Nelida Zaitegi, Euskadiko Eskola Kontseiluko presidente berria
2017.eko martxoak 06
Euskadiko Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Nelida Zaitegi de Miguel Euskadiko Eskola Kontseiluko presidente izendatzen duen agindua. Horrela bada, Maite Alonso Aranaren lekukoa hartuko du Zaitegik hezkuntza gaietarako kontsulta eta aholkularitza organo horren buruzagitzan.
Nelida Zaitegi, egun erretiroa hartuta dagoen maistra, pedagogo eta hezkuntza-ikuskaria da. Hezkuntza arloan izan duen ibilbide luzean -1967an ekin zion irakasle lanari Euskadiko ikastetxe publikoetan- nabarmentzekoak dira hezkuntza-zuzendaritza zein hezkuntza-lidergoaren arloan eginiko aholkularitza lanak, eta Elkarbizitza eta Bake Positiboaren inguruko prestakuntzari eskainitako eginahala. Nelida Zaitegi Eskola-Bizikidetzaren Estatuko Behatokiko kide da 2011tik, prestigio handiko pertsona gisa; Eskola-bizikidetzarako Convives elkarteko Ohorezko Presidenteorde ere bada (elkarte horren agerkari digitala zuzendu du 2012tik 2015era), Euskal Herriko FEAE – Hezkuntza Administratzaileen Foro Euoparreko kide izateaz gain.
Euskadiko Eskola Kontseiluko presidente berria, gainera, hezkuntza arloko hamaika liburu eta argitalpenen egile ere bada. Sakon jorratu izan ditu lan horietan elkarbizitza, ebaluazioa eta autoebaluazioa, hezkidetza edo testu-liburuetako balore sexistak, beste hainbat gairen artean. Ikerlan ugaritan ere parte hartu izan du. Horietan nabarmentzekoa da Europako Batzordeak finantzatutako “Emakume eta gizonen arteko berdintasuna. Genero-estereotipoak gainditzera bidean. Erronka berrietarako gida-leroak” ikerketa-lana. Era berean, hainbat uda-ikastarotan zuzendari izan da, eta hamaika hitzaldi eta kongresutan hizlari. Azken hauetan eskola-bizikidetza, hezkuntza-lidergoa edo irakasle zein zuzendaritza taldeen formazioa izan ditu sarri bere hitzaldietako gai nagusi.
Euskadiko Eskola Kontseilua, unibertsitatez besteko irakaskuntzako programazio orokorrarekin zerikusia duten gizarte eragileek parte hartzeko organo gorena da, baita Eusko Jaurlaritzak proposaturiko araudiari buruzko kontsulta eta aholkularitza organoa ere, hezkuntza gaietarako. Euskadiko Eskola Kontseiluaren funtzioren artean, hauek dira aipagarrienak: EAEn irakaskuntza garatzen duten arauei buruzko irizpenak egitea, irakaskuntzaren egoeraren inguruko txosten orokorra burutzea, eta bere ekimenez egoki deritzon beste edozein txosten osatzea.