Bilbon egingo da, maiatzaren 3tik, Euskadin sekula egin den etxebizitza publikoari buruzko erakusketa handiena

presentación.jpg

2018.eko apirilak 18

  • Iñaki Arriola sailburuak, gaur, ‘Housing the Basque Country’ lagina aurkeztu du, “etxebizitza publikoaren politikak Euskadin azken 37 urteotan ekarri duenaren laburpen bizia”
  • Bizkaia Aretoko erakusketa maiatzaren 3tik ekainaren amaierara izango da; bertan, BOEen 30 sustapen aukeratu dira, 1981aren eta 2018aren artekoak, Euskadin etxebizitza publikoari emandako sustapenaren lagin modura
  • Paraleloan, mahai-inguruak eta haur-tailerrak antolatuko dira eta, horien bidez, Euskadik etxebizitza babestuaren sustapenean duen lidergoari buruz eztabaidatu ahalko da eta haren berri eman

 

‘Housing the Basque Country (Vivienda Pública en Euskadi/Euskadiko Etxebizitza Publikoa). 1981-2018’ da erakusketa handiaren izena; bertan, Euskadin eskumenak autonomia-mailara eskuordetu zirenetik garatu den etxebizitza publikoaren politikaren ia lau hamarkadatako historia laburtzen da.

Erakusketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatu du. Maiatzaren 3an hasiko da, Bilboko Bizkaia Aretoan, eta ia bi hilabetera amaituko da, ekainaren 30ean. Gaur aurkeztu da, Iñaki Arriola sailburua buru izan duen ekitaldian; berarekin batera, Asier Santas eta Luis Suárez arkitekto bilbotarrak, erakusketaren komisarioak.

Arriola sailburuak esan du erakusketak etxebizitza publikoaren politikak Euskadin azken 37 urteotan, zehazki Eusko Jaurlaritzak eskumen hori bere gain hartu zuenetik egun arte, ekarri duenaren laburpen bizia eskainiko duela, eta zera esan du: “agerian utziko du urteotan etxebizitza ondasun sozial gisa eskuratzeko egon den borondate politikoa; konpromiso horren adierazle argiena da 2015eko Etxebizitza Legea, etxebizitza duina izateko sarbidea eskubide bilakatu baitu".

“Erakusketa bisitatzen dutenek –esan du– espiritu hori hautatutako proiektu bakoitzean antzemango dute. Eraikinen tipologia, estiloa, materialak, hiri-ingurunera egokitzeko modua alda daitezke, baina sustapenetako bakoitzean eskubide berak dituzten pertsonen bizileku izango direlako kontzientzia bera da, bai eta etxebizitza babestua eraikiz arkitektura berritzailea eta kalitate handikoa egin daitekeelako kontzientzia ere”.

‘Housing the Basque Country’ (HBC) EHU/UPVko Paraninfoko hiru areto handitan banatuko da. Horietako bakoitza etxebizitza publikora ikuspegi desberdinetik hurbiltzen da. Chillida aretoak “30 proiektu” izenburua du.  1981etik Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eraikitako etxebizitza publikoko ehunka sustapenetatik, hogeita hamar bat proiektu berezi eta adierazgarri hautatu dira, hainbat irizpideren arabera. Modu berezian, balio arkitektonikoak eta estetikoak, lurraldearekiko egokitzapena, ekarpen teknikoak eta eraikuntzakoak edo proiektuaren egiletza.

Laginak hautatu diren hogeita hamar proiektu horietako bakoitza tamaina handiko argazki eta jatorrizko planoen bidez azaltzen ditu. Halaber, eraikinen zenbait maketa ere jaso ditu, besteak beste, hiru maketa handi, Leioan (Bizkaia), Gasteizen eta Donostian eraikitako beste horrenbeste sustapenetakoak.

Axular aretoak “Etxebizitza eta hiria” izenburua du. Argazki-lana du bertan, eta argazki horien edukiak etxebizitza babestuaren taldeetan dagoen errealitatearen erretratu soziala eskaintzen du. Formatu desberdineko argazkien bitartez, hiri-bizitza eta sustapen babestuen ingurunean sortutako espazioak babestutako gizarte-edukia azaldu nahi da. Lan hori Luis Asín argazkilariaren obra da.

Bestalde, Etxepare aretoak “Etxea eraiki” izenburua du. Etxeko espazio bat islatu da bertan: edukitzailea, eduki ukigarria –altzariak– eta eduki ukiezina –intimitatea eta erosotasuna, esaterako–. Gainera, aretoan etxebizitza publikoaren gainean 40 urteotan politikaren, araugintzaren eta estatistikaren ikuspegitik egon diren datu garrantzitsuenak ere ikusiko dira.

Azkenik, Bizkaia Aretoko terrazan ere leku bat egongo da, etxe itxurako eraikuntza efimero batentzat, eta, bertan, laginaren izaera aurkeztuko da eta eraikinaren kanpoaldetik ikusiko da.

Tailerrak eta mahai-inguruak

Erakusketa bi hilez egongo da zabalik eta, epe horretan, ekitaldi paraleloak antolatuko dira, Euskadiko etxebizitza publikoaren ia berrogei hamarkadok ulertzen laguntzeko. Hiru mahai-inguru aurreikusi dira Bizkaia Aretoan, eta, bertan, gaia zenbait ikuspuntutatik aztertuko da: arkitektura, hiria, historia eta politika.

Gainera, lau asteburuz haur-tailerrak egingo dira eta, horietan, belaunaldi berriei etxebizitza publikoaren eta haren helburu sozialaren garrantzia ulertzen lagunduko zaie.

HBC erakusketan, halaber, argitalpen bat egingo da, eta hura amaieran aurkeztuko da; bertan, lagineko eduki ugari jasoko da, bai eta Euskadin etxebizitza publikoaren ia berrogei hamarkadok berrikusiko dituzten zenbait adituren testuak ere. Erakusketara sartzea eta ‘Housing the Basque Country’rekin zerikusia duten jardueretara sartzea doakoa izango da.