Gobernu Kontseiluak, Segurtasun Sailak eskatuta, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena, trafikoari eta errepideei buruzkoa eta bide-segurtasuna hobetzeko bide-informazioa trukatzeari buruzkoa.
Hitzarmenaren helburua da esku hartzen duten administrazioen arteko elkarlanerako esparrua ezartzea, nork bere eskumenak balia ditzan errazteko eta jardunen eraginkortasuna hobetzeko. Elkarlanerako bide horiek ondoren azalduko diren jardun-ildoetan zehaztu dira, eta jardun-ildo horiek honako akordio hauetan garatu dira:
-Nork bere eskumenak baliatzeko garrantzizkoa den informazioa elkarrekin trukatzea. Arreta berezia jarriko zaio informazio hau trukatzeari:
- Trafiko-datuak.
- Errepidean instalatutako bideo-kameretatik lortutako seinaleak.
- Mezu aldakorreko panelek eskaintzen duten informazioa eta panel horiek eskaini beharreko informazioaren proposamena.
- Istripuak.
- Eraikuntzako, konponketako eta kontserbazioko planak eta proiektuak, eta inbentario digitala.
- Obrak egitea.
-Errepideetan ekipamendua instalatzeko baimenen tramiteak arintzea.
-Elkarlana eta laguntza; bi administrazioek, haien eskumenak eraginkortasunez baliatzeko bil ditzaketen materialetan eta prozeduretan.
Informazioa trukatzeko konpromisoak beteko badira, behar-beharrezkoa da Arabako Errepideak Kudeatzeko Zentroaren eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren arteko konexioa. Konexio hori egiteko gaur egun dauden lurpeko azpiegiturak erabiliko dira, eta alde bakoitzak zuntz optikoko hariteriaren eta instalazioaren kostuaren % 50 hartuko du bere gain, baita zuntz optikoa mantentzeko lanen kostuaren % 50 eta kanalizazioa erabiltzearen ondorioz ordaindu beharreko alokairuaren % 50 ere.