Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakiei buruz eman du berri Azpiazu sailburuak

2018.eko otsailak 13

Aurten egindako lehen bileran, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak honako erabaki hauek hartu ditu, besteak beste:

Foru Aldundiek 2017an egin beharreko ekarpenen likidazioa

2017ko ekitaldia ixtean, Foru Aldundiek egindako zerga itunduen bilketa kontsolidatua 14.473,9 milioi eurokoa izan da; zenbateko horren urte arteko aldakuntza % 11,8an kokatu da, eta joan den urrian egindako aurreikuspenaren gainean % 100,7 bete da.

Zehaztu beharra dago zerga-bilketaren gehikuntzak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren 2017/05/17ko eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren 2017/10/11ko erabakien ondoriozko diru-sarrerak jasotzen dituela, eta haiei esker Estatuak aurreko urteetan BEZagatik atxikitako diru-sarrerak zenbatu ahal izan direla. Hori kontuan hartu ezean, bilketaren gehikuntza orokorra % 5,5 izango zen, eta aurrekontuaren gainean % 102,8 beteko zen.

Foru Aldundien zerga itunduei lotutako berezko kudeaketaren bilketa 12.457,4 milioi eurora iritsi da. Hortaz, urte arteko % 5,0ko hazkundea gertatu da, eta, 2016ko ekitaldiarekin alderatuta, bilketaren gehikuntza garbia 597,2 milioi izan da.

Erakunde erkideetarako ekarpenen likidazioaren 2017ko ekitaldiko azken emaitza 9.833 milioi euro izan da, hau da, hasierako aurrekontuan jasotakoak baino 729,8 milioi euro gehiago.

Egokitzapenerako Funts Orokorraren 2017ko likidazioa

Egokitzapenerako Funts Orokorrak 113,3 milioi euro izango ditu, eta Araban eta Gipuzkoan banatuko dira (59,4 milioi euro eta 53,9 milioi euro, hurrenez hurren).

 

Hemen informazio gehiago