Osakidetzaren Kolon eta Ondesteko Minbizia Bahetzeko Programak bere eraginkortasuna erakutsi du osasuneko emaitzak hobetuz

2017.eko maiatzak 22

Hala ondoriozta daiteke BIOCruces, BIODonostia eta Osteba - Osasun Sailaren laguntzarekin, Osakidetzan bahetzeko programaren arduradunek osatutako eta izen handiko aldizkari batean (World Journal of Gastroenterology) argitaratutako azterketa batetik

 

Osasunari dagokionean, Kolon eta Ondesteko Minbizia Bahetzeko Programaren jarraipenaren eta emaitzen datuen analisiaren arabera, programak osasun-arloko emaitzak hobetzeko balio izan duela frogatu da. Halaber berretsi da bahetzeen arteko aldietan ere (jada bi urtetik behin egiten da) lesioak agertzen direla (bitarteko minbiziak deitzen dira). Lesio horiek fase goiztiarretan agertzen dira eta, beraz, tratatzen errazagoak dira. Hortaz, lesio horien pronostikoa eta tratamendua arinagoak dira Osakidetzaren eta Osasun Sailaren programan parte hartzen duen pazientearentzat.

Horrek, jakina, osasunari dagokionean, hobekuntzak ekarri ditu.  Halaber, programa bera eta bere emaitzak eraginkorragoak izateko hobekuntza-proposamenak egiteko balio izan du, hala azaldu dute Osakidetzako koloneko minbizia bahetzeko arduraduna buru duten azterketaren arduradunek.

Azterketa, BIOCruces, BIODonostia eta Osteba - Osasun Sailaren laguntzarekin, Osakidetzan bahetzeko programaren arduradunek osatu dute eta izen handiko aldizkari batean (World Journal of Gastroenterology) argitaratu da.

Horrek, kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko moduari babes handia ematen dio. Halaber, ikertzaileen, Osakidetzako osasun-arloko profesionalen eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arteko talde lanak eta, jakina, bahetzean konfiantza duten eta testa beren etxean egiten duten herritarren inplikazioak duten garrantzia erakusten duela, azpimarratu du Osasun sailburu Jon Darponek

Herritarren baheketa-programen helburu da lesioak edo patologiak goiz hautematea, arrisku handiena duten herritarren biziraupena edo bizitzeko itxaropena handitzeko. Horren haritik, Osasun sailburuak Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programaren eta Osakidetzak gaur egun dituen programa guztien aldeko Osasun Sailaren apustua eta konpromisoa azpimarratu ditu, programak eskuratzeko berdintasun-baldintzak, eta arreta integratu eta kalitatezkoa ematea bermatuz.

Azken lau urteetan, Euskadiko Kolon eta Ondesteko Minbizia Bahetzeko Programak bultzada garrantzitsua jaso du. Denbora-tarte horretan, lehen eta bigarren gonbidapenen bidez, Programa zuzenduta dagoen 50 eta 69 urte arteko pertsonen % 100era heldu da. Hortaz, oso estaldura maila handia lortu da, Estatuko eta nazioarteko kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko herritarrentzako programa onenetakoa bihurtuz, estaldura, kalitate eta parte-hartzeari dagokienean.  Gainera, urte honen amaiera aldera pertsonen % 80ri hirugarren aldiz gonbidatzea lortuko da.

Era berean, parte-hartze tasa handia dauka, % 71,3koa, Estatuko altuena eta munduko bosgarrena.

Kolon eta ondesteko minbizia Euskadin emakumeen zein gizonen artean gehien ematen den bigarren minbizia mota da; emakumeen kasuan, bularreko minbiziaren ondoren, eta gizonen kasuan, prostatakoaren ondoren.

Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Hautemate Goiztiarreko Programak berak emandako datuen arabera, 2016. urtearen bukaera arte, bahetzeari esker, 23.092 lesio aurregaizto (adenoma aurreratuak) eta gaizto (minbizi inbaditzaileak) hauteman eta tratatu ahal izan dira. Horietatik % 70,1 gizonei eta % 29,9 emakumeei diagnostikatu zitzaizkien. Horietatik 3.135 2016. urtean.

Urte hauetan diagnostikatutako minbizi inbaditzaile guztietatik, % 66 hasierako fasetan (I-II) aurkitu ziren. Hori biziraute handiagoarekin erlazionatzen da, 5 urteren buruan % 95etik gora. 2009an bahetzea egiten hasi aurretik zegoen egoera baino askoz hobea. Ordura arte kasuen % 40 besterik ez ziren aurkitu hasierako fasean.

Lesio aurregaiztoen % 100 endoskopikoki erauzteaz gain, minbizi inbaditzaileen % 29 kolonoskopiaren une bereran erauzi ziren.

Artikulua kontsultatu nahi izanez gero:

Portillo I, Arana-Arri E, Idigoras I, Bilbao I, Martínez-Indart L, Bujanda L, Gutierrez-Ibarluzea I. Colorectal and interval cancers of the Colorectal Cancer Screening Program in the Basque Country (Spain). World J Gastroenterol 2017; 23(15): 2731-2742 Available from: URL: http://www.wjgnet.com/1007-9327/full/v23/i15/2731.htm  DOI: http://dx.doi.org/10.3748/wjg.v23.i15.2731