Jaurlaritzak 1,7 milioi euroko laguntza eskainiko die lana eta familiaren bateragarritasuna errazten duten enpresei (Gobernu Bilera 2017-05-23)

logoconsejo.jpg

2017.eko maiatzak 23

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek proposatuta, lana eta familia bateragarri egiteko laguntzen deialdia onartu du Eusko Jaurlaritzak, derrigorrezko Akordioa lortu eta gero Lanbideko Administrazio Kontseiluan.

1,7 milioi euroko zuzkidura izango duen laguntza-ildo honek beren seme/alabak edo mendekotasun-egoeran zein osasun-egoera oso larrian dauden senideak zaintzeko xedearekin eszedentzia edo lanaldia murriztua eskatu duten langileen ordezkapenari lagunduko dio. Ondokoak izango dira hartzaileak: norberaren kontura lan egiten duten pertsona fisikoak eta laneko egoitza EAEn duten pertsona juridiko pribatuak, elkarte publikoak kenduta.

Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak, alde batetik, familiei zuzenduriko hiru esku-hartze ildo aurreikusten ditu: lehena, seme/alabak zaindu ahal izateko eszedentzia edo lanaldi murriztua eskatu duten langileei laguntzeko; bigarrena mendekotasun egoeran edo osasun-egoera larrian dauden senideen zaintzari lotuta dago; eta hirugarrenaren xedea da seme/alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatu ahal izatea.

Bestetik, kontratazioa egin duten enpresei laguntzea xede duen laugarren laguntza-ildo bat aurreikusten du Dekretuak eta ildo hori Lanbidek kudeatzen du zuzenean (aurreko hiruak, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak kudeatzen ditu). Gobernu Kontseiluak gaur onartu dituen laguntzak azken laguntza-ildo horri dagozkio.

Aipatu lau laguntza-ildoak, osotasunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Familiak Babesteko Erakunde Arteko III. Planaren baitan kokatzen dira, plan horren xede nagusia familiak beren bizi-ziklo osoan zehar sustatzeko eta babesteko politikak indartzea delarik.