Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Ingurumen Administrazioari eta Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko legeen aurreproiektuek herritarren 700 ekarpen bildu dituzte

Argitalpen-data: 

Berrehundik gora pertsonak parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak martxan jarritako lankidetza-guneetan. Helburua izan da aurreproiektuaren zirriborroetako edukiak gizarteratzea eta etorkizuneko legeetan inplikatutako administrazio, agente eta erakundeen ekarpenak jasotzea.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurrera jarraitzen du Euskadiko Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko eta Ingurumen Administrazioari buruzko legeen aurreproiektuak prestatzeko lanetan. Bi zirriborroak idatzi ondoren, parte-hartze publikoko prozesu bana abiarazi zituen. Horrela, lege horietan inplikatutako hainbat administrazio publiko, agente eta erakundek haien norainokoa ezagutzeko aukera izan dute, natura-ondarearen kontserbazio eraginkorra eta izapidetze-prozedura administratibo errazago eta bizkorragoa lortzeko egokitzat jotzen zituzten hobekuntzak proposatze aldera.

Ingurumeneko Sailburuordetzak gidatutako parte-hartze prozesu hori amaitu eta gero, 706 ekarpen daude jasota, horretarako irekitako askotariko bideetatik heldutakoak. Guztira 223 pertsonak lagundu dute aurreproiektuaren zirriborroa berrikusten, doitzen eta hobetzen.

Beste alde batetik, Sailak martxan jarritako foroetan parte hartu duten 223 pertsonetatik (% 57 gizonezkoak eta % 43 emakumeak), Administrazioari lotuta zeuden 110, eta sare sozioekonomikoari 113.

Elkarlanerako eta parte hartzeko prozesu horretan zehar 28 espazio dinamizatu dira; horietatik, Administrazioari lotuta egon dira 18, agente sozialei 7, eta enpresa-sektoreari 3.

Administraziotik zetozen agenteentzat martxan jarri diren bideen kasuan, azpimarratu behar da lan-bilerak eta sakoneko elkarrizketak egin direla legeetan inplikatuta dauden Eusko Jaurlaritzako sailekin eta hiru foru-aldundiekin. Gainera, udalekin zuzenean lan egin da Udalsarea21 sarearen eta Eudelen bitartez.

Arlo sozialari lotuta egon diren parte hartzeko espazioen esparruan, aipatzekoa da 3 ingurumen-bilera egin direla: bilera bana Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Lurraldekako lan-formatu bera erabili da enpresa-sektorearekin eta horren elkarteekin.

Irekia eta sare sozialak

Beste alde batetik, komunikazioaren arloan, espazio bat zabaldu da gobernu irekiko Irekia plataforman, prozesuaren berri emateko eta parte-hartzea nahiz ekarpenen bilketa sustatzeko.

Eta, azkenik, komunikazio-prozesu beraren barruan, hainbat eduki argitaratu dira Ingurumen Sailaren sare sozialetako (Facebook eta Twitter) profiletan, bai parte hartzeko prozesuko mugarrien aurretik, bai horiek gauzatu bitartean.