Euskadi eraikuntza- eta eraispen-hondakinen % 60 baino gehiago birziklatzera heldu da Euskadi eraikuntza- eta eraispen-hondakinen % 60 baino gehiago birziklatzera heldu da
Argitalpen-data:
- Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren hondakinen laurden bat dira
Euskal Autonomia Erkidegoak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen birziklapen-tasa ia-ia % 20 areagotzea lortu du zazpi urteko epean. “2009an, hondakin horien % 42 besterik ez zen birziklatzen eta, 2016an, zifra hori % 61era igo zen” esan du gaur goizean Ihobeko zuzendaria den Jesús Losadak Espainiako Eraispen, Deskontaminazio, Ebaketa eta Zulaketa Elkarteak (AEDED) Bilbon antolatutako jardunaldi batean; hala, sektoreko ehun bat ordezkari gerturatu dira jardunaldi horretara.
Losadak adierazi du eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketan lortu den aurrerapen hori posiblea izan dela Ingurumeneko sailburuordetzak Ihobe sozietate publikoaren bidez sektorearen esku jarri dituen tresnei esker.
Zehazki, nabarmendu du legeria-tresna batzuk onetsi direla, besteak beste, 2012ko ekainaren 26ko Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan eraikuntza- eta eraispen-hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituena; halaber, azpimarratu du sektore horretarako erosketa publiko berdearen irizpideak zehaztu direla. Azkenik, ekonomia zirkularrean demostrazio proiektuak egikaritzeko emandako babes ekonomikoa edo gidaliburu eta gida teknikoen edizioa aipatu ditu.
Ihobe sozietate publikoaren ordezkari gorenak adierazi du legegintza-baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomiko horiek abiaraztearekin hauxe lortu dela: “Euskadin modu ezezagunean edo ilegalean kudeatzen ziren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, guztira, % 40 ziren 2009an eta 2016an kopuru hori % 26ra murriztea lortu zen”.
Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak hauxe gogorarazi du: “adierazleen hobekuntza argia gorabehera, badago lana egiteke Europak ezarritako helburuak betetzeko, hau da, 2020rako sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen % 70 berriz erabiltzea eta birziklatzea lortzeko”. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren hondakin guztien % 25a dira.
Jardunaldi honetan, ekonomia zirkularreko jardunbide egokiak aurkeztu dira hondakin-korronte horrekin eta Espainiako Eraispen, Deskontaminazio, Ebaketa eta Zulaketa Elkarteak Ihobeko zuzendari nagusia den Jesús Losadari aitortza bat eskaini dio, hain zuzen ere, sozietate publiko honek eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ingurumen-kudeaketa errazteko egindako lanagatik.