Eusko Jaurlaritzak Idiazabal, Oiartzun eta Urnietako udalekin lankidetza-hitzarmena sinatu du datuak online partekatzeko

20071224_01_0031.jpg

2018.eko maiatzak 20

  • Hitzarmen hauei esker, herritarrek egin behar izaten dituzten izapide eta prozedura administratiboak sinplifikatuko dira eta administrazioek kostuetan eta espazioan aurreztuko dute
  • Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta ez du kontraprestazio ekonomikorik eragingo

 

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu Idiazabal, Oiartzun eta Urnietako udalekin informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzeko. Administrazioek elkarreragingarritasuna hobetzeko lineako zerbitzuak eskaintzeko konpromisoa hartu dute; hau da, informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak trukatuko dituzte.  

Erabiliko den elkarreragingarritasun sistemari esker, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez datu-transmisio elektronikoak erabiliko dira, eta partekatutako informazioaren benetakotasun, osotasun, isilekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak bermatuko dira.  

Hala, sendoagoa izango da Eusko Jaurlaritzak Idiazabal, Oiartzun eta Urnietako udalekin duen lankidetza, informazioa trukatzeko sistema bat eratuko baita eta, ondorioz, herritarrei datu-ziurtapenak eskatu beharrik izan gabe egingo baitira izapide administratiboak. Eta horrekin bermatuko da dagoeneko administrazio publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko herritarrek daukaten eskubidea.

Hitzarmen honen bidez, bai Eusko Jaurlaritzak bai Idiazabal, Oiartzun eta Urnietako udalek beste urrats bat eman dute Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea betetzeko. Lege horren arabera, administrazio publiko guztiek haiekin harremanetan jartzeko bide elektronikoak erabili ahal izatea ahalbidetu behar dute eta beren artean informazioa trukatu behar dute, herritarrek izapide administratiboak errazago egin ditzaten.

Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia 4 urtekoa izango da, beste lau urtez luzatu daiteke, eta ez du gastu edo kostu ekonomikorik izango aldeentzat.  

HERRITARRENTZAKO ONURAK 

  • Herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea. Administrazioen arteko lankidetzari esker.
  • Administrazioen sistemen artean informazioa trukatzea. Asmoa da herritarrak ez daitezela ibili erakunde batetik bestera, batek jaulkitako agiriak bestean aurkeztu behar dituztelako edo erakunde bat baino gehiagoren aurrean eskaerak nahiz idatziak izapidetu behar dituztelako.
  • Izapide eta prozedura administratiboak sinplifikatzea. Izapide administratiboetan edo ziurtagiriak eskatzerakoan aurkeztu beharreko agiri-kopurua murriztuko da.
  • Gardentasuna eta erraztasuna. Herritarrek ez dute jakin beharko administrazioek eskainitako zerbitzuen atzean datzan barruko tramitazioa; izan ere, orain arte, batzuetan ezinbestekoa zen hori ezagutzea zenbait izapide egiteko.

ADMINISTRAZIOENTZAKO ONURAK 

  • Eraginkortasuna hobetzea. Jardunbide administratiboaren eraginkortasuna areagotuko da lankidetzaren eta kooperazioaren bidez.
  • Aurrezkia kostuetan eta egoitzetan. Paperaren ordez agiri elektronikoak erabilita, paperezko agiriak jaulkitzeagatiko kostuak murriztuko dira, baita agiriok biltegiratzera bideratutako beharrezko espazioa ere, eta inguru giroa zainduko dugu.
  • Lan-zama arintzea. Truke elektronikoaren bidez datu-zama arintzen da hartzailearen kudeaketa-sistemetan.
  • Informazioaren kalitatea hobetzea. Hartzaileen kudeaketa"sistemen informazio-zaman gerta daitezkeen akatsak ezabatzen ditu, zama hori bera automatizatu egin baitaiteke.

Eusko Jaurlaritzaren ustean, beharrezkoa da administrazio elektronikoa azkar eta modu eraginkorrean garatzea, herritarren eta administrazioen arteko harreman elektronikoak ahalbidetzeko.

BESTE ERAKUNDE BATZUEKIN SINATUTAKO HITZARMENA

Idiazabal, Oiartzun eta Urnietako udalekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu ditu hauekin ere:

  • Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hiru foru-aldundiekin
  • Hiru hiriburuetako udalekin: Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko udalekin
  • Udal hauekin: Irun, Barakaldo, Bermeo, Getxo, Basauri, Ermua, Beasain, Andoain, Tolosa, Mendaro, Azkoitia, Aretxabaleta, Lasarte-Oria, Ataun, Errenteria, Lezo, Astigarraga, Albiztur, Anoeta, Pasaia, Amezketa, Legorreta, Alegia, Bidania-Goiatz, Berrobi, Legazpi, Abaltzisketa, Urretxu, Arrasate, Zegama, Itsasondo, Bergara, Arama, Aia, Azpeitia, Baliarrain, Beizama, Deba, Eskoriatza, Hernani, Lizartza, Soraluze, Zarautz, Zestoa, Zumaia, Zumarraga, Asteasu, Alkiza, Amezketa, Elgeta, Elgoibar, Gabiria, Getaria, Hernialde, Hondarribia, Orendain, Orexa, Usurbil eta Villabonako udalekin
  • Txorierriko mankomunitatearekin
  • Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin