Eraginkortasunerako eta berriztagarrietarako 2018ko laguntza-programaren hornidura handitu da, 8 M" izateraino
2018.eko apirilak 30
Diruz lagundutako proiektuei esker aurreztuko den energia Euskadiko urteko kontsumoaren % 0,25 izango da
- Aurrekontua aurreko ekitaldikoa baino % 23 handiagoa da.
- Gutxi gorabehera 40M euroko inbertsioak mobilizatuko ditu energia-merkatuan.
- Aurrezteko ahalmen handiena duten sektoreak eta energia berriztagarrien instalazioak izango dira onuradun nagusiak.
Energiaren Euskal Erakundearen —hau da, Eusko Jaurlaritzaren energia-agentziaren— 2018ko laguntza-programak zortzi milioi euroko hornidura izango du, sektore guztietan energia aurrezteko proiektuak bultzatzeko batetik, eta iturri berriztagarrien erabilera sustatzeko bestetik. Neurri horiei esker aurreztuko den energia Euskadiko urteko energia-kontsumoaren % 0,25 izango dela uste da, Euskadiko Energia Estrategian energia-trantsiziorako ezarritako helburuak lortzeko bidean lagungarri izango dena.
Laguntzak 10 laguntza-programatan banatu dira, eta programa horiek bi bloke handitan bildu dira, energiaren arrazoizko erabilerarako lineetan batetik, eta energia berriztagarrien instalazioak sustatzeko programetan bestetik.
Laguntza-programa |
AURREKONTUA € |
ENERGIAREN ARRAZOIZKO ERABILERARAKO PROGRAMAK |
4.500.000 |
Industria-sektorerako laguntzak |
1.000.000 |
Hirugarren sektorerako laguntzak |
1.500.000 |
Toki Administrazioaren sektorerako laguntzak |
800.000 |
Garraio eta mugikortasun eraginkorrerako laguntzak |
800.000 |
Energia Zerbitzu Enpresetarako laguntzak |
400.000 |
BERRIZTAGARRIEN PROGRAMA |
2.000.000 |
Biomasa-instalazioetarako laguntzak |
450.000 |
Geotermia-instalazioetarako laguntzak |
450.000 |
Produkzio elektriko berriztagarriko instalazioetarako laguntzak |
600.000 |
Garapen-bidean dauden itsas energien teknologietarako laguntzak |
500.000 |
|
|
Industrialdeetarako laguntzak |
1.500.000 |
GUZTIRA |
8.000.000 |
Energia aurrezteko eta energiaren arrazoizko erabilerarako lineek 4,5 milioi euroko hornidura izango dute, honako sektore hauetarako: industria, hirugarren sektorea, Tokiko Administrazio Publikoa, garraioa eta energia-zerbitzuen enpresak. Sektore horiek guztiek energia asko kontsumitzen dute, eta horregatik tarte handia dute kontsumoa eta energia-faktura murriztuko duten neurri zuzentzaileak sartzeko. Guztira, 1.250 proiektu baino gehiagoren egikaritzean laguntzea espero da.
Neurri horiek hainbat jardunetarako diru-laguntza emango dute, besteak beste, industria-instalazioen energia-berrikuntzarako, auditoriak egiteko, energia-kudeaketa aurreratuko sistemak —ISO 50001 adibidez— ezartzeko eta argiteria-sistemak berritzeko. Garraio-alorrean, nabarmentzekoak dira, batetik, gas natural bidezko ibilgailu astunak eraldatzeko neurriak, eta, bestetik, elektrizitatea zein beste erregai alternatiboak kargatzeko puntuen ezarpena. Partikularrei laguntzak ere emango zaizkie, halaber,lagundutako pedalkada duten bizikletak eskuratzeko.
Energia berriztagarriak aprobetxatzeko laguntzek instalazio jakin batzuen ezarpena sustatu nahi dute, hain zuzen ere, beren tamaina dela-eta, ezarritako potentziari esker energia-iturri konbentzionaletan aurrezteko ahalmen handia duten instalazioen ezarpena. Ildo horretan, biomasa- eta geotermia-instalazioei lehentasuna emango zaie, biak ere 70 kW-tik gorako potentziarekin, eta, produkzio elektriko berriztagarriari dagokionez, instalazioek gehienez 250 kW eduki ahal izango dute saretik aparte daudenen kasuan, eta gehienez 1 MW sare elektrikoari konektatuta daudenen kasuan, fotovoltaikoak, eolikoak zein minizentral hidroelektrikoak izan. Neurri horiek 2.000.000 euroko hornidura dute guztira, eta, horren bitartez, Euskadin ezarritako potentzia termikoa 10 MW igotzea eta potentzia elektrikoa 360 kW igotzea espero da, hori guztia aurreikuspenen arabera babestuko diren 360 instalazio berriren bitartez. Ekitaldi honetan, garapen-bidean dauden itsas energietako teknologia-probak eta ikerketak bultzatzen jarraituko dugu.
Berritasunen artean, industrialdeetarako laguntzetarako babes-linea espezifiko bat bildu da ekitaldi honetan, enpresa-zentro horietan energia-hobekuntzak sar daitezela sustatzeko. 1,5 milioi euro askotariko jardunetarako izango dira, hala nola argiteria berritzeko, biomasa- edo kogenerazio-instalazioen bidez beroa eta hotza modu zentralizatuan sortzeko eta sarean banatzeko bideragarritasun-azterlanak, garraio-proiektu pilotua, etab.
Programak irekitzeko prozesua mailakatua izango da. Hala, maiatzaren 3an lehen sektore-programak jarriko dira abian, bereziki energia-eraginkortasunaren esparruan kokatzen direnak, eta, aurreikuspenen arabera, ekainerako indarrean hasiko dira energia berriztagarriak aprobetxatzeko teknologiekin eta industrialdeetako energia hobetzearekin lotutako laguntzak.
Deialdi honetan nabarmen igo da eskaerak aurkeztu eta tratatzeko modalitate telematikoa eskaintzen duten programen kopurua. Zehazki, 2018an zazpi programa kudeatu ahal izango dira bitarteko telematikoak erabiliz Energiaren Euskal Erakundearen web korporatiboaren bitartez, eta hiru bakarrik izapidetu beharko dira modu konbentzionalean, Energiaren Euskal Erakundeak Bilbon dauzkan bulegoetan.
Eragindako inbertsioak
Laguntza horiek guztiek inbertsioak mobilizatuko dituzte, 40 miloi euro gutxi gorabehera, energia-merkatuan instalazio eta zerbitzu berriak abian jartzeko, aurreikuspenen arabera babestuko diren 1.400dik gorako proiektuei esker. Aurreikuspenen arabera, behin ekintza guztiak egikaritu ondoren urtean 13.369 ptb (petrolio-tona baliokideak) aurreztuko da energian, hau da, Euskadiko urtebeteko energia-kontsumo osoaren % 25.
Deialdi honen hornidurak 1,5 milioi euro gehiago izango du 2017ko ekitaldiko deialdikoak baino, eta horrek esan nahi du kapitulu honetarako aurrekontua, gutxi gorabehera, % 23 haziko dela. Joan den urtean bederatzi laguntza-programa jarri ziren abian, kasu horretan ere energia-eraginkortasuna eta jatorri berriztagarriko energia-kontsumoa jomugan, eta horien bitartez energia hobetzeko 1.058 proiektu diruz lagundu ziren guzira, 12.234 ptb (petrolio-tona baliokideak) aurrezteko lagungarri izan zirenak.
Informazio gehiago
Energiaren Euskal Erakundea
Komunikazioko eta Kanpo Harremanetarako Arduraduna:
T.: 944.035.600