HDEkk "Etel Txostena" jaso du, erakunde-maila ezberdinen eskumen propioei eta finantzaketari buruzko azterketa orokorra

2018.eko ekainak 21

Herri-dirubideen Euskal Kontseiluko kideek “Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-maila ezberdinen eskumen propioei eta finantzaketari buruzko azterketa orokorra” izeneko dokumentua -ETEL Txostena- jaso dute gaur goizean.

Azterketa horrek ondorioztatu duenez, EAEko tokiko erakunde bakoitzaren finantza-ahalmena oso ezberdina bada ere indibidualki, denek elkartuta finantzazio egokia dute beren eskumenak garatu ahal izateko. Halaber, EAEko erakunde-maila ezberdinek beren eskumen propioei egokiro erantzuten dietela ondorioztatu du, gastuaren banaketa era egokian islatua dagoelarik orokorrean.

Eusko Jaurlaritzako, hiru foru aldundietako eta EUDELeko ordezkariz osaturiko lan-talde batek egin du azterketa. Izaera orokorreko azterketa honek eskumenak banatzeko sistema, erakunde-maila ezberdinen arteko interrelazioak eta erakunde-maila bakoitzaren finantzazio-sistema aztertzen ditu, bai eta gastu publikoaren egokitzapena/banaketa ere esleituriko eskumenen arabera.

Azterketak hiru erakunde-mailetako gastuen eta diru-sarreren ikuspegi osoa eskaintzen du, 2015 ekitaldiko datuetan oinarritutako diagnostiko bat eginaz. Lorturiko ondorioak, halere, berdinak lirateke egun.

Txostenak sei atalburu ditu: (1) Sarrera, (2) Indarreko arloko araudiari loturiko eskumenen zedarritzapena, (3) EAEko erakunde-finantzazioaren oinarrizko ezaugarriak, (4) Diru-sarrera bateratuen diagnostiko kuantitatiboa, (5) Gastu bateratuen diagnostiko kuantitatiboa, eta (6) Ondorioak.

Euskal erakundeen finantzazio-sistemari dagokionez, txostenak dio banatuak izateko xedearekin Ekonomia Itunetik jaso dituen baliabideetako portzentaje ezberdin bat esleitzen diela Lurralde Historiko bakoitzak bere tokiko erakundeei. Egungo Ekarpenen Legeak gomendatzen duen gutxienekoa betetzen dute hiruek eta azterketak dio Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeari jarraiki, etorkizuneko Ekarpenen Legeak gutxieneko portzentaje berdin bat ezarri beharko duela hiru lurralde historikoetarako.

Azterketak HDEKk duen ardura jasotzen du ere: etorkizuneko lege horretan, irizpide homogeneoak ezarri beharko ditu baliabideak tokiko erakundeei banatzeari dagokionez, biztanleriari eta zerga-esfortzuari lehentasuna emanaz eta Lurralde Historiko bakoitzaren antolakuntza-berezitasuna aintzat hartuz.

Txostenaren arabera, eta diru-sarreren inguruan, euskal arlo publikoaren diru-sarrera bateratu gehienek zergazko izaera dute eta Ekonomia Itunaren kudeaketatik datozen horiek iturri nagusiena osatzen dute hiru erakunde-mailentzat. Baina agerian geratu denez, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak mendekotasun handiagoa agertzen dute, tokiko erakundeek baino, banatu beharreko diru-sarrerekiko, erakunde-maila bakoitzean beste diru-sarrera guztiek (diru-sarrera propioak, diru-sarrera finalistak eta zorpetzearen ondoriozkoak) duten pisu erlatibo ezberdinarekin bat. Ondorioz, ziklo ekonomikoak Ekonomia Itunaren errendimenduetan sortu dituen bariazioek eragin ezberdina izan dute erakunde-maila bakoitzean.

Txostenak ondorioztatu duenez, araubide bateratuko legedia aplikatuz gero dagokion maila horretatik gorago dauden baliabideak bermatu dizkiete Foru Aldundiek beren lurraldetako udalerriei. Alderaketa eginez gero, halere, EAEko arloko araudiak zein ETELek berak eskumen propio handiagoak esleitzen dizkiete, araubide bateratuko araudiak baino, Euskadiko Tokiko Erakundeei.

Hiru erakunde-mailek diru-sarrera propioak sortzeko duten gaitasun ezberdina aipatzen du ere dokumentuak. Tokiko erakundeek, udal zerga-ordenantzetan onarturiko batezbesteko zerga-moten eta tarifen harira, diru-sarrerak areagotzea ahalbidetzen duen zerga-ibilbide zabalago bat dute. Zentzu horretan, zerga izaerako diru-sarrerak aintzat hartzen baditugu, euskal udalerri guztietako biztanleko zerga-presioa araubide bateratua duten udalerrietako batezbesteko zerga-presioaren azpitik dago.

Izaera finalista duten diru-sarreren inguruan eta euskal udalek beste bi erakunde-mailetatik jasotzen dituzten transferentziak eta diru-laguntzak aztertu eta gero, agerian geratu da gehienak Eusko Jaurlaritzaren edo Foru Aldundietako eskumen propioen gauzatzeari dagozkiola eta beren irauteak, horrenbestez, ez dakar inolako aldaketarik udal-finantzazioko errejimenarentzat.

ETEL Txostenak ondoko gomendioak egiten ditu, besteren artean:

  • Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuen Ezohiko Funtsara bideratzen duen zenbatekoa baliabideak banatzeko modeloan sartzea, koefiziente bertikala gutxitzeko eta, honela, baliabideak banatzeko eta ekarpenak zehazteko etorkizuneko metodologian zehaztua geratu dadin.
  • Gizarte-larrialdietarako laguntzak, udal-titulartasuneko musika-ikastegiak eta udal euskaltegiak finantzatzea xede duten transferentziak, ETEL Txostenean aurrikusitako araubide berezia mantentzea.

Halaber, hiru erakunde-mailek zorpetzera jotzen dutela egiaztatu da, nahiz eta nabariagoa den Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien kasuan. Erakunde-maila bakoitzak metatu duen zor biziaren bilakaera oso ezberdina izan da: 2007-2015 epean, hirukoiztu egin da Eusko Jaurlaritzaren kasuan eta bikoiztu Foru Aldundien kasuan. Tokiko erakundeen zor bizia, ordea, mantendu egin da, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko araudiak aurreikusi duen zorpetzearen mugatzea betez. Muga horien arabera, esan genezake 2 urteko epean Eusko Jaurlaritzak ez duela zorpetzera jotzeko aukerarik izango gastuak finantzatzeko; zorraren epemugak ordaintzeko erabili ahal izango du soilik.

Gastuei dagokienez, erakunde-maila bakoitzak gastu-egitura ezberdin bat dauka. Gastu arruntak erakunde-maila guztietan gailentzen dira eta finantza-gastuek pisu erlatibo ezberdina dute. Azterketak ikusi ahal izan duenez, Euskal erakunde publiko guztien diru-sarrerek, zorpetzetik datozen horiek kenduta, zorraren amortizazioa eta bere interesak barne hartzen ez duten gastuen % 99,2a estaltzen dute. Horrek, % 2,9ko defizit globala suposatu zuen 2015 ekitaldian. Zeinua, ordea, ezberdina izan zen erakunde-mailen arabera: Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek defizita izan bazuten ere, Tokiko Erakundeek superabita izan zuten guztien artean.

Gastu-politiken sailkapenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren kasuan Osasuneko eta Hezkuntzako politikek gastuaren erdia hartu dute; Foru Aldundietan, gizarte zerbitzuek eta gizarte sustapenak herena baino gehiago suposatu dute; eta Udaletxetan, gastu gehiena komunitate-ongizatera, izaera orokorreko zerbitzuetara, gizarte zerbitzu eta gizarte sustapenera, etxebizitza eta hirigintzara, hiritarren segurtasuna eta mugikortasunera, kultura eta kirolera bideratzen da. Horrela, erakunde-maila bakoitzak programa-taldeka exekutatu duen gastuak Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, LHLek, ETELek eta arlokako araudiak ezarri duten eskumenen banaketari hein handi batean erantzuten diola ondoriozta dezakegu.

Txostena jaso ostean, HDEKk Ekarpenen Metodologia berria osatu beharko duten ondorioak eta gomendioak balioetsi beharko ditu eta Ekarpenen Lege berriaren lehen zirriborroa idazten hasiko da. Xedea da aipatu zirriborroa 2018ko amaierarako amaitzea.

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 21a