Osasun Sailak kukutxeztularen aurkako txertoa Euskadiko haur guztiei jarraitzeari ekingo dio berriz ere, eta atzeraeraginezko izaerarekin

2017.eko martxoak 08

Apirilaren 1etik aurrera, oroigarrizko dosia jarriko zaie 6 eta 8 urte bitarteko haurrei, Europa osoan egon zen horniduraz gabetzearen ondorioz 2015eko irailetik txertoa jaso ez duten 30.000 haurrei barne. Aipatu egoeraren ondorioz, haurdunen txertaketa lehenestu zuen Sailak 

Osasuneko Sailburu Jon Darponek lehen dosia jaioberriaren lehen bi hilabeteen barruan jartzeak duen garrantziaz ohartu du eta, aldi berean, txertoak prebentzio-neurri gisa eta gizarte justizia eta ekitatea babesteko osagai gisa duen papera aldarrikatu du 

 

Datorren apirilaren 1etik aurrera kukutxeztularen aurkako txertoa jarriko zaie, berriz ere, Euskadiko haur guztiei, eta atzeraeraginezko izaerarekin Europa osoan egondako horniduraz gabetzearen ondorioz oroigarrizko dosia 6 urterekin jaso ez zuten haurrei. Honela iragarri du Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburu Jon Darponek gaur goizean Bilbon eman duen prentsaurrekoan. Sailburuarekin batera egon dira Osasun Publikoko Zuzendari Miren Dorronsoro eta Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko presidente berri Jose Mª Arteagoitia. Azkena, Itziar Astigarragaren ordez aukeratua izan da, aipatu aholku-batzordeak atzo bertan egin zuen bileran. 

Txertaketen Batzorde Aholkulari berriak kukutxeztularen aurkako txertaketari berrekiteko erabakia aztertu eta onartu du, bere egunean gaixotasun honen inguruko txertaketa-egutegiaren behin-behineko aldaketarekin egin zuen bezalaxe. Erabaki hori une hartan eskuragarri zeuden txertoak optimizatu eta haurdunaldiaren azken fasean zeuden haurdunei eman ahal izateko hartu zen, giza-talde hori lehentasunekoa baita medikuntzaren aldetik, gaixotasunak fetuarentzat dakarren arrisku altuagatik.            

Oroituko duzuenez, kukutxeztula berragertu egin da azken urteotan Euskadin, beste AE guztietan bezalaxe, bai eta txertaketa-politikak dituzten beste herrialde ezberdinetan ere (Europar Batasuna, AEB, Kanada edo Australia), bere eragina apurka-apurka handituz.  Ondokoak dira balizko arrazoiak: diagnostiko azkarra egiteko teknika askoz ere hobeagoak ditugu eta gaixotasuna hobeto hautemateko aukera ematen dute; txertoaren babes-efektuaren galera; eta zelularik gabeko txertoaren eraginkortasun txikiagoa, zelula osoko txertoarekin alderatuta. 

Nolanahi ere, eta Osasuneko Sailburuak azpimarratu duenez, txertaketan egon den atzerapenak ez du inolako arriskurik ekarri kaltetuak izan diren haurrei dagokienean, etendako txerto-dosia oroigarrizko dosia zelako eta denbora-tarte nahikoa baitzegoen txertoa geroago jarri ahal izateko. “Izan ere -gehitu du-, Europako beste herrialde batzuetan dosi hori 6 eta 8 urte bitarteko tarte horretan jartzen zaie haurrei eta horniduraz gabetzea pairatu dugun bitartean ez da gorakadarik egon kasuen intzidentzian, 6 urtetik gorako haurrak iraganetik txertatuta eta, ondorioz, babestuta baitaude”.           

 

JAIOBERRIEI LEHEN BI HILABETEEN BARRUAN TXERTOA JARTZEAK DUEN GARRANTZIA 

Sailburuak azaldu duenez, hori da gakoa: kukutxeztula, orokorrean, ez da gaixotasun larria; urte batetik beherako haurrentzako, ordea, oso arriskutsua da. Arrazoi horrengatik, haurdunei txertoa jartzeaz haratago, Osasuneko Sailburu Jon Darponek nabarmendu nahi izan du “gurasoek bere bizitzako lehen bi hilabeteen barruan jarri beharko lioketela lehen txerto hori jaioberriari, oso garrantzitsua baita babes egokia bermatzeko".  

Nolanahi ere, Sailburua pozik agertu da datorren apirilaren 1etik aurrera kukutxeztularen aurkako txertoa Euskadiko haur guztiei atzeraeraginezko izaerarekin jartzeko hartu den erabakiarekin, bere garaian agindutakoa bete baita.“Era honetan -gaineratu du-, Euskadiko txerto egutegia osotasunean leheneratuko dugu". Gure egutegia estaldura zabalena eta hoberena dutenen artean dago Estatu eta Europa mailan: % 90etik gorakoa, eta % 96tik gorakoa txerto garrantzitsuenetan.  

Aipatu egutegia 2015en handitu zen dagoeneko, kukutxeztularen aurkako txertoa haurdunei jartzeko gomendioaz gain programan ordurako sartuta zeuden haurrentzako txerto ezberdinen -giza papilomaren aurkakoa, esaterako- ereduetan, adinetan eta administrazio-dosietan aldaketa entzutetsuak sartuz; edo pneumokokoaren aurkako txertoa sartuz ere. Azkenik, heldu osasuntsuentzako txerto egutegi bat sartu zen lehen aldiz, bai eta arrisku taldeentzako gomendio zehatzak ere. 

Zentzu horretan, eta bere Sailaren aurrekontuak aurkezteko xedearekin Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordearen aurrean aurreko astean egin zuen agerpenean aurreratu zuen bezalaxe, prebentzioa sailaren lehentasun nagusienetako bat dela gogoratu du Jon Darponek. Zehazki, txerto egutegiari esleituriko diru-sailak gora egingo du aurten ere, 11 milioi eurora iritsi arte. Gorakada horren zioa, hain zuzen ere, txertaketa-programan sarturiko aldaketen kostua estaltzea da, besteak beste. “Egutegi, estaldura eta inbertsio horiei esker -azpimarratu du-, emaitza hobeagoak lortu ditugu Euskadin, osasun-eraginei dagokienean”, beren aurka txertoa jasotzen duten gaixotasunen intzidentzia oso baxua baita.  

 

30.000 HAURREK ATZERATUTAKO OROITZAPENEKO DOSIA JASOKO DUTE 

Epe honetan zehar oroitzapeneko dosia 6 urterekin jaso ez duten 30.000 haurrak, guztira, egunera jarriko dira Euskadiko txerto egutegiak adin horretarako aurreikusten duen errefortzu osagarriari dagokionean. 

 

Informazio nahi duen edonork Osakidetzaren ohiko bideen bitartez eskura dezake, apirilaren 1az geroztik.

 

Hiru agertoki egongo dira: 

Lehena; Behin-behineko etena erabaki zen 2015eko irailaren 14tik urte bereko abenduaren 31 bitartean oroitzapeneko dosia jaso ez zuten haurrak, Kasu honetan, gurasoek beren osasun zentrora deitu beharko dute apirilaren 1az geroztik, beren seme/alabek txertoa jaso dezaten. 

Bigarrena; dosia 2016en jaso behar zuten haurrak. Kasu honetan, txertaketa haurren eskoletan egingo da. 

Hirugarrena; oroitzapeneko dosia 2017n jaso behar luketen haurrek urte honetan zehar jasoko dute txertoa. 

 

TXERTOAK: PREBENTZIO ERREMINTA ETA EKITATE OSAGAIA 

Osasuneko Sailburu Jon Darponek txertoen garrantzia azpimarratu du beste behin: “Gaixotasunak prebenitzeko egun daukagun erremintarik seguruena eta eraginkorrena dira; baina, halaber, gizarte justizia eta osasun ekitatea bermatzeko osagai bat dira ere”, adierazi du. 

Eta horrexegatik, nabarmendu du amaitzeko, “orain arte egin bezala, eta Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariaren laguntzarekin, Osasun Sailak eta Urkullu Lehendakariaren Gobernuak, osotasunean, gure txerto egutegia mantendu eta bere etengabeko hobekuntza bermatzeko lan egingo dute; hau da, ahalik eta babesik handiena bilatuko dugu, osasun arloan, Euskadiko haurrentzako". 

 

Bilbon, 2017ko martxoaren 8a