Eusko Jaurlaritzak "Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa" prestatuko du, Euskadi Gobernantza Publikoaren arloan ere eskualde berritzaile gisa finkatzeko
2017.eko urtarrilak 16
- Plan estrategiko horrek lau lege-proiektu berri hartuko ditu barnean, Euskal Sektore Publikoaren erreforma integral bati heltzeko, eredu horizontal eta kolaboratibo baten arabera, publikoa denarekin gero eta zorrotzagoa den euskal gizartearen eskariei erantzungo diona, eta haren konfiantza berreskuratuko duena kudeatzaile publikoekin.
- Josu Erkorekak legebiltzar-taldeak presatu ditu “irmoak izatera” eta “erreakzionatzera euskal autogobernuaren kontrako botere zentralaren eta Konstituzio Auzitegiaren jarduketa konbinatuaren aurrean”.
- Autogobernu Sailburu ere badenak dio “ezin dugula horrela jarraitu” eta jarduketa koordinatutako hiru ardatz proposatzen ditu: Euskadirentzat Estatus Politiko Berriadiseinatzea Autogobernu Ponentzian, transferitutako eskumenak defendatzea eta Gernikako Estatutua osorik betetzeko eskatzea.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean bere sailak datozen lau urteetan izango dituen jarduketa-ildo orokorren berri emateko. Araubide Juridikoko Sabino Torre, Erakunde Harremanetarako Peru Bazako, Funtzio Publikoko Andrés Zearreta, eta Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Nerea López-Uribarri sailburuordeekin batera, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak banan-banan aletu ditu hamaikagarren legealdi honetan aurrean izango dituzten erronkak.
Josu Erkorekak iragarri du Eusko Jaurlaritzak 2017. urte honetan “Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa” prestatu eta Euskal Ganberara igorriko duela, Euskal Administrazio Publikoa modernizatzeko, kudeaketa publikoko, gardentasuneko, kontuak emateko eta herritarren partaidetzako eraginkortasun- eta koherentzia-irizpide berri eta zorrotzen arabera.
Ildo horretan, Josu Erkorekak esan du beharrezkoa dela “paradigma-aldaketa” bat, “Gobernantza Publikoko eredu berri horizontal eta kolaboratibo bat aplikatzea, publikoa denarekin gero eta zorrotzagoa den gizarte baten eskariei erantzungo diena, eta haren konfiantza berreskuratuko duena kudeatzaile publikoekin”.
“Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa”, Josu Erkoreka sailburuak dioenez, “asmo handikodokumentua” izango da, “sailarentzat datozen urteetarako lanaren bizkarrezur” bihurtuko dena, “Euskadi eskualde europar berritzaile gisa finkatzera bideratua,baitaGobernantza Publikoaren arloan ere”.
GOBERNANTZA ETA BERRIKUNTZA PUBLIKOKO PLAN ESTRATEGIKOA
Plan berriak sail honek datozen lau urteetarako Gobernantza Publikoarenarloan dituen jarduketa-ardatz guztiak jasoko ditu. Gobernantza Publikoa barneko eta kanpoko jarduketa-alderdi bikoitza duen lan-arlo bat da. Barnekoa, Euskal Sektore Publikoko baliabide materialen eta giza baliabideen autoantolakuntzari buruzkoa, eta kanpokoa, herritarrekiko harremanei eta arretari dagokiena, eta “Gobernu Irekiaren” eredu berrien ildotik haiek dituzten eskubideeta eskakizun berriei erantzuten diena.
- Berroneratze demokratikoa: Lehentasunezko helburua da Eusko Jaurlaritzarentzat.Horretarako, 2013ko maiatzaren28an abian jarritako “Etika eta Jokaera Oneko Kodean” jasotako balioak, printzipioak eta jokabideak egokitu eta hobetuko dira, eta langile publikoen betebehar berriak betetzen direla bermatuko da, hots, “ekainaren 26ko 1/2014 Legean, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak Arautzen dituenean” jaso eta gero “azaroaren 15eko 156/2016 Dekretuan, kargu publikodunen betebeharrei eta eskubideei buruzkoan” zehaztutako betebeharrak.
- Langile publikoak: Eusko Jaurlaritzak “Euskal Enplegu Publikoaren LegeProiektua” prestatu eta igorriko du Euskal Ganberara, eztabaidatu eta onar dezan, Euskal Sektore Publikoan lan egiten duten giza baliabideak antolatzen dituzten arauak eta baldintzak modernizatzeko eta behin betiko eraldatzeko.
Eusko Jaurlaritzak aurreko legealdian Euskadiko Administrazio Orokorrarentzat eta haren Erakunde Autonomoentzat prestatutako lehen berdintasun- eta enplegu-planek ondorioztatzen dutenez, Euskal Administrazio Publikoko plantillak zahartuta daude, bitartekotasun-tasa handia da eta genero-desberdintasuna dago lanpostuen banaketan. “2030ean Euskadiko Administrazio Orokorreko plantillaren % 68 erretiratuko da. Ez dugu denbora galtzerik”, eta horregatik, Josu Erkorekak erantzukizuna, elkarrizketa, negoziazioaetaakordioaeskatu ditu, Euskadin enplegu publikoa arautuko duen lege berri bat onartzeko.
Era berean, Josu Erkorekak konpromisoa hartu du berdintasuneraginkorraren eta langile publikoen lan-bizitza eta pertsonala bateragarri egitearen alde lan egiten jarraitzeko. Honela esan du:“Euskadiko Administrazio Orokorrak eskaintzen dituen bateratze-neurrien % 87,14 emakumeek eskatzen dituzte ahaideak zaintzeko”.Horregatik, Eusko Jaurlaritzak, beste bateratze-neurri batzuen artean, “Telelana Programa” inplementatuko du.
Halaber, Josu Erkorekak konpromisoa hartu du “EIZU” eta “Aurrerabide” proiektuak inplementatzeko, kudeaketa publikoko eredu aurreratu bat, azken hori, Eusko Jaurlaritzak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eskutik, aurreko legealdian abian jarri zuena eta laster guztiz ezarriko dena.
- Sektore Publikoaren Antolakuntza: Eusko Jaurlaritzak beste bi lege-proiektu ere prestatu eta igorriko ditu legealdi honetan Euskal Ganberara, eztabaidatu eta onar ditzan. Euskal Administrazio Publikoaren funtzionamendua zuzendu, egiturak arautu eta jarduketa-prozedurak antolatzen dituzten arauen modernizazioarekin zerikusia dute lege-proiektu horiek:
- “Euskal Sektore Publikoaren Antolakuntzari eta Funtzionamenduari buruzko Lege Proiektua”.Printzipio orokor komunak euskal sektore publiko osoari aplikatzea bermatuko duen arau berri bat, eta formulak gehituko dituena langileak, aurrekontuak eta enpresa eta fundazio publikoen finantzaketa kontrolatzeko, bikoiztasunak eta erredundantziak ekiditeaz gain.
- “Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren Legearen erreformarako Lege Proiektua”.Bere helburua da ahalik eta gehien sinplifikatzea publikoa denaren kudeaketa-prozesuak, eta administrazioaren prozedura guztiak desburokratizatzea eta haiei dinamismoa ematea.
- Informatika eta telekomunikazioak:Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzaren informatikako, telekomunikazioetako eta ziurtapeneko zerbitzuak, EJIE, ITELAZPI eta IZENPE, sailaren zati izatera igaro direla Euskal Administrazio Publikoaren digitalizazioa gehitzeko Euskal Administrazio Publikoa modernizatzeko lanera.
Legealdi honetan ezarriko dira duela 6 hilabete onartutako “IKTen arloan bateratzeko Plan Orokorrean” jasotako neurriak, eta datu digital pertsonalen babesa bermatuko duten prozedurak eta azpiegiturak.
- Herritarren arreta:Euskal Administrazio Publikoaren modernizazioaren beste gako bat da herritarren arreta-eredu batera iristea, integrala eta gogo-betekoa izango dena zerbitzu publikoak eskatzen dituzten pertsonentzat. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak Herritarren Arretarako Zerbitzua, ZUZENEAN, inplementatzeko apustua egin du, urtero 875.000 kontsulta eta eskaerari erantzuten diena. Hiru bulego ditu hiru euskal hiriburuetan, eta gainera, arreta telefonikoa, web-orria eta bat-bateko mezularitzaren bidezko arreta, Telegram.
Gainera, ZUZENEAN zerbitzuak "informazio publikoa eskuratzeko eskubide” berria jasotzeko eta erantzuteko kanala artatzen jarraituko du legealdi honetan, gardentasun-arau berriak indarrean jarri ondoren sortutakoa.
- Gardentasuna, Herritarren Partaidetza eta Gobernamendu Ona:Euskal Ganberaren aurrean aurkeztutako ereduaren aldaketaren azken helburua da kanpo-eragileei, politika publikoen diseinuari eta gauzatzeari eredu bat gehitzea, erabakiak hartzean lankidetza eraginkorra eta herritarren partaidetza handiagoa bermatuko duena.
Herritarrek eskubide berriak dituzte, eta horiek arautzeko, Eusko Jaurlaritzak “Gardentasun, Partaidetza eta Gobernamendu Onaren Lege Proiektu” bat prestatu eta igorriko du Legebiltzarrera, “Gobernu Irekiaren” arloan azken lau urteotan egon den lidergo-posizioa finkatuko duena.
Arau berri honek barnean hartuko du “Gardentasunaren Euskal Agentzia” berria sortzea.
AUTOGOBERNUA
Bigarrenik, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak bere sailak legealdi honetan bigarren lan-ardatzaren inguruan egingo duen lana aletu du: euskal autogobernua.
Josu Erkorekak Gobernu espainiarra azken urteotan izaten ari den jarrera birzentralizatzailearen “ezohiko indarra” salatu du; izan ere, “krisi ekonomikoaren aitzakiarekin eta Europar Batasunaren aurrean gastuari eusteko hartutako konpromisoen zurigarriarekin, estrategia erasokor birzentralizatzaile bat izan du, Euskadi bere erakunde- eta eskumen-arloko aktibo nagusiez deskapitalizatzeko”.
Ildo horretan, Josu Erkorekak deitoratu egin du kinka larri batera iritsi izana, non “larriki debaluatu den euskal autogobernuaren espazio publikoa, botere publikoen ekintza gaitzen laguntzeko pentsatu eta diseinatutako tresna estrategikoen zerrenda oso garrantzitsu bat gabe geratu dena”.Gobernu espainiarrak, “gure autogobernua estalperik gabe utzi du, haren errespetua eta betetze-maila defendatzeko, babesteko eta bermatzeko erakunde-mekanismorik gabe”.
“Hori gutxi balitz”, Josu Erkorekak esan du Konstituzio Auzitegiak “behin betiko egin diola uko Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-gatazketan arbitraje-papera betetzeari”, eta “erakunde zentralen eskumenen urraketa” guzti-guztiak “legitimatu” dituela.
Egoera horren aurrean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Eusko Legebiltzarrean esan duenez, “Ezin dugu horrela jarraitu”.Irmoak izan eta erreakzionatu egin behar dugu euskal autogobernuaren kontrako botere zentralaren eta Konstituzio Auzitegiaren jarduketa konbinatuaren aurrean”.
Horretarako, aldibereko eta koordinatutako hiru lan-ardatz proposatzen ditu:
- Autogobernu Ponentzia: Eusko Jaurlaritzak Euskal Ganberako legebiltzarkideen esku jartzen ditu bere baliabide materialak eta giza baliabideak, Autogobernu Ponentziaren esparruan Euskadirentzat Estatus Politiko Berri baten proposamenaren diseinuan lan egin dezaten, “ahalik eta adostasun handiena izango duena” Euskadirentzat esparru juridiko berri bat bilatzeko.
- Gernikako Estatutua osorik betetzea:Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Gobernu espainiarrari eskatuko dio, bide egoki guztietatik, Gernikako Estatutua osorik betetzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak oraindik egin gabeko transferentzia-katalogoa eguneratzeko proposamen bat prestatu eta Euskal Ganberara igorriko du, abiapuntutzat Legebiltzarrak 1993 eta 1995 artean baliozkotu zuen zerrenda (Zubia txostena) hartuta.
- Eskumenen defentsa:Gainera, Eusko Jaurlaritzak detekzio- eta erreakzio-mekanismo guztiak hobetuko ditu Euskadiri aitortutako eskumen guztiak babesteko, helburu hauekin:
- Eskumenen urraketa bat detektatzen den bakoitzean, errekerimendu bat egingo zaio –idatziz– Gobernu espainiarrari, judizializazioaren aurretik.
- Eskumenen urraketa bakoitza Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio juridikoki erreakzionatzeko moduari buruz erabaki egokia hartzeko.
- Kasu guztietan aldebiko negoziazioa egiten saiatuko da helegitea Konstituzio Auzitegiarenaurrean jarri aurretik, doktrina sortu eta euskal eskumenak zanpatuko dituzten epaiak ekiditeko.
LEGEALDIKO BESTE ERRONKA BATZUK
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak aurreratu du bere sailak, gainera, aurreko legealdian onartutako zenbait lege garatzeko erronka duela.Horregatik, iragarri du lege hauek garatu eta osatuko dituzten erregelamenduak prestatuko dituela:
- 2/2016 Legea, apirilaren 17koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.
- 9/2016 Legea, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa.
- 7/2016 Legea, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzekoa.
Azkenik, bere egin du “Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea” abian jartzeko erronka. Aurreko legealdian Legebiltzarraren ekimenez onartutako lege berriak sortu zuen, eta Euskal Zuzenbide Zibilaren arloko autonomia-araudi guztia eguneratzea ekarri zuen berekin.