Euskadin 22 unibertsitate-titulazio dual izango dira 2018-2019 ikasturtean
2018.eko maiatzak 23
Unibertsitatea-Enpresa Euskal Estrategia abian jarri ondoren, Euskadin 22 unibertsitate titulazio dual izango dira 2018-2019 ikasturtean: 15 gradu eta 7 master
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Unibasq – Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendari Eva Ferreirak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte gaur, datorren 2018-2019 ikasturte akademikotik aurrera ikasketa dualaren aitortza izango duten unibertsitate Gradu nahiz Masterrak aurkeztu dituzte. Berriki Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen Unibertsitatea-Enpresa Estrategiari esker, lehen aldiz definitu ahal izan dira Euskadin unibertsitatete-ikasketa Dualen ezaugarriak. Diseinu hori, nahiz ondoren egin beharreko ebaluazioa Unibasq-en ardura izan dira, agentzia honi baitagokio Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea ebaluatzea, akreditatzea eta ziurtatzea.
Unibertsitatea-Enpresa Estrategia iragarri ondoren, Unibasq-ek deialdi irekia egin zien unibertsitateei, egoki zeritzen titulazioentzako akreditazio duala eska zezaten. Ebaluazio prozesu hori amaitu ondoren, datorren 2018-2019 ikasturtean aipamen duala duten 22 ikasketa izango dira: 15 unibertsitate gradu, eta 7 unibertsitate master. Aurreikuspena da datorren ikasturtean gutxienik 371 ikaslek dualean ikasiko dutela unibertsitate titulazioren bat -240 gradu ikasketetan, eta gainerakoak masterrean-.
Estatuan hau da Dual aitortza ematen duen lehen deialdia, eta Europan unibertsitate arloan garatzen ari diren politika nagusiekin bat dator.
Unibasq-en Aholku Batzordeak prestaturiko ebaluazio-protokoloak definitzen ditu Gradu edo Master tituluak edo ibilbideak aitortza duala izan dezan bete beharreko baldintzak. Horien artean daude:
- Prestakuntza praktikoan gutxieneko kreditu kopurua, kanpoko enpresa edo entitatearekin elkarlanean (Graduetan kredituen %25-50; kredituen %40 Masterretan)
- Elkarlan horrek gradu edo master amaierako lana ere bere baitan hartu behar du
- Bitariko batzorde akademikoaren bidez jarraipena egin beharra, tituluaren helburu eta konpetentziekiko koherentzia bermatzeko
- Enpresaren konpromisoa, ikasleen formazioa finantzatzeko konpromisoa –haiei ordainketak eginez-, bai enpresan tutoreentzako formazioa bermatzeko konpromisoa ere
Unibertsitatea-Enpresa Estrategiaren aurkezpena
2017ko ekainaren 6an Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitatea-Enpresa Estrategia aurkeztu zuen Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren aurrean. Gizartearen zerbitzurako tresna berria, Europako testuinguruan Euskadiko gizarte- eta ekonomia-garapenerako palanka lana egingo duena. Unibertsitatea-Enpresa Estrategiak bi helburu nagusi hartu zituen hasiera-hasieratik:
- Ezagutza sortzea eta transferitzea eta, horretarako, bikaintasun zientifikoa eta enpresa-eremuko aplikazioa lotzea
- Gaitasun handiak eta enpresa-eremuaren beharrei aplikatutako eta egokitutako osagaia dituen giza kapitala sortzea.
Iragarpen horren ondoren, 2017ko urrian, Unibasq-en Gobernu Kontseiluak onartu zuen –Hezkuntza Sailaren ekimenez- Euskal Unibertsitate Sisteman Gradu zein Master titulazio ofizialen aitortza duala eskuratzeko deialdia
2017ko azaroaren 6tik abenduaren 7ra bitartean irekita egon zen deialdi berezia, interesa zuten unibertsitateek euren eskaerak aurkez zitzaten. Nola nahi ere unibertsitateek jarraitu ahal izango dute, jarraipen eta aldaketetarako ohiko prozeduren bidez, dagoeneko existitzen diren titulazioentzat aitortza duala eskuratzeko proposamenak aurkezten; edo baita titulazio berrientzat ere, tituluak egiaztatzeko prozeduraren bidez.
Unibertsitatea-Enpresa Estrategiaren beste erronka batzuk
Unibertsitate-ikasketa Dualen lehen deialdia bultzatzeaz gain, Hezkuntza Sailak eremu akademikoaren eta enpresa-munduaren arteko harreman estuagoa sustatzeko lanean jarraitzen du. Unibertsitatea-Enpresa Estrategiak bestelako zenbait ekintza ere aurreikusten ditu –horietako batzuk abiatuta dagoeneko- 2022ra begira.
Unibertsitatea-Enpresa euskal Estrategia bultzatzeko ekintzen artean, nabarmentzekoak dira ondorengoak:
- Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako unibertsitate heziketarako Klusterra eratzea, 2017ko uztailean (4Gune Klusterra), Fakultate nahiz Eskolen eta enpresen arteko elkarlana bultzatzeko helburuz, eta horrela Espezializazio Adimentsurako Euskal Estrategiaren helburuei erantzuna emateko.
- Enpresa-Unibertsitatea ikasgelen lehen euskal Programa martxan jartzea, RIS3 estrategiarekin bat etorriz (Espezializazio Adimentsurako Euskal Estrategia); programa hau Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetan dauden ikasleei zuzentzen zaie (diseinu fasean, 2018-2019 ikasturtean abian jartzeko)
- Doktorego Industrialaren Programaren aipamena; i-dual graduko eta graduondoko titulua; graduko tituluetarako Unibertsitatea-Lanbide Heziketa eredu integrala.
- Europan enpresetan prestakuntza jasotzeko eta ikasteko programa abian jartzea, i-dual aipamena duten unibertsitate-titulazioetako ikasleei zuzenduta.
2018-2019 ikasturtean Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eskainiko dituzten titulazio dualen zerrenda hemen ikus daiteke.