Euskadiko pertsona bakoitzeko BPG 15en Europar Batasuneko batez bestekoa baino %14 altuagoa da

2018.eko uztailak 27

2017KO URTEKO TXOSTENA

 

Euskadiko pertsona bakoitzeko BPG 15en Europar Batasuneko batez bestekoa baino %14 altuagoa da

 

Ogasun eta Ekonomia Sailak egindako 2017ko Urteko Txostenak erakusten duenez, Euskadiko ekonomiaren suspertzea finkatu ahala, Europako herrialdeekiko duen posizio erlatiboa hobetu egiten da. Izan ere, iaz, Euskadiko pertsona bakoitzeko BPG 28 kideko Europar Batasunaren batez bestekoa baino %23 altuagoa izan zen eta, horrez gain, batasuneko puntako 15 herrialdeek osatutako 15en EBrena baino %14 altuagoa.

2017an konbergentzia txikia gertatu zen hiru sektore nagusien hazkunde erritmoan. Industriak (%2,7) eta zerbitzuek (%3,1) garapen indartsua izan zuten, eta eraikuntzaren bultzada zerbait motelagoa izan zen (%2,5). Nazioarteko merkataritzari dagokionez, ekonomiaren hazkundearen gainetik egin zuen aurrera, 2010etik ezagutu gabeko markak lortuz. Euskal esportazioak intentsitate handiko gunean finkatzen dira, lau urtez 21.500M/€-ak gainditu ondoren, eta kanpoko saldo osoa Euskadiren aldekoa izan zen 5.200M/€ baino gehiagotan.

 Enplegua

Azpimarratu beharreko datuetako bat, lanpostu kopuruak 2017an %2,1eko igoera izan zuela da, Gizarte Segurantzaren afiliazioarekin gertatu den bezala. Horri esker, 2008-2013 epealdian galdu ziren 119.000 lanpostuetatik dagoeneko 56.000 inguru berreskuratu dira. Hala ere, gaur egun 2008an baino 63.000 lanpostu gutxiago daude oraindik.

Zerbitzuen sektorea eta industria, %2,2ko eta %1,7ko igoerekin, hurrenez hurren, izan ziren dinamikoenak berriro ere, eta eraikuntzak nabarmen hobetu zituen aurreko urteko emaitzak, %1,6ko igoera lortuz.

2017an, enpresek eskainitako lanpostu huts kopuruak gora egin zuela hauteman zen, batez beste 4.500 lanpostu huts zenbatu baitziren. Hori aurreko urtean baino %22,9 lanpostu huts gehiago dira, eta lanpostu huts horietako bakoitzak 30 langabetuko ratioa du (datu hori 20ra murriztu da 2018ko lehen hiruhilekoan).

Produktibitatea eta soldatak

Lanean egindako ordu bakoitzeko Euskadiren produktibitatea, UE28rekin alderatuta, Europako batez bestekoa baino %20 altuagoa da, eta alderaketa hori UE15arekin egiten badugu, batez bestekoaren gainetik egoten jarraitzen du.

2008 eta 2016 artean, langile bakoitzeko batez besteko soldata %7,6 igo zen, epealdi horretako BPGren hazkundea (%9,2) baino gutxiago. Hori dela eta, soldata errealak behera egin zuen. Langile bakoitzeko soldaten hobekuntza goiko pertzentilean kontzentratzen da, eta beheko pertzentilean, berriz, egoerak txarrera egin duela ikusten da.

Hau da, batez besteko soldatek gora egin duten arren, soldata txikienak zituzten pertsonak igoera horretatik kanpo geratu dira. Beraz, krisiaren hasieratik arraila zabaldu egin da soldataren banaketaren bi muturren artean, jaitsiera txikiarekin egoera ahulagoan zegoen taldean eta batez bestekoaren gaineko igoerarekin soldata altuagoak dituen kolektiboan.

Halaber, genero arraila ere zabaldu egin da soldata txikieneko kolektiboan 2008tik 2014ra, emakumeek ez dutelako inolako aurrerapausorik ikusi euren soldatan, gizonen soldataren igoera %5,5ekoa izan den bitartean.

Adinaren araberako banaketari dagokionez, 25 urtetik beherakoa da talde kaltetuena. 2008an 15.406 euro irabazten zituzten batez beste, eta zortzi urte geroago, kolektibo horren batez besteko soldata 12.100 eurokoa zen. 25 eta 34 urte arteko pertsonek ere ezin izan diote aurreko soldata mailari eutsi ahal izan, 22.233 eurotik 22.046 eurora jaitsi baita.

35 eta 44 urte arteko tartean, igoera etengabea izan da, eta 2008ko 25.649 eurotik 27.470 eurora igo da, %7,1eko igoera metatuarekin. 45 eta 54 urte arteko tartean ez da igoera aipagarririk eman (%0,8), eta batez besteko soldatak 29.500 euro azpitik jarraitzen du. Amaitzeko, 55 urtetik gora, %6,7ko igoera metatua hautematen da, batez besteko soldata 29.975 eurotan utziz.

Ekonomiako sektoreei dagokienez, soldata altuena industrian ordaintzen da, eta txikiena zerbitzuetan. Emakumeek zerbitzuen sektorean duten kontzentrazioak azaltzen du soldatetan dagoen arrailaren parte bat.

Ekonomiaren krisiaren ondorioz, 2015era arte laguntzen jasotzaile kopuruak gora egin zuen nabarmen, eta urte horretan 66.000tik gora izan ziren (otsaila-ekaina). 2017an, 2016an baino 2.726 pertsona gutxiago izan dira jasotzaileak, eta 2015ean baino 3.500 gutxiago. 2018ko lehenbiziko hilabeteetan, 60.000 pertsonaren maila apurtu zen bost urtetan lehen aldiz, ekainean kopurua 57.917 laguntzen jasotzailekoa izan baitzen.

Sektore Publikoa

Tributu kontzertatuen ondoriozko diru-bilketak azken lau urteetako bilakaera positiboa baieztatzen du. Horrez gain, 2017ak erregistro hoberenak erakutsi zituen 2005etik, %11,8ko igoerarekin, 2016. urtearekin alderatuta, aurreko urteko batez bestekoaren gainetik bederatzi puntu baino gehiago erakutsiz. Guztira, bildutako diru kopurua 14.500 milioi eurora hurbildu zen.

Hazkunde horren parte handia Estatuko Gobernuarekin lortutako akordioen ondorioz azaltzen da. Horien bitartez, 2007-2016 epealdian BEZaren doikuntzen gainean egon diren desadostasunak kitatu dira.

Orokorrean, berriro ere portaera hobea hautematen da zerga zuzenetan (%7,2), zeharkakoetan (%2,9) baino. Horrela, PFEZk %6 egin zuen gora, diru-bilketa osoaren %77,6 izanik, eta Sozietateen gaineko Zergak %10,9, balio positiboetara itzuliz, 2013tik lehen aldiz.

2017an, Eusko Jaurlaritzaren ohiko diru-sarrerek %11,8 egin zuten gora, eta izaera bereko gastuek, berriz, %3,3. Horri esker, aurrezpen gordina 963,4 M/€-raino igo zen. Aurrezpen publikoaren bilakaera positiboaren ondorioz, 447,3 M/€ finantzatzeko beharretik, 200,9M/€-ko finantzaketa gaitasunera igaro da. Kontuen oreka horri esker, Eusko Jaurlaritzak aurreko urtean baino zor gehiago amortizatu ahal izan zuen, eta bere finantza pasiboak bigarren urtez jarraian murriztu ahal izan zituen.

Laburbilduz, Eusko Jaurlaritzaren finantza eragiketei dagokienez, bilakaera oso positiboa izan da, diru-bilketaren hazkundea hasieran aurreikusitakoa baino altuagoa izan zelako, gastuei eutsi ahal izan zitzaielako eta zorpetzea murriztuz joan zelako.

Finantza Sektorea

Urteko Txostenak jasotzen duenez, murriztu egin da Euskadiko familien zorpetzea. Hamahiru urtetan lehen aldiz, euskal eragileen zorpetze maila BPGren balioaren azpitik geratu zen. Zehatzago esanez, 2017ko maileguak BPG osoaren %96,2 izan ziren, 2004an erregistratutako %98,0ren azpitik, hain zuzen ere.

Sektore publikoko kreditu biziek %5,5 egin zuten behera, 2007tik izandako lehenengo kontrakzioa. Familien palanka-efektu maila, 2008an izandako gehienekoa baino %24,8 beherago dago, hau da, euren zorra  21.141M/€ ingurutan murriztu dute.

Aurreikuspenak

Euskadiko egitura makroekonomikoak nolabaiteko moteltzea erakusten du ekonomiaren hedapenean 2018-2020 epealdian.

Horrela, 2018rako aurreikusten den batez besteko hazkunde tasa %2,8koa da orain, eta, aurreikuspenen arabera, dinamismoa moteldu egingo da, %2,3ra 2019an eta %2,0ra 2020an. Lan merkatuari dagokionez, hazkunde ekonomikoak enplegu tasa handitzea eta langabezia mailak behera egitea ekarriko du.

2018rako enpleguak %1,9 egingo duela gora aurreikusten da, eta 2019rako eta 2020rako aurreikusten den bariazio tasa %1,4koa eta %1,0koa da, hurrenez hurren. Langabezia mailari dagokionez, %10,8ra jaitsiko da 2018an, eta beherako joerarekin jarraituko du, 2020an urteko batez bestekoa %9,6koa izanik. Horrela bete egingo da Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan langabezia maila %10,0tik azpira murrizteko zuen helburua.

 

Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 27an