Bilboko udalerrian airearen kalitatea hobetzeko plana (Gobernu Bilera 2018-05-08)
2018.eko maiatzak 08
2016. urtean, Bilboko Indautxu auzoan kokatutako airearen kalitatea neurtzeko estazioak pixka bat gainditu zuen nitrogeno-dioxido (NO2) bidezko airearen kutsadura. Kutsadura horren jatorria ibilgailu motordunen emisioetan aurkitzen dugu.
Hori dela eta, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko. Hitzarmen horren bitartez, 2017ko erdialdetik aurrera bi erakundeen artean burutzen ari diren jarduketak zein aurten egingo diren beste jarduketa batzuk formalizatuko dira.
Jarduketa horien bitartez, Bizkaiko hiriburuko airearen kalitatea hobetzeko plan bat osatu nahi da, balizko aldaketek trafikoaren antolaketan izango luketen ondorioak aurreikusteko. Halaber, lan horri esker Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Euskadiko beste edozein udalerritan aplika daitekeen airearen kalitatea hobetzeko metodologia eskuratu ahal izango du.
Hona hemen lankidetza horren ondoriozko eginkizunak:
- Abiapuntuko informazioa biltzea: datu meteorologikoak, aztertutako zonako ibilgailuen trafikoaren datuak, informazio kartografikoa, Bilbon zirkulatzen duten ibilgailuen parkearen azterketa, etab.
- Indautxu auzoan zirkulatzen duen trafikoaren emisio-faktoreak tarteen arabera kalkulatzea.
- Lortutako emaitzak doitzeko neurketa-kanpainak egitea.
- Airearen kalitatearen oinarrizko egoera kalkulatzea Indautxu auzoan.
- Ingurunean bideragarriak diren airearen kalitatea hobetzeko egoeren azterketa egitea. Lortutako datuetan oinarrituta, hiru egoera posible definituko dira eta zonako trafikoan plantea daitekeen edozein aldaketak egoera horietan izan dezakeen inpaktua aztertuko da. Hori guztia, Udala burutzen ari den Mugikortasun Plana kontuan hartuta.