Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek 2018-2020ko plan estrategikoa aurkeztu du Legebiltzarrean

2018.eko otsailak 21

Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendari Nora Abete legebiltzar-batzordean agertu da, Kontsumobideren lana eta 2018-2020ko Plan Estrategikoaren orientabideak azaltzeko. Nora Abetek adierazi duenez, planaren ardatza “kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak defendatzea eta euren babesaren protagonistak izateko beharrezkoak dituzten tresnak ematea” da.

Kontsumoko Euskal Institutua Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailaren mende dago, eta haren jarduerari dagokionez, zuzendariak 4 multzotan laburbildu ditu Institutuaren funtzioak: prestakuntza, informazioa eta informazio-kanpainen zabalkundea, gatazkak konpontzea eta merkatu-kontrola.

Prestakuntzaren atalak zentro propioak, ikastetxeak eta adinekoak ditu oinarri. Funtsezko helburua kontsumitzaileek eta erabiltzaileek kontsumo arduratsuari lotutako irizpideei jarraikiz jokatzea da. Hau da, beren eskubideak eta betebeharrak eta horiek baliatzeko modua ezagutzea. Prestakuntza doakoa da eta askotariko kolektiboei zuzenduta dago. Institutuko profesionalek hainbat tailer eta prestakuntza-ekintza diseinatzen, lantzen eta garatzen dituzte, eta tailer eta ekintza horiek talde bakoitzaren ezaugarri eta premietara egokitzen saiatzen dira.

Informazioari dagokionez, Kontsumobidek sare sozialak, webgunea, bloga, informazio-liburuxkak eta komunikabideetan (irratian batez ere) egiten dituen kanpaina espezifikoak erabiltzen ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzentzeko, eta kontsumo generiko edo espezifikoen inguruko aholkuak ematen ditu alerten edo interes bereziko gaien kasuetan.

Merkatuaren kontrola ikuskapen-jardueren multzoa da; jarduera horiek, nolanahi ere, produktuek eta zerbitzuek indarrean dagoen legerian etiketari, informazioari eta segurtasunari dagokienez eskatutako baldintzak betetzen dituzten egiaztatzera bideratuta daude.

Merkatuaren kontrolaren barruan, bi ikuskapen-jardun daude funtsean: ekintza puntualak, salaketen, erreklamazioen eta beste autonomia-erkidego batzuetako komunikazio edo inhibizioen kasuan. Eta ikuskapen-kanpainak, hots, hainbat arrazoi direla eta (araudi konplexua, kontsumo handia, erreklamazioen kopurua eta abar) kontrol zehatzerako hautatzen diren produktu, zerbitzu edo merkataritza-jardunbideen inguruko jardun programatuak.

Nora Abetek joan den urtean egindako ikuskapen batzuk ekarri ditu gogora, hala nola kreditu lasterren abusuzko klausulei, oker etiketatutako elikagaiei, adinekoen egoitzetan zerbitzuak emateko kontratuei, ustezko osasun-helburua zuten produktuei, 14 urtetik beherako haurren arropen segurtasunari eta jostailuen segurtasunaren kontrolari lotutakoak.

Kontsumobideren 2018-2010ko Plan Estrategikoa

Kontsumoko Euskal Institutuak honako alderdi hauei buruzko gogoeta estrategiko bat planteatu du: aldaketa teknologikoek bultzatutako produktu eta zerbitzuen eskaintza berria, kontsumo-ohitura berriak, kontsumoaren inguruko sentsibilizazioa eta kontsumitzaileen kontzientziazioa.

Plan berriaren helburua Euskadiko kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak defendatzea eta euren babesaren protagonistak izateko beharrezkoak dituzten tresnak ematea da.

Horretarako, 6 ardatzetan oinarrituta dago estrategia:

  • Antolamendua kontsumitzeko eta ordaintzeko modu berrietara egokitzea;
  • Informazio eta prestakuntza arina eta eraginkorra ematea;
  • Enpresetan kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideekiko errespetuzko jokabide bat sustatzea.
  • Kontsumo-arloko gatazkak konpontzeko prozesuetan bikaintasuna bilatzea;
  • Lankidetza-sareak finkatu eta garatzea;
  • Kontsumobideren bisibilitatea sendotzea.

 

Ildo horretan, Abetek adierazi duenez, “sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioa kontsumo-politikaren zeharkako eskakizuna da, bikoiztasunak saihesteko eta ekintza-batasuna bermatzeko”.