Euskal industriak bere lehengaien % 6 eta 2.000 milioi euro aurreztuko lituzke ekonomia zirkularreko ohiturak ezarriz gero

Argitalpen-data: 

Euskadi Europako lehen eskualdea da, Europar Batasunaren metodologiari jarraikiz, bere ekonomia zirkularraren adierazleak kalkulatzen

Ekonomia zirkularra Euskadin BPGd-aren % 1,12 da, eta diru-sarrera gordinak, urtean, 764 milioi euro

Arriola sailburuak nabarmendu du eredu horrek, planetaren suntsiketa eteten laguntzeaz gainera, enpresa-aukera berriak sortzen lagundu dezakeela


Euskal industria-sektoreko enpresetan ekonomia zirkularra ezartzeak % 6 murriztuko luke lehengaien kontsumoa, eta 2.000 milioi euroko aurrezpen ekonomikoa ekarriko luke, “Euskadiko Industriako Ekonomia Zirkularraren Diagnostikoa” txostenean jasotako datuen arabera. Txostena gaur aurkeztu du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak. Metalaren (siderurgia, galdaketa, produktu metalikoak) eta mugikortasunaren (automobilgintza, aeronautika) sektoreetan aurrezpen horren % 49 kontzentratuko litzateke.

Diagnostikoa Donostiako Kursaal Jauregian egindako jardunaldi teknikoan egin da; bertan, industriako ehun ordezkari baino gehiago batu dira eta Euskadiko enpresa eta erakunde batzuek izandako esperientziak aurkeztu dira. Diagnostiko hau egiteko, “2018ko Euskadiko ekonomia zirkularraren adierazleak” azterlanaren emaitzak izan dira gogoan. Euskadi, Europar Batasunak zehaztutako metodologiari jarraikiz, Europan gai horri buruzko informazio guztia biltzen lehen eskualdea izan da.

Euskadik ingurumenaren babeserako eta jasangarritasunerako hain gai garrantzitsuan bere lekua izateko lehen ariketa da, eta Euskadiren 2030erako Ekonomia Zirkularraren Estrategia prestatzeko abiapuntua izango da.

Arriola sailburuak nabarmendu du ekonomia zirkularrak paradigma-aldaketa dakarrela baliabide naturalak erabiltzeko moduan eta, beraz, ingurumenarekin harremanetan egoteko dugun moduan. Eta zera esan du: “xede dugun eredu berrian, produktu eta materialen balioari ahalik eta denbora luzeenean eusten zaio; hondakinak ahalik eta gehien murrizten dira; eta baliabideak berriz ere sartzen dira ekoizpen-zikloan eta, horrela, balioa sortzen da, ondasunak beren bizitza erabilgarriaren amaierara iristen direnean.Horrek esan nahi du lehen ekoitzi, erabili eta bota zena, orain murriztu, berrerabili eta birziklatu dela”.

Iñaki Arriolak gogorarazi du “industria-sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan 46,5 milioi tona lehengai behar dituela urtean, eta % 70 baino gehiago inportatuak direla.Gainera, sektore horrek hondakinen % 72 sortzen du, eta, horietatik, % 42k hondakindegietan amaitzen dute”, eta zera esan du: “testuinguru horrek aukera ugari eskaintzen ditu Euskadik ekonomia zirkularragorantz egiteko, eta ekonomia jasangarri gisa modernizatzeko eta eraldatzeko”.

“Erabat sinesten dugu –esan du– eredu honek planetaren suntsiketa eteten lagunduko digula eta, gainera, kalitateko enplegu berria, ekimen berriak eta enpresa-aukerak ekar ditzakeela.Gainera, pertsonak eta ingurumena babesteko faktorea ere badu, eta horren gainean adostasun orokorra dago.Merkatuetan hazteko itxaropenak handiagoak dira ekonomia zirkularreko produktu edo negozioetarako, produktu tradizionaletarako baino”.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko arduradun nagusiak esan du Euskadik aspaldi erakutsi duela “posible dela ekonomikoki haztea eta materialen kontsumoa murriztea”. Ondoren esan du 2000. urtetik “euskal BPGd-a % 26 hazi dela, eta materialen kontsumoa % 25 murriztu dela eta hondakindegietan amaitzen duten hiri-hondakinen bolumena % 56 murriztu dela”.

Arriolak gogoratu du gaur egun, bere sailak sustatutako programei esker, “Euskadiko 150 industria-enpresa baino gehiago ari direla, dagoeneko, jardunbide edo eredu zirkularrak aplikatzen, besteak beste: ekodiseinua, serbitizazioa, birmanufaktura, bizi-zikloaren analisia edo ingurumen-adierazpenak”.

Zehazki, estrategia zirkularrak berenganatzen ari diren industria nagusiak honako sektore hauetakoak dira: automobilgintza, garraio-ekipoak, ekipo elektrikoak eta elektronikoak, makina-erreminta, metala, kimika, altzariak, eraikuntza eta ingurumen-zerbitzuen azpisektorea”.

“Euskadiko Industriako Ekonomia Zirkularraren Diagnostikoa”ren ondorioak

  • Lehentasunezko bost ildo identifikatzen dira ekonomia zirkularrean euskal industriarako. Produktuaren edo negozioaren berrikuntzaren ikuspegitik: ekodiseinua, birmanufaktura eta konponketa aurreratua eta serbitizazioa; eta materialen erabilera hobetzeko ikuspuntutik: metalak eta plastikoak izanik hondakinak birziklatzea.

  • Euskal enpresek, batik bat manufakturakoek, nabarmen hobetu dezakete beren egoera lehiakorra, errentagarritasuna eta jasangarritasuna eta, horretarako, ekonomia zirkularraren ereduak eta materialen erabilera eraginkorra ezarri.

  • Euskadik, azken urteotan, ekonomia zirkularreko soluzio berritzaileen ezagutza handia bereganatu du, eta, ondorioz, eskualde erreferente bilakatu da.

  • Euskadik zenbait tresna publiko ditu eta, horien bidez, produktu zirkularragoen eskariaren sustapena eta eskaintza lehiakorra izatea lotzen dira; halaber, agente espezialisten sarea eta lankidetza publiko-pribatuaren kultura finkatua ere baditu.

Ekonomia zirkularraren adierazleak

Bestalde, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak Diagnostikoa egiteko zer metodologia jarraitu den azaldu du; Euskadik ekonomia zirkularragorantz egiteko bilakaera neurtu eta eraginkortasunez ebaluatu ahal izateko adierazle batzuen segimenduan oinarritzen da.

Eskuratu diren datuen artean nabarmentzekoa da Euskadin ekonomia zirkularra Barne produktu Gordinaren % 1,12 dela, eta urteko diru-sarrerak 764 milioi euro direla. Eta Euskadiko 18.463 enplegu ekonomia zirkularraren jarduerekin lotuta daudela, alegia, EAEko enplegu guztiaren % 2,08. Horrela, Euskadi, Espainiaren gainetik (% 2) eta Alemaniaren gainetik (% 1,71) geratzen da.

Jardunaldian, “Circular Thinking” ekimena aurkeztu da; komunikazio-ekintza hori Ingurumen Sailak sustatzen du. Horren bidez Euskadiko industria-agenteak mugiarazi nahi dira, eta tresna izan nahi du, ekonomia zirkularra negozio-aukera eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko aukera gisa identifikatzeko.

Ekimenak, “Circular Thinking” zigiluaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak izan dituzten industria-proiektuak identifikatuko ditu, bai eta herritarrak murriztera, berrerabiltzera, konpontzera eta birziklatzera bultzatzen dituzten ekintza esanguratsuak ere.