Eusko Jaurlaritzak industria eta finantza politika indartu du, euskal enpresak hazten eta finkatzen laguntzeko
2018.eko urtarrilak 04
Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuek finantza-tresnen berrantolaketa iragarri dute; hori da CAFen kapitalaren % 1,24en eskurapen publikoaren testuingurua
- Enpresa kotizatu baten kapitalean egiten den lehen partaidetza publikoa da; eragiketa Finantzen Euskal Erakundeak finantzatuko du eta SOCADEk kudeatu
- FEEaren gizarte-funtsak 30 MM ditu eragiketa-mota horretarako; legegintzaldian zehar izango dute jarraipena 100 MM euroko dotazioak izan arte
- Eusko Jaurlaritzak jarraituko du lanean 250 MM-ko Funts Estrategikoa zehazten; eragiketa hori lehen pausua izan da
- Kotizatutako enpresetan parte hartzeko modalitate hori berria da, EJk dituen finantza-tresna aukera zabalean, ETE eta proiektu estrategiko sektorialetan zentratuta
Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuek, gaur, 250MM-ko Funtsaren estrategiaren lehen harria aurkeztu dute. Horren bidez, ahalmen teknologikoa eta nazioartekotze-ahalmena duten euskal enpresen hazkundea eta finkatzea bermatzen lagunduko da; horrela, Eusko Jaurlaritza CAF enpresaren kapitalean sartuko da, bere akzioen % 1,24 eskuratu baitu.
Eusko Jaurlaritzaren enpresa-finantzaketaren politika koordinatuta garatzen da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren artean, enpresa-garapena sustatzeko eta finantzaketa-tresnak zabaltzeko dagozkien eskumenetatik abiatuta.
Legegintzaldi honetan, Gobernuaren programak bi ekimen garrantzitsu aurreikusten ditu eremu horretan: Finantza-tresnen berrantolaketa eta Industria-proiektu estrategikoen garapena.
Hori horrela, 2017-2020 Industrializazio Planak bi jardun-eremu argi aurreikusten ditu, enpresa-finantzaketaren ikuspuntutik: “Finantza-tresnak sustatzea eta egoera ekonomiko berrira egokitzea”, ETEen kasuan, eta “Arrastatzeko gaitasuna duten proiektuen garapenari bide ematea eta, horretarako, kasu bakoitzerako finantza-laguntza egokiena eskaintzea”.
Atal honetan, Eusko Jaurlaritzak industria-proiektu estrategikoei eta herrialdeko sektore eta jarduera traktoreetan enpresa-tamainaren hazkundeari bide emateko konpromisoari eusten dio.
CAF: Lehen eragiketa enpresa kotizatuko kapitalean
Eusko Jaurlaritzak, 2017an, 30 milioi euro hornitu ditu Finantzen Euskal Institutuaren Gizarte Funtsean. FEEaren sendotze horren bidez, lehen enpresa-ekimen estrategikoa zabaldu da, alegia, Constucción y Auxiliar de Ferrocarriles, CAF enpresaren % 1,24 eskuratzea. Horretarako, eragiketa Socadek kudeatu du, FEEak aginduta eta haren kontura; horrek, baina, ez du Eusko Jaurlaritzaren enpresa-partaidetzen funtsa antolatzeko behin betiko formula aurrejuzgatzen.
Bi erakundeen –FEE eta SOCADE– asmoa da elkarrekin Euskal Autonomia Erkidegorako, izaera estrategikoa eta traktorea aintzat hartuta, interes berezia duen sozietatearen gizarte-kapitalean posizio jakina eduki ahal izateko proiektua martxan jarri eta gauzatzea eta, horretarako, FEEaren finantza-gaitasuna eta SOCADEk sozietateetan inbertitzeko dituen kudeaketa- eta administrazio-gaitasunak aprobetxatzea.
Eragiketa da Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea SOCADE, SA-k Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, SAren (“CAF”) gizarte-kapitalaren % 1,24 diren 425.870 akzio erostea. Egungo titularrari, Kutxabank, SAri, erosi zaizkio akzioak, eta horiek erosteko, Socadek Finantzen Euskal Institutuarekin (FEE) partaidetzako kontuen kontratua sinatu du, 15 MM euroan.
Finantza-tresnak berrantolatzea
Gobernuak proposatu du 2018ko lehen lauhilekoan finantza-antolamenduaren diseinua ixtea eta, gero, beharrezko eraldaketak egitea. Lauhileko horretan, jarraituko da dauden tresnak erabiltzen, bai FEEaren bidez, bai gainerako finantza-tresnen bidez. Lehen jarduketa horren bidez, Euskadiko industria-politikari beste bultzada bat emango zaio, 2017-2020 Industrializazio Planaren estrategietan aurreikusi bezala.
Aurrekoa kontuan hartuta, eta finantza-tresnak berrantolatzeko Gobernu Programaren ekimenaren esparruan, honako hau planteatzen da:
• Lehenengo, tresnak zabaltzea, dagozkien eragile parte-hartzaileekin, behar den malgutasuna izateko. Horietako batek, beraz, arrisku-kapitalaren irudiari erantzungo dio eta, besteak, enpresa-partaidetza etengabeei.
• Bigarrenik, funts horiek finantza berrantolatzeko prozesuan txertatzen dira, eta horrekin batera dauden tresnak erabiliko dira edo horiek eraldatuko dira, baldin eta hori posible bada eta horren bidez lortu nahi diren helburuak betetzen direla bermatzen bada.
• Hirugarrenik, Finantzen Euskal Institutua gobernuaren eta, kasu honetan, funts estrategikoen finantza-jarduera eta partaidetzak egituratuko dituen ardatza izango da.