Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amaia Gabantxok irabazi du aurtengo Etxepare - LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Argitalpen-data: 

Gabantxo.jpg

- Gabriel Arestiren Harri eta herri eta Maldan behera lanak ingelesera itzuli ditu; Renon dagoen Nevadako Unibertsitateko  Center for Basque Studiesek argitaratu ditu.

- Itzultzaileak eta argitalatxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; horrez gain, 2.000 euroko laguntza jasoko dute argitalpen horien sustapenerako.

Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazle eta itzultzaileak irabazi du Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren laugarren edizioa, Gabriel Arestiren Harri eta herri (Rock & Core) eta Maldan behera (Downhill) lanak ingelesera itzultzeagatik. Renon dagoen Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studiesek argitaratu ditu idazle bilbotarraren itzulpen hauek, edizio bakar batean.

Aurtengo irabazleak gaur bertan jaso du saria, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldi batean. Han izan da Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta itzulpenek euskarari zein euskal kulturari ateak irekitzeko duten garrantzia azpimarratu du. “Amaia Gabantxok egin duen lanari eta, oro har, itzulpenei esker, gure mugez harago eraman dezakegu gure hizkuntza, kultura eta sortzaileen talentua. Itzulpenak oso garrantzitsuak dira euskal kultura nazioartekotzeko, hain zuzen ere, Etxepare Institutuaren helburu nagusietako bat”, adierazi du.   

Saria erabakitzeko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea baloratu du, bai eta argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Gabantxok egindako itzulpenen inguruan, horren “egokitasuna” nabarmendu dute, “tonuari eta erritmoari eusten” baitio. "Itzulpen librea baina justifikatua" dela adierazi dute, "jatorrizko bertsioaren esanahia edo zentzuari jarraitzen diona". Era berean, aukeratutako itzulgaiaren garrantzia nabarmendu nahi izan du epaimahaiak: "Obra kanonikoa da, balio akademiko handikoa, ingelesera itzulita izatea merezi duena". Azkenik, epaimahaikideek azpimarratu dute lan honek "bide luzea" egin dezakeela akademikoki.

Sariaren laugarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro, Euskara arduraduna LABORAL Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria; Juan Garzia, itzultzailea; Elisabeth Manterola, UPV/EHUko irakaslea eta EIZIEko kidea (Euskarazko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interprete Elkartea); eta Mikel Lasa, Etxepare Euskal Institutuko Komunikazio arduraduna.


Exepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek itzultzaileen ezkutuko lana nabarmendu nahi du.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2017. urtean argitaratutakoa izate (aurtengo edizioaren kasuan).

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du . Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Amaia Gabantxo

Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializatutako itzultzailea da. Lan eskerga egin du itzultzaile moduan, eta berari esker itzuli dira ingelesera honako obra hauek: Twist eta Belarraren ahoa (Harkaitz Cano), Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe), Zorion perfektua (Anjel Lertxundi), Vredaman (Unai Elorriaga) edo Borrokaria (Bernado Axaga), bai eta gaur saritutako Harri eta herri eta Maldan behera (Gabriel Aresti), besteak beste. Gabantxo kolaboratzailea da zenbait literatura argitalpenetan, kritikari zein editore gisa. Euskara, literatura eta sormen-idazkera irakasten du Chicagoko Unibertsitatean eta hiri horretan barrena emanaldien protagonista izan ohi da.

Azken urteetako irabazleak:

2015
Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Galegoa

2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea
Mussche (Kirmen Uribe)
Eleberria
Japoniera

2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)
Eleberria
Ukainera