1,1 milioi euroko diru-laguntza Ikerbasque Fundazioari, Bihar proiektua bultzatzeko (Gobernu Bilera 2018-10-02)

Leioa.jpg

2018.eko urriak 02

Bihar proiektuak ikerketarako gune berri bat sortuko du Leioako Zientzia Parkean, iritsi berri diren ikertzaileei erantzun azkar eta malgua emateko gai izango den espazioa

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, bikaintasunezko ikerketa bultzatzeko 1,1 milioi euroko diru-laguntza zuzena ematea Ikerbasque Fundazioari. Ikerbasquek Bihar proiektua garatzeko baliatuko du laguntza, hau da, UPV/EHUren Leioako Zientzia Parkean ikerketa taldeak hartuko dituen ikerketa-gune berri bat sortzeko.  

Horregatik, Bihar izena hartuko duen gunea bertan kokatzeko, Ikerbasque Fundazioak mila metro koadro inguru dituen espazioa eskuratu du aipaturiko Zientzia Parke horretako eraikin batean. Proiektu honekin Ikerbasqueren helburua da ezagutzaren arlo guztietako ikerketa taldeak hartuko dituen gune bat izatea, iritsi berri diren ikertzaileei eta hauen ikertzaile-taldeei erantzun azkar eta malgua emateko gai izango den espazioa. Era honetan, ikertzaileok iritsi bezain laster ekin ahal izango diote ikerketa lanari, dagokien ikerketa-zentroan euren espazio propioa eta egokitua izan artean.

Bihar ikerketa espazioa BERC deritzen beste ikerketa zentro batzuengandik hurbil kokatuko da (Achucarro, BC3, BCMaterials, Biofisika), eta baita UPV/EHUren Leioako Campusean lanean diharduten beste Ikerbasque ikertzaile talde zabal baten inguruan ere. Ekimen hau Ikerbasque Fundazioak 2021erako onartu duen estrategiaren baitan kokatzen da. Estrategia horrek, besteak beste, ikerketarako espazioak garatzea eta azpiegiturak sortzea jasotzen du. 

Ikerbasque 2006an sortu zen, bikaintasunezko ikertzaileak erakarriz eta talentua berreskuratuz ikerketa zientifikoa garatzea helburu hartuta. Gaur egun Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentroetan ari diren Ikerbasque ikertzaileen kopurua 250etik gorakoa da. Europako Batzordeak “HR Excellence in Research” saria aitortu dio Ikerbasqueri, ikertzaileak erakartzeko erakutsi duen bikaintasunagatik. Berau da Estatuan aitortza hau jaso duen lehen erakunde zientifikoa.

Ikerbasquek orotara, 125 milioi euroko diru-itzulera lortu du Euskadiko ikerketarako. Eginiko inbertsioaren berehalako itzulerari dagokionez, Ikerbasquek eta bere ikertzaileek 2 euroko itzulera lortzen dute, Eusko Jaurlaritzak Fundazioan inbertitzen duen euro bakoitzeko.