz osoa daramazue eklosio teknologikoaren eraginari buruz gogoeta egiten, eta Salvador del Reyk, esate baterako, Cuatrecasas Fundazioa Technos Proiektutik egiten ari den lana azaldu du.

Baina, gainera, erronka teknologikoaren aurrean enpresek izandako esperientziei buruzko tailer praktiko bat ere egin da, eta zoriondu egin nahi ditut GKNko Zaldúa jauna eta Cadinoxeko Andoni Isasti jauna euren enpresetan egiten ari direnaren berri eman digutelako.

Ez dut zoriondu gabe utzi nahi Jon Bilbao ere, 4.0 inguruneetako Lan Harremanetarako Confebask Ereduari buruzko txostenagatik.

4.0 Industria eta 4.0 Industriari buruzko Jaurlaritzaren politika Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila ari da garatzen.

Eta politika argia da teknologiaren eta azpiegituren arloan.

EAJk eta Euskadiko Alderdi Sozialistak adostutako programak berariaz jasotzen du gure industria sarea modernizatu behar dugula “Basque industry 4.0” estrategian aurrera eginez, fabrikazio aurreratu eta adimentsuko sistema berriak sartuz, eta heziketa- eta prestakuntza-sistemak ingurune berri honen eskakizunetara egokituz.

Era berean, adierazten da jakintzaren ekonomia lehiakorrago baterantz urratsa egiteko, euskal berrikuntza sistema bultzatzeko apustu sendoa egin behar dela.

Berrikuntza, industria, nazioartekotzea eta inbertsio produktiboa dira Euskadin ekonomiaren sustapena eta enplegua finkatzeko lau oinarriak.

Eta akordioan aipatzen da talentua, pertsonen parte-hartzea eta lan-harremanen eredu berri bat, gardenagoa, giltzarri direla gure ekonomiaren lehiakortasunerako, eta, horregatik, enpresen eraldaketa bultzatuko dugula, antolakunde lehiakorragoak izan daitezen eta enpresetako kide diren pertsonek parte-hartze handiagoa izan dezaten.

Ez dugu ahantzi behar garapen teknologikoa handia bada ere, erabakiak, aurrerantzean ere, pertsonek hartuko dituztela eta lanaren antolaketa dela eta izango dela giltza.

4.0 Industria pertsonekin eta pertsonentzat egiten da, eta bide horretan egin behar dugu lan Gobernuak eta gizarte-eragileak.

Etorkizunari aurre egiteko gizarte-adostasuna eta negoziazio kolektiboa berreskuratu behar ditugu.

Gustoko genuke Madrilen emandako akordioa, patronalen eta CCOO eta UGTren artekoa, errealitate bilakatzea Euskal Autonomia Erkidegoko negoziazio kolektiboan.

Eta berriz ere zoriondu egin nahi zaituztet egindako udako ikastaroagatik.

Ez dago zalantzarik atera diren ondorioak baliagarriak izango direla teknologiaren garapenaren bidean oinarri sendoak lantzeko, 4.0 Industriaren orainean eta etorkizunean.

Badakizue gure laguntza duzuela, eta eskerrik asko eskaini didazuen arretagatik eta gonbidapenagatik.

Amaitutzat ematen dut ikastaroa.

Eskerrik asko. Gracias.