Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Tresna informatiko berria esnetarako behien produkzio prozesuak hobetzeko

Argitalpen-data: 

Euskadiko esnetarako behien abeltzainen elkarteek sustatutako plataforma informatiko berri hau Eusko Jaurlaritzako 2015-2020 Landa Garapenerako Programaren (OSOA) Lankidetza neurriaren bitartez garatu da.

HAZI.HAZI Fundazioa

Esnetarako behien euskal sektoreak kudeaketa sistema berri bat dauka bere esku, lankidetza bidezko plataforma integratu batean oinarrituta, zeinean sisteman eskumena duten eragile eta aktore guztiek parte hartu ahal izango duten, informazioa berehala eskuratu eta jaso, euren lana ahalik eta baldintzarik onenetan garatu eta emaitzak partekatu, modu operatibo, efiziente eta efikaz batean. Kudeaketarako tresna berriak abeltzaintzako ekoizpena etengabe hobetzera zuzenduta daude, gaur egungo behar eta betekizunetara egokituta daude, eta baliabide efikaz eta efizientea dira ustiategiak beraien jarduera produktiboan orientatzeko, gaur egungo errentagarritasun ekonomiko eta iraunkortasuneko parametroen arabera, eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenari eskatzen zaizkion betekizunekin bat eginda.

Plataforma informatiko berria Euskadiko esnetarako behien abeltzainen elkarteek (Efrife, Asgafal, Bife eta Gife) sustatutako egitasmoa da; elkarteek, Lurgintza Kudeaketa Zentroarekin eta HAZI Fundazioarekin lankidetzan, berrikuntza talde bat eratzea erabaki zuten, kudeaketa tresna berriak bereganatzeko, gaur egungo infokomunikazioko teknologiek eskaintzen dituzten aukerak gehitzeko. Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, Euskadiko 2015-2020 Landa Garapenerako Programaren lankidetza laguntzen bitartez, proiektua sektorearen beharren neurrira garatu da, alde batetik, ustiategiei buruzko informazio guztia biltzeko (Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroa), eta, beste aldetik, sistemaren kudeaketa parte hartzen duten pertsona guztien gaitasunak eta erantzukizunak definitzeko (gaitasun profilen definizioa).

Esnetarako Behien sektorearen ikuspegi tekniko-produktibotik, kontuan hartu eta euskarri ematen zaie liburu genealogikoari, esnearen kontrolaren programari, eta ekoizpen, ugalketa, genetika eta osasun aldeko faktoreei. Hori guztia sisteman integratutako informazio guztiari ahalik eta errendimendurik handiena ateratzeko. Kontroleko lanak, datuen atzipena eta teknikariek tokian bertan egindako ikuskapenak kudeatzen ditu, gaur egungo teknologien bitartez lan horiek modu efikaz eta efizientean egin ahal izateko, operatibarik handienarekin eta emaitzen kalitaterik handienarekin.

Ingurune bera funtzio anitzetarako

Tresna informatiko berri hauek aukera ematen dute eginkizun anitz ingurune integratu beraren pean egiteko, modu koherentean lotuta, eta erosotasun eta funtzionaltasun handiarekin, izan ere, Internet bidez edo gailu mugikor bat erabiliz edozein lekutatik sartu daiteke bertan.

Lankidetza bidezkoa eta erabilerraza

Sistema sortu izanak aukera emango du lankidetza bidezko plataforma bat ezartzeko, non sisteman eskumena duten eragile eta aktore guztiek parte hartu ahal izango duten, informazioa berehala eskuratu eta emaitzak lortu eta partekatu. Oro har, edozein terminaletatik web bidez konektatzeko aukerak erabiltzaile kopuru handiagoa sartzea ahalbidetzen du, izan erakunde parte hartzaileetakoak (abeltzainak, elkarteetako langileak, kudeaketa zentroak), izan kanpokoak (albaitariak, foru aldundiak, teknikari aholkulariak…). Tresna berria, gainera, arina eta dinamikoa da, eta itxura adeitsu eta intuitiboarekin aurkezten zaio amaierako erabiltzaileari, informazioaren bilaketa, irisgarritasuna eta kontsulta errazteko.

Erabiltzeko erosotasunaz gain, gailu eta bitarteko informatiko desberdinetatik sartzeko aukera duenez, oso eragin positiboa izan dezake sektoreko operadore guztiak sistemaren kudeaketaren eragile aktibo moduan sartzeko. Gainera, etorkizuneko bide teknologiko bat irekitzen du, eboluzionatzeko eta hazteko ahalmen argiarekin, bai argitaratzeko soluzioei dagokienez, bai aplikazioa garatzeari dagokionez, sektoreak tresnen inguruan egiten dituen eskarietara egokitzen eta doitzen joateko.

Proiektua ezagutu