Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarreko Migrazioen taldeartekoarekin batera eginiko jakinarazpena, Balkanetara eginiko bidaiaren ondoren
2018.eko azaroak 19
Euskadiko ordezkaritza bat, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria buru dela, Serbiara eta Bosnia Herzegovinara bidaiatu da, zuzenean ezagutzeko Europako bidean Balkanak zeharkatzen ari diren migratzaile eta errefuxiatuen egoera. Balkanetako inguru horietako egonaldian, Eusko Jaurlaritzako arduradunarekin batera, Migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsarako Eusko Legebiltzarreko taldeartekoko ordezkariak izan dira. Horiekin guztiekin Euskadiko Save the Children-eko taldea izan zen, zuzendaria barne. Bidaia Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzaren eta Save the Children erakundearen arteko lankidetzan sartzen da; lankidetza horren bidez, irtenbideak eta aukerak eskaini nahi dira, Balkanetara heltzen diren haur migratzaile eta errefuxiatuen egoera hobetzeko.
Serbian, ‘Miksaliste zentroa’ bisitatu zuten, Belgradeko hiri-ingurunean; bertan, Save the Children erakundeak laguntza psikologikoa ematen die ume migratzaileei eta beren familiei, eta, horrela, Belgradera iristean izaten dituzten trauma psikologiko izugarriak arintzeko ahalegina egiten du. Belgraden bertan, “Afgan” plazan izan ziren; bertan kontzentratzen dira bakarrik bidaiatzen diren adingabeak, eta, bertan, bizi dituzten arrisku- eta babesgabezia-egoerak egiaztatu zituzten: eskaletasuna, droga eta alkohola eskuratzeko aukera eta beren osotasunerako arrisku nabariak.
Halaber, Serbian ‘Bogovadjako asilo-zentroa’ bisitatu zuten; bertan asiloa eskatzen duten familiak daude. Familia horiek administrazio-erabaki baten zain daude, eta, hori dela eta, blokeatuta daude bertan eta itxaropenik gabe, babesgabetasun-egoera luzatzen, alternatibetarako aukerarik gabe.
Bosnia Herzegovinan, euskal ordezkaritzak Bihac hiria bisitatu zuen, Kroaziarekin mugan; bertan, 5.000 pertsona blokeatuta daude, erabat etsita. Tokiko agintaritzek nazioarteko zenbait erakunderekin batera, besteak beste Save the Childrenekin batera, larritasun humanitarioaren egoerari erantzuteko gaitu dituzten hiru “kanpamendu”ak bisitatu zituzten: ‘Borici kanpamendua’n izan ziren, erortzeko zorian dagoen eraikin abandonatu batean; bertan, 800 pertsona inguru egoera txarretan bizi dira, batik bat gizonak, baina ume oso txikiak dituzten familiak ere ikusi zituzten bertan, guztiak baldintza latzetan pilatuta. Halaber, ‘Hotel Sedra’ bisitatu zuten, zaharkituta dagoen eraikina; duela 3 urte baino gehiago birgaitzen ari dira, umeak dituzten 140 familia baino gehiagori aterpea emateko, besteak beste, oso ume txikiei. Ikusi zuten azken kanpamendua ‘Birako antzinako fabrika’n dago; bertan, 1.400 pertsona baino gehiago barrakoietan eta kanpadendetan sartzeko ahalegina egiten ari da.
2015etik Balkanetan bizi den larrialdi-egoerak eragindako kezkak bultzatuta eta horietan egin daitezkeen jarduketak tarteko, bilerak egin zituzten Save the Childrenek Belgraden dituen bulegoetan, erakundeak Balkanetan dituen ordezkariekin eta Serbiako Gobernuko Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioko eta Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin, eta beste bilera bat Bihacen, Sanako Kantoiko Osasun, Lan eta Gizarte Gaietako ministroarekin.
Bisitaren ondoren, euskal ordezkaritzak adierazi nahi du oso kezkatuta dagoela Europako ateetan ahaztuta dagoen bazter horretara heltzen diren biztanle errefuxiatu eta migratzaileek bizi duten egoera larriagatik, eta umeek bizi duten ahultasun-egoera bereziaz ohartarazi nahi du, bereziki bakarrik bidaiatzen direnek, kontuan hartuta mafia antolatuen esku geratzeko duten arriskua.
Era berean, elkartasuna eta Save the Children bezalako erakundeekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dituzte, migratzaileen egoerari gehiago luzatu gabe heltzeko, gaiari duen konplexutasunaz heltzeko eta migratzaile eta errefuxiatuen giza eskubideak errespetatzeko, bereziki umeenak, kolektibo ahulenarenak. Euskadira ahultasun-egoera larrian heltzen diren iragaitzazko edo iragaitzazko ez diren migratzaile eta errefuxiatuei harrera, laguntza eta arreta emateko duten konpromisoa berretsi dute. Azkenik, Europar Batasunari eta estatu kideetako gobernuei errealitate horri heltzea sustatzeko eta horretarako politikak sendotzeko eskatu die eta, horretarako, pertsonak eta giza eskubideak lehenesteko eta benetako elkartasuneko parametroetatik abiatzeko.